sabeletikmundura

Amatasunaren abenturari ekiteko bidean sorturiko bloga. Erabakia hartu genuenetik auskalo noiz artekoa.

Erditzerako prestakuntza ikastaroa (31+1) 2012/05/21

Filed under: Haurdunaldia,Hirugarren hiruhilekoa,Medikuntzakoak — sabeletikmundura @ 2:43 pm

Emaginak haurdunaldi hasieran ikastaroa apirila erdialdean egin behar nuela esan zidan arren, gaur izan dugu ikastaroa hasteko aukera, nahi baina beranduago eta osorik egiterik izango ote dudan zalantzarekin. Guri Osakidetzan eskaini diguten ikastaroa 8 astez luzatzen da, astean bi orduko saio bakarrarekin, beraz, bukatzen dugunerako 38 astean egongo gara, eta ezin jakin haurra besoetan harturik joan beharko dugun edo zer, hala ere, ez gara taldean haurdunaldia aurreratuena dutenak, bada 33 asteko beste bat eta gu bezala dagoen beste bat, beraz ziurrenik ez gara zalantza horrekin gauden bakarrak.

Ikastaroa, esan bezala, gaur hasi dugu. 8-9 haurdun eta bi gizonezko bakarrik emaginarekin batera. Gaur, ikastaroaren nondik norakoak kontatu dizkigu, 4 atal nagusi izango dituela azaldu digu: informazioa, gorputza lantzea, beldurrak lantzea eta gogoratzen ez dudan laugarren bat. Asko hitz egingo dugula esan digu eta uneoro gure beharrak asetzea izango dela helburua, beraz, taldearekiko malgua izango dela. Oso perfil desberdinak gaude eta horrek zalantzan utzi nau.

Gure buruak aurkeztu eta ikastaroaz zer nahi dugun azaldu dugu denek hasieran, eta nago, gure profila ez dagoela taldearenarekin konkordantzian. Askok aipatu dute erditzeari beldurra diotela… eta erditzea zerbait negatiboa bezala aurkeztu dutela iruditu zait. Erditzeari beldurra galtzera zijoazela esaten zuten. Eta nik aldiz, erditze naturala nahi dudala eta baliagarri izan daiteken informazio zuzenaren bila nindoala. Ez dakit jasotzerik izango dudan, emaginaren aldetik baietz esango nuke, edoskitzea eta haurdunaldiaren naturaltasunean sinesten duelako, baina ez dakit taldeak ez ote duen gehiegi baldintzatuko. Ikusiko dugu.

Gaur, gauza asko hitz egin ondoren, haurdunaldian eragiten duen “anatomia” azaldu digu, hurrengo saioetan gauza bakoitza berriro ez azaldu behar izateko.

Gaurkoa elikagarria izan da, batez ere, beste gizonezkoak animatu eta etortzearen garrantzia azpimarratu duelako. Guretzat, normalena zen aukera izanik bikotea ere etortzea, eta bagenuen nolabaiteko zalantza ea beste gizonezkorik etorriko ote zen, eta polita izan da beste gizonezkoa sartu denean hartu dugun lasaitua.

Nire buruari galdetzen diot… horrenbesteko beldurra badiote neska horiek guztiek erditzeko uneari… lagunduko dienak bertan egoteko ahalegina egitea ez litzateke beharrezkoa? Askotan ezin izango da, baina pentsa… haurragatik baino, zure bikotekideagatik eta zuregatik egiten duzula.

 

Azukrearen proba luzea (O´Sulliban testa) (30+4) 2012/05/17

Filed under: Haurdunaldia,Hirugarren hiruhilekoa,Medikuntzakoak — sabeletikmundura @ 1:50 pm

Lehenago egin behar banuen ere, proba egin behar nuen egunen bezperetan beti izan dut zerbait (botaka gaua, beherakoa, lorik eza…) proba atzeratu behar izan dut gaur arte. Gaur ere gau txar samarra izan arren, gehiago ezin zitekenez atzeratu proba egitera joan gara.

