sabeletikmundura

Amatasunaren abenturari ekiteko bidean sorturiko bloga. Erabakia hartu genuenetik auskalo noiz artekoa.

Gorputza aurrekora bueltatzea 2013/12/18

Filed under: Uncategorized — sabeletikmundura @ 2:24 am

Haurdunaldi eta erditze ostean sarri entzuten da lehen bait lehen lehengo gorputza berreskuratzeko nahia, dietak, kirola…

Erditu ostea, edo zesarea baten ondorena ez da dietak egiteko garaia, ezta kirola egiteko garaia ere. Ziurrenik zure gorputza ez da haurdunaldi aurreko bera izango, ez dut esan nahi betirako izango direnik hartu diren kiloak, ez… askori gertatzen zaie erditu ostean kilo gehiegi galtzea eta argalegi egotea… beste zenbaiti hartutako kilo horiekin borrokatzeko beharra sortzen zaie, eta beste batzuei bost axola zaizkigu kilo horiek.

Azken batean, gorputz bakoitza modu batekoa da, erditze motak, haurdunaldiak eta erditze osteak baldintzatuko dute gorputza fisikoki nola eta noiz itzuliko den lehengora, itzuliko bada, baina azken batean, burua da ondo egon behar dena, gehiegizko kilo edo kilo gutxiegi izanda ere.

Gorputzari entzun, ez gehiegikeriarik egin eta batez ere, sortu den ume horren lehen minutu, ordu, aste eta urteak gozatu. Zure burua onartu eta osasuntsu egoten saiatu.

Nik, ez ditut kendu hartu nituen kiloak oraindik… baina ez nau batere kezkatzen. Nirekin badaude gustura dauden seinale. Zesarea ostean gainera, errekuperatzea zailagoa izaten da, gorputzak badu nahiko lan zauria sendatzen… buruak badu nahiko lan zauria sendatzen… ahalik eta hoberen egoten saiatu, eta haurdunaldiak ekarri zizkizun kurbez ere gozatzen ikasi!

Advertisements
 

Urtebete. 2012/09/27

Filed under: Uncategorized — sabeletikmundura @ 1:11 pm

Blog hau duela urtebete justu hasi genuen, guraso izateko erabakia hartu eta horrek ekarriko ziguna bildu asmoz, guk geuk aurrerago prozesu osoa gogoratu ahal izateko, zuekin konpartitzeko eta euskaraz gai honetan hain gutxi dagoenez, guk eskaini genezakena emateko. Urtebete. Eta gure haurrak bi hilabete eta erdi bete berri ditu.

Abentura zoragarria izan da, eta jasotakoa inoiz izan dugun sentimendu sumendirik politena izan da. Inoiz izan dugun esperientziarik onena. Eta une gogorrak egon badira ere, inondik inora ez genuke ezergatik aldatuko gure umetxoa izateko abentura.

Eskerrik asko urte honetan bidelagun izateagatik.

Gaur pa handi bat zuontzat.

 

Sabelarekin jolasean (31+2) 2012/05/22

Filed under: Uncategorized — sabeletikmundura @ 8:57 pm

Gaurkoan proposamen batekin gatoz: sabela handi samarra duzunean, etzan zaitez alboz denboratxo batez. Ondoren buruz gora jarri edo beste alderantz etzan zaitez azkar samar baina ez kendu begirada sabelari. Ikusiko duzue, sabelak beste denbora bat behar du jarrera berrira egokitzeko. Poliki-poliki joaten da alde berrira eta oso politga da ikusteko.

Proba egin aukera baduzue.

 

Pixoihalen inguruan (19+6) 2012/03/03

Filed under: Uncategorized — sabeletikmundura @ 10:17 pm

Oso interesgarria iruditu zaigu Argia aldizkarian ikusi dugun artikulu hau, Pello Zubiriak pixoihalez idatzirikoa beraz begiratu bat bota eta hausnartzera gonbidatu nahi zaituztegu.

Hemen duzue.

 

Zorabioak, sukarra… (17+1) 2012/02/13

Filed under: Uncategorized — sabeletikmundura @ 2:21 pm

Bada aste eta erdi urgentzietara bisita egin behar izan genuenetik eta hurrengo egunean sendagileak atsedena agindu zigunetik. Eta ordutik halaxe gaude, etzanda, etxeko epelean goxo. Egia esan, ez da batere atsegina horrela egon behar izatea, baina hala egokitu zaigu eta ezin izango diogu buelta gehiagorik eman.