Hau da prozesua: lehenengo behatzean ziztada duzun glukosa ikusteko (kasu honetan 92) eta ondoren lehen analisia egiten dizute, besotik tututxo bat odol aterata. Jarraian, berehala glukosa 100mg-ko kontzentrazioa (uste dut) duen “zuku” bat edan behar duzu azkar samar eta atsedenean egon (ez ibili, ez atera anbulategitik… oinarrian, anbulategiko aulki erosoan eserita egotea besterik ez duzu). Zukua edan eta 60min, 120min eta 180minutura ateratzen dizute odola berriro, aldiro tututxo bat.

Berez, proba ez da deseorosoa, ziztadak jasan beharra eta 3 orduz eserita egon beharra ditu aurka, baina ez da hori bakarrik. Kasu askotan “zukuak” gorputzean sortzen duen erreakzioa ez da batere ona izaten, eta orduan, oso gaizki pasatzera iris daiteke. Nire kasuan, zukua edan eta 25 bat minutura hasi naiz gaizki sentitzen, goragale izugarria eta zorabioak, ezinegona… Eta horrela pasa dut ia goiz osoa. 60 minutura egiten den analisia egiteko erizainaren kontsultan sartu naizenean eta etzan bezain laster erizainak antzeman dit gaizki nengoela, zuri-zuri omen nengoen eta ez, ez nuen hizketarako batere gogorik. Analisia egin eta gela hori libre zegoenez etzanda geratzen utzi dit hurrengo analisia egin arte eta horrek mesede egin dit. Hala ere, ordubete hori ere ez da erraza izan, goragalez jarraitzen nuen eta zorabiatua nengoen.

120 minutuetara egiten den analisiaren ondoren, tartetxo bat etzanda eman dut eta gela hori behar zutenez berriro itxaron gelako aulkietan eseritzera joan behar izan dut. Hasierako tartea nahiko txarra izan da baina gorputzak zukua prozesatu ahala hobeto sentitzen hasi naiz eta azken analisia iritsi da azkenean. Mina eman dit azken ziztada honek, 4 aldiz beso berean ziztatzea ez da batere erosoa eta… baina ondo joan da.

Eta batez ere, analisi hori egin eta etxera etorri eta bazkaltzeko aukera izan dudala izan da onena, lehenago aipatu ez badut ere, izugarrizko gosearekin altxa bainaiz gaur. Proba hau egiteko, lehen analisia baino 12 ordu lehenago ezer jan gabe egoteko eskatzen dute… eta proba amaitzerako 16 bat orduz ezer jan gabe egoten zarela kontuan hartu behar da… eta haurdunaldian hori ez da erraza.

Orain emaitzen zain geratzea eta ondo ematea besterik ez dugu.

 

3D, 4D ekografia (30+3) 2012/05/16

Filed under: Haurdunaldia,Hirugarren hiruhilekoa — sabeletikmundura @ 1:16 pm

Teknologiak aurrera egin ahala haurdunaldia ere kontrolatuagoa izaten ari da, eta horretarako aukera desberdinak sortzen zaizkigu. Orain, oso zabaldurik dago 3D edo 4D (3D mugimenduan erakusten duen teknika) ekografia egitea haurdunaldiaren azken txanpa aldera haurtxoa hobeto ikusi eta jaio aurretik nolakoa den ikusi ahal izateko.

27-32 asteeen artean egitea gomendatzen dute lekurik gehienetan, aurretik aurpegia horren ondo formaturik ez dagoelako eta ondoren haurtxoak toki eta likido amniotiko gutxi izaten duelako eta zailagoa delako ongi ikustea. Hasiera batean, ez egitea pentsatzen genuen, ez baita proba mediko bat, haurraren formazioa eta arazo posiblerik ba ote dagoen ikusteko egiten dena, kapritxoz egiten den proba da, eta hortaz ordaindu beharrekoa.