Sukarra izan dut 5 egunez, dezima batzuk, 37,6 izan da altuena, baina ez dakite zerk eragin duen sukar hori. Dena den, sukarra ez da sintomarik deserosoena, zorabioak dira okerrena. Ia denbora guztian daukat zorabio sentsazioa, itsasontzian bezala sentitzen naiz eta momentu batzuetan guztiz zorabiatu eta segundo batzuez “deskonektatua” egoten naiz. Sentipen oso txarra da, eta zutik edo eserita nagoela gehiago gertatzen zait. Esango duzue… tentsio baxua izango da. Ba ez. Tentsioa primeran daukat.

Pisurik ere ez dut hartu apenas, kilo eta erdi 17 astetan. Eta jaten dut, edaten dut nahikoa…

Lasaitasun bakarra umea ondo dagoela jakitea da eta zorabioez eta ahultasunaz gain, animoz eta oso ondo sentitzen naizela. Beraz, lasai lasai jarraitu beharko dut.

 

Bigarren sustoa, urgentzietara berriro (15+4) 2012/02/02

Filed under: Uncategorized — sabeletikmundura @ 11:30 am

Atzo berriro urgentzietara bisita egin behar izan genuen. Sabeleko min handia eta mareo eta desmaioak etengabe nituela joan nintzen. Dena begiratu eta lasai egoteko, haurdunaldia ondo doala, mina uteroaren haztearena izango zela eta mareoenarentzako inolako esplikaziorik ez. Pasako dela besterik ez. Oso ongi tratatu gintuzten ospitaleko langile guztiek, horren aurka kexarik ez. Aurrekoan izan genuen sendagile bera izan genuen eta gauzak asko erraztu zituen horrek. Etxera, mina jasan ezina ez denean paracetamol hartzeko aginduarekin (gramo 1 / 8 ordu) eta kotxerik ez hartzeko eta atsedenean egoteko mareoena pasa arte behintzat etorri ginen. Lasaiago bai, dena ondo dagoelako, baina minez eta zorabiaturik.

Nik ezin izan nuen ekografia ikusi, zorabiatua nengoen, baina bikoteak eta ginekologoak ikusi zuten behatza ahoan zuela, etengabe mugitzen… primeran, “se mueve mucho” batek alde egin zion ginekologoari, eta errekuperatu nintzenean barre egin nuen esaldi horren kontura, bitxo galanta datorrela dirudi.

Bestalde, kritika bat ospitaletako erabiltzaileei, batez ere, erditzen ari diren emakumeak bisitatzera doazenei. Donostiako ospitaleak, ginekologiako urgentziak eta erditzeak… artatzeko itxaron-gela txiki bat dauka, 20 bat aulki daudena. Itxaron-gela hori, behar duenarentzat izan beharko litzateke, guk atzo, minez ezin zutik egon eta zorabiaturik tarte batez zutik itxaron behar izan genuen, kafetegi batean bezala hizketan ari ziren 20 pertsona hoien erruz, eta ez, ez zeuden larrialdi batengatik han, erditzen ari ziren emakumeen zain zeuden, telefonoz ohika, telefonoak jotzen, euren artean barrez…

Ospitalea ez da kafetegi bat, eta gaizki dagoen jendea errespetatu behar da. Lotsagabeak.

 

“Bi marra arrosa”. Jasone Osoro. Txalaparta. 2011/10/05

Filed under: Uncategorized — sabeletikmundura @ 8:20 pm

@kalaportu -ren gomendioz erosi dugu “Bi marra arrosa” Jasone Osororen liburua. Atzo iritsi zen etxera, eta hasi eta bukatu, ia geratu ere egin gabe irakurri dut.

Liburu interesgarria, oso erraza irakurtzeko eta interesgarria. Lehen pertsonako kontakizuna 2-5 orri arteko ataltxoetan banatua eta hiruhilabeteka sailkatua. Burutik pasatzen direnak, sentitutakoak, entzundakoak, beldurrak, desirak… oso era bizkorrean, irakurketa azkarra egiteko moduan azalduta.

Guztiz gomendagarria. Bereziki gustatu zait amairean Lander Garrok bere esperientziaz idatzitakoa, gerta daitezkenak ere presente izan beahr direla gogorarazten duena.

Hortaz, gaurkoan gomendiobat. http://www.txalaparta.com/prod/es_es//////12//2163/Bi+marra+arrosa.html hortxe duzue liburua.