Baina haurdunaldi nahiko gora-beheratsua izan dugunez egitea erabaki genuen. Aukera desberdinak begiratu ondoren, Gipuzkoa aldeko hainbat kliniketara deitu, prezioak galdetu, noiz egiten den eta zer ematen duten kontsultatu ostean eta foroetan hara eta hona ibili ondoren, Donostiako Quiron klinikan egitea erabaki genuen. Ez da lekurik merkeena, guri 150 euro kosta zaigu, baina erreferentzia oso onak ditu eta lehen aldian haurra ondo ikusten ez bada beste egun batean itzultzeko aukera ematen dute.

Eta halaxe behar izan genuen guk. Aurreko astean joan ginen (29+3 egunean), eta 45 minutuz saiatzen egon zen sendagilea ea gure semeak aurpegia erakusten zuen, baina zaila zegoen. Zilborrestearekin jolasean ari zen hasieran, aurpegi inguruan zuen eta uneoro bere bila zebilen eta xurgatzen hasten zen, hortaz, aurpegitxoa estali egiten zion zilborresteak. Mugimendu eta jarrera desberdinak frogatu arren, zilborrestea apur bat kentzea lortu genuen unean oinak eta eskutxoak jarri zituen aurpegi aurrean… beraz… ezin. 45 minutuen ostean, eskailerak igo eta jaistera bidali ninduten eta mugimendu desberdinak egitera ea haurrak aurpegia erakutsi nahi zigun… 10 minutuz ibili nintzen gora eta behera eta kontsultara itzuli ginen. Oraindik hankatxo eta eskutxoak aurpegian zituen, eta beste 30 bat minutuz saiatu arren ez genuen aurpegia osorik ikusterik lortu, beraz, egun batzuk beranduago itzultzeko ordua eman ziguten.

Astelehenean joan ginen berriro (30+1) eta ez zuen aurpegitxoa erakusteko gogo gehiegirik. Oinak eta eskutxoak dantzan zebilen, aurpegi inguruan uneoro… baina tira 20 bat minutu generamatzanean, lo hartu zuen eta orduan ikusteko aukera izan genuen, esku eta oinak aurpegi inguruan zituen baina zatika eta une batzuetan osorik ikusterik izan genuen. Une batean buelta erdia eman eta nire bizkarrera begira jarri zen, antza denez, lo egiten zegoela ez zion grazia gehiegirik egiten gu bera ikusten egoteak… Bigarren egun honetan ere 75 bat minutuz egon ginen haurra ikusten. Mugimendu desberdinak, aurpegiko keinuak, sukzio erreflexua oso ondo duela ikusi, ezpainak eta ahoa ondo itxirik dituela, zer nolako malgutasuna duen… oinak buru atzean zein erraz jartzen dituen.. ikusi genuen. Eta neurriak hartu eta hortaz gutxi gora beherako pisua ere eman ziguten. Lehen egunean 1400gr, bigarrenean 1600 pasatxo. Azkar hazten ari da.

Gomendatuko genukeen… zalantzak ditut. Gomendatuko nuke guk egindako lekuan egitea, kontsulta bateko prezioan egin baikenituen bi egunak, eta oso tratu ona jaso genuen. Azalpen pila eman zizkiguten eta asko ikasi genuen haurdunaldiaz eta haurraren formazioaz…

Eta haurra horrela ikustea oso polita den arren, ez dakit “magia” apur bat galtzen ez ote den jaio aurretik horrelako definizioan ikustean.

Bestalde, argazkiak eta bideoak eman zizkiguten eta ziur polita izango dela urte batzuk barru berari erakustea eta guk ikustea ere bai. Hortaz, norberak erabaki dezala.

 

Hirugarren mugarria, azken txanpa (28+5) 2012/05/04

Filed under: Hirugarren hiruhilekoa — sabeletikmundura @ 9:05 pm

Eta iritsi gara azken txanpara, azken hiruhilekora. Haurdunaldiaren 2/3ak igaro ditugu eta azken txanpa bakarrik geratzen zaigu (badira pare bat aste, haurdunaldia 40 astekoa bada, herena 13 aste dira, bi heren 26 aste).

Azken egunak hobetoxeago doaz eta pozik gabiltza. Badira egun batzuk odol galerarik ez dugula, zorabioak ere asko gutxitu dira eta indartsuago sentitzen naiz.

Beraz, azken txanpa indartsu hasi dugu eta hala amaitzea espero dugu.

 

Irakurtzen. Laura Gutman eta Carlos Gonzalez. (27+3) 2012/04/25

Filed under: Haurdunaldia — sabeletikmundura @ 5:25 pm

Aurretik idatzi izan dut hemen haurdunaldiaren inguruan irakurtzen ari nintzen liburuez. Honakoak izan dira haurdun geratzea erabaki genuenetik esku artean ditugun liburuak:

Larousse del embarazo: gida bezala darabilgu, haurdunaldia eta ondorengo informazio asko dauka modu oso errazean.

Bi marra arrosa: Irakurtzeko erraza eta haurdunaldi baten kontakizuna.

La vida secreta del niño antes de nacer: haurdunaldian haurra nola garatzen den eta zertarako gai den… oso era atseginean kontatzen du, datu enpirikoak eta ikertzaile askorenak azalduz.

Eta orain amaitu berri, Laura Gutman-en “La maternidad y el encuentro con la propia sombra“. Gomendagarria oso. Amatasunak dakartzan sentimendu uholdeak, arazoak… azaltzen ditu. Hezteko senari entzuteko gomendatzen du behin eta berriro eta emakume izateak eta ama bihurtzeak sortzen dituen kezka eta “itzalak” lantzen ditu. Niri oso baliagarri egin zait pentsatzen nuenean ziurtasun gehiago izateko, heziketa naturalean gehiago sinisteko eta barrurako bidaiak garrantzitsuak direla baieztatzeko. Gainera, kapituluak oso ondo antolatuak daudela iruditzen zait, zalantza uneetan laster batean bila zabiltzana topatu ahal izateko.

Orain aldiz, esku artean dudan liburua, hiru liburu biltzen dituen “Comer, Amar, Mamar. Guía de crianza natural da, Carlos Gonzalezena. Bertan, bere hiru obra biltzen dira “Bésame mucho”, “Un regalo para toda la vida” eta “Mi niño no me come“.

“Un regalo para toda la vida” liburua biltzen duen atalarekin hasi naiz, edoskitzearen gaia lantzen du, eta duela pare bat egun hasi nintzen arren, guztiz harrapatu nau. Irakurtzeko oso erraza da, ironiaz betea eta gaur egungo gizarteari kritika egiteko tarte guztiak erabiltzen ditu. Edoskitze naturalaren aldeko defentsa da, baina gehiago ere bada, bularraren funtzionamendua, esnearen konposaketa, bularra nola eman, sortzen diren arazoak… biltzen ditu. Eta orain arte bezala jarraitzen badu, ziur asko gustatuko zaidala.

Oraingoz, hauek guri gomendatu zizkiguten eta irakurri ditugun liburuak. Beste bi dauzkagu hauek amaitzean irakurtzeko zain, “Crianza, violencias invisibles y adicciones” eta “La revolución de las madres” biak Laura Gutmanenak. Ea haurra izan aurretik irakurtzerik dugun, eta kontatzerik dugun hemen.

 

Haurraren mugimenduak (27+3)

Filed under: Bigarren hiruhilekoa,Haurdunaldia — sabeletikmundura @ 11:50 am

Haurdun egon diren gehienek maitasunez eta irribarrez hitz egiten dute haurra mugitzen sentitzen zuten egunez, oroitzapen oso ona gordetzen da mugimenduez. Eta zinez polita da haurra sabelean mugitzen sentitzea. Lasaitasun handia ematen du egunean zehar tarteka mugitzen dela nabaritzeak, ondo dagoelaren seinalea delako, eta bizi bizi dabilela sentitzen duzulako.

Baina beti ez da hain atsegina. Nire kasuan ez behintzat. Bada aste pare bat mugimenduak “gogorregiak” direla. Haurra dantzan hasten denean etzan behar izaten dut zorabiatzera heltzen naizelako, ostikotxo maitagarriek batzuetan mina ematen didate… eta okerrena… mugitzen denean haurra leku on batean geratzea ez da beti gertatzen.

Atzo adibidez, ohetik ezin altxa eduki ninduen ordu askoz haurrak. Ezin altxa baino gehiago izan zen. Auskalo zein jarreratan zegoen haurtxoa, nire maskuria nola zapaldurik zuen edo auskalo zer, milimetro bat bera ere mugitzerik ez nuela inoiz izan dudan minik handiena sufritu nahi ez banuen. Ordu luzez egon nintzen horrela, 15 bat ordu, jarrerak berak ematen zidan minaz gain, ostikotxoak jasaten. Minez zorabiatzen nintzen, ez nintzen pixa egiteko ere gai eta benetan ospitalera anbulantzian joan behar izango nuela pentsatzera iritsi nintzen, maskuria lehertu beharrean.

Azkenean, minari eutsi eta asko sufrituta, eta txokolatearen laguntzaz haurra mugitzen hastea lortu nuen, paretaren aurka buruz behera jartzea lortu nuen “pino” egiten eta haurra maskuri gainetik libratu nuen.

Normala da, noizean behin haurrak traba egitea, saihets-hezurren aurka, giltzurrunen aurka edo beste organuren bat zanpatzen duenean, baina atzokoa, ez diot inori opa. Ea ez den errepikatzen.

Gaur, mugimendu eta ostikoak herenegun baina gehiago estimatzen ditut.

 

Odol galerena argitua edo (27+1) 2012/04/23

Filed under: Bigarren hiruhilekoa,Haurdunaldia,Medikuntzakoak — sabeletikmundura @ 1:17 pm

Gaur izan dugu odol galerak nondik etor daitezken ikusteko agindu zidaten ekografia. Dena primeran dagoela esan digu, ez dagoela odolagatik kezkatzeko arrazoirik, umetokiaren lepoaren narritadura edo igurtzitze edo zauritxo bat izan daitekela, baskularizazio handiaren ondorioz odola askatzen duena noizean behin.

Beste guztia primeran dagoela. Egon behar duen lekuan, egon behar duen eran.

Neurri batzuk hartu dizkio ipurdiz zegoen umetxoari, eta dagoeneko kiloaren langa gainditu du, beraz oso pozik gaude. Haurra ondo hazten ari da, 53 perzentilean dago beraz primeran. Ez handi ez txiki. Ipurdiz dago oraindik, baina 32. aste inguruan kokatzen dela esan digu, beraz oraindik nahi beste mugi dadila.

Bihar, azukrearen proba luzea egingo dugu.

 

Azukrearen proba, O´Sulliban Testa (26+4) 2012/04/19

Filed under: Bigarren hiruhilekoa,Haurdunaldia,Medikuntzakoak — sabeletikmundura @ 10:35 pm

Asteartean egin zidaten azukrearen proba bezala ezagutzen dena. Goizean, baraurik, lehenengo behatzean ziztatu eta azukrea begiratu zidaten (diabetikoei egiten zaien eran) eta ondoren odol analisiak egin zizkidaten, 4 tubo izan ziren. Ondoren, zuku antzeko edari bat eman zidaten eta edan eta ordu beten eserita mugitu gabe egoteko aginduarekin zain geratu nintzen.

Ordubete beranduago, berriro odola atera zidaten, oraingoan tubo bakarra eta hor amaitu zen guztia emaitzen zain.

Proba hau haurdunaldiko diabetesa ote duzun jakiteko egiten da, beno, haurdunaldiko diabetesa izan dezakezun begiratzeko zehatzago. 140en dago ordubetera izan behar duzun glukosa maila.

Hurrengo egunean ginekologoa nuen eta emaitzak dagoeneko bazituela esan zidan, ez nuen anemiarik, ez beste balore arrarorik analisietan glukosarena izan ezik, 146.

Oso gutxigatik pasa bada ere, azukrearen proba osoa egitera behartzen nau 146 horrek. Bigarren proba honen emaitzek zehazten dute azukrea gorputzean asimilatzeko duzun gaitasuna normala ote den edo diabetesa duzun eta emaitzen arabera dietaren bidez edo insulina bidez tratatu behar den.

Proba askoz deserosoagoa edo astunagoa da. Goizean baraurik joan eta lehen ziztadarekin baraurik dituzun balioak begiratzen dituzte, ondoren, zukua edaten duzu, oraingoan 100gr-ko kontzentrazioarekin (lehen proban 50gr-koa da), eta hiru orduz eserita egon behar duzu ezer edan ez jan gabe, eta tartean, orduro ziztada bat eta analisirako odola hartzen dizute. Guztira, 4 aldiz ateratzen dizute odola.

Gaur egitekoa nintzen baina gaua botaka igaro dudanez datorren asterako utzi dugu, gainera, aste honetan bestela ere nahikoa odol atera didate eta ongi etorriko zait apur bat berreskuratzea.

Ea probaren ondoren dena ondo dagoen eta hau behintzat ekiditerik dugun.

 

Sabelarekin bizitzea (25+4) 2012/04/12

Filed under: Bigarren hiruhilekoa,Haurdunaldia — sabeletikmundura @ 1:36 pm

Tentsioa dirudienez hobetoxeago daukat azken egunetan, baina “behar” baino apur bat denbora gehiago zutik igarotzen badut edo nire oraingo errutinatik kanpo dagoen zerbait eginez gero odol tanta batzuk galtzen jarraitzen dut… beraz, dirudienez ez dago dena egon behar lukeen bezala. Batez ere, eguneroko “errutina” hori, ohetik komunera eta sofara joatean oinarritzen delako, tarteka 10 bat minutuz zutik egoteko lizentzia ematen diot nire gorputzari, batez ere, gosaria, bazkaria… prestatu eta estiramenduak… egiteko.

Baina gaur ez nator gauza horietaz idaztera… sabelarekin sortzen den elkarbizitzaz hitz egitera baizik. Azken batean, sabela hazten doan bitartean, elkarbizitza moduko bat sortu behar baita berarekin. Errazak diruditen gauzetan ere oztopoak sortzen direlako. Arroparen kontua alde batera utzita (eta ez da batere gai samurra, askotan zaila da bularra edo sabela sartzen den arropa topatzea eta), sabelak beste zenbait “eragozpen” sortzen baititu.

Etzanda egotetik, edo eserita egotetik altxatzea askoz baldarragoa bihurtzen da, ekintza konplexua, are gehiago, lurrean eseritzeko ohitura baduzu, lurretik zutik jartzerainoko prozesua guztiz aldatzen da, oreka puntua aldatu delako, sabelaren tamaina bera zenbait mugimendu egiteko oztopo bihurtzen delako… Beraz, lehen azkar egiten zenituen mugimendu asko desagertu egin dira eta askoz motelagoek hartu dute beraien lekua. Kotxetik sartu eta ateratzea ere prozesu zail samar bihurtzen da. Atea askoz gehiago irikitzeko lekua behar da, eseri eta altxatzeko teknika berriak… eta askotan, ingurukoentzat barregarri samarrak diren egoerak sortzen dira, eta bai, nola ez, baita sabela daramanarentzat ere.

Txiza egiteko gogoak ere maiztasun askoz handiagoa du sabelean dagoen bizidun berriak hartzen duen tokiak maskuria zapaltzen baitu eta likido askoz gehiago baitugu gorputzean, eta gainera, gogoa ia berehalakoa bihurtzen da… beraz, ahal bezala altxa eta erdi korrika joaten zara askotan komunera. Komunean eseritzeko modua bera ere aldatu egiten da, sabelak bere tokia uneoro exijitzen baitu.

Etzateak ere baditu bere komeriak… lotarako edo etzanda egoteko posturak aldatu egiten dira, buruz behera jartzea ia ez zaizu bururatu ere egiten, eta buruz gora ere, sarri ez zaude eroso edo ona ez dela irakurtzen duzu han eta hemengo liburu edo web-etan. Egokiena, ezkerreko aldearen gainean etzatea da, eta kuxina erabiltzea eroso jartzeko. Eta noski, etzanda egon ondoren, altxa egin behar da…

Edozein mugimendu egiterakoan kontuan hartu behar da sabela orain, zu baina aurrerago doala ez baduzu kolperik hartu nahi behintzat (eta asko jasoko dituzu bestela ere…). Ohitu egin behar da armairuak edo ateak irikitzeko leku gehiago behar dela, pasatzeko tarte handiagoak behar direla…

Eta otorduetan, mahaia urrunago duzularekin ohitu behar duzu…

Ibili edo eskailerak igotzeko era aldatu egiten da…

Ez hori bakarrik, une bat iristen da non dagoeneko ez zaren zure sabelaren azpiko aldea ikusteko gai ispilu batekin ez bada, eta oineko azkazalak moztea abentura bihurtzen da, sabelak ohiko posturak eragozten dituelako…

Eta orain gogoratzen ez ditudan beste zenbait kontu. Baina gauza guzti horiekin ere, sabela izatea izugarri polita da, egunero nola hazten den ikustea eta zure forma ohikoa aldatzen doala ikustea zoragarria da. Eta gainera, barruan daukan “saria” zein den jakinik, are gehiago.

 

Oraingoan tentsioarekin gora beherak (23+2) 2012/03/27

Filed under: Bigarren hiruhilekoa,Haurdunaldia,Medikuntzakoak — sabeletikmundura @ 12:08 pm

Dirudienez ez zaizkigu “konplikazioak” berehala amaituko… Aurreko ostiralean arraro nabaritzen hasi nintzen, urduri, erdi buruko minez…. tentsioa hartu eta altu samar zebilelaz ohartu ginen (150, 90), berez normalean tentsio baxu samarra izaten dudala kontuan hartuz, nahiko altua da eta lasai atsedenean egotea erabaki genuen haurdunaldian tentsio altua seinale txar samarra izaten baita sarri (preklampsia eta  beste zenbait gaixotasunen sintoma). Hala igaro genuen asteburua, tentsioa kontrolatuz eta lasai etxean egonez, bainuak hartu, musika lasaia, etzanda egon… Eta tira, asteburua igaro zen.

Atzo ordea, buruko min handiarekin esnatu nintzen, tentsioak altu jarraitzen zuen eta hori jaitsi asmoz asteburuan bezalaxe egon nintzen, arratsaldean, odol tanta batzuk nituelaz ohartu arte (bai, berriro). Odola bakarrik, edo tentsioa bakarrik edo buruko mina bakarrik izan balira, ez ginake kezkatuko baina dena batera arriskutsua denez, atzo berriro larrialdietara joan ginen.

Haurra ondo zegoela ikusi (asko hazi da bi astetan!), odol isuri “aktiborik” ez zegoela eta umetokia itxita eta dena bere tokian zegoela ikusita, etxera atsedenean egotera bidali ninduten. Egia esan atzoko tratua larrialdietan oso ona izan zen, eta asko eskertzen dugu. Azken batean, daramagun haurdunaldiarekin zaila da neurtzen noiz joan behar garen larrialdietara eta noiz gera gaitezken lasai etxean. Telefonoren batera deitzeko aukerarik ba ote dagoen galdetuta baietz esan ziguten baina atzoko kasuan bezala, odola tartean bada, hara joateko esango zigutela. Beraz, orain, tentsioa gertutik zaintzea tokatuko zaigu.