sabeletikmundura

Amatasunaren abenturari ekiteko bidean sorturiko bloga. Erabakia hartu genuenetik auskalo noiz artekoa.

Biluztasuna (31+5) 2012/05/24

Filed under: Haurdunaldia,Hirugarren hiruhilekoa,Sentimenduak — sabeletikmundura @ 11:45 pm

Haurdunaldiak badu zerbait berezia, naturala, barne-barnekoa. Haurdun zaudenean zure gorputzak erritmo naturalak hartzen ditu, berezkoak, eta nahiz eta zuk gaur egungo bizi erritmo eta egin beharren arabera aldatzeko asmoa izan, normalean berak irabazten du.

Eta hala izan behar du. Zure eguneroko erritmo eroa jarraitu nahi izan arren, gorputzak nekea eta logurea bidaltzen dizu, etengabe, gera zaitezen. Gorputzari entzuten ikasten duzu. Azukrea edo gatza eskatzen dizu, ibiltzea edo etzatea, negar egitea edo barre egitea, postura bat edo beste bat…

Eta animali izaera hori dakarkizu. Haurdunaldian zure gorputzak bidaltzen dizkizun seinaleek ez dute gaur egungo bizi erritmoaren berri, ez dute errespetatzen XXI.mendeak ekarri digun eromena… milaka eta milaka urtetan zehar garatu den eta gure geneetan daramagun zerbaitek bidaltzen dizkigu seinale hoiek, horrek bihurtzen gaitu animali.

Eta bide horretan, nik behintzat, biluztasuna dut egoera erosoen. Baliteke arropa asko deseoroso ditudalako izatea, gorputza horrenbeste aldatu izanak eta azalaren sentikortasunaren aldaketak sortzea “behar” hori… baina nik hori baina gehiago dela uste dut. Animali izate horrek eskatzen duen zerbait dela. Dutxa eta bainu gehiago eskatzen dizkidan bezala. Urarekin harreman zuzenagoa. Plazer handiagoa sortzen duena. Eta uretatik ateratzean biluzik etzatea, eta halaxe jarraitzea tarte luzez. Hoztu gabe noski, zerbaitekin estali behar bada estalita, baina arropa, ezkutatze hori ekidinez.

 

Bigarren mugarria (20+1) 2012/03/05

Filed under: Bigarren hiruhilekoa,Haurdunaldia,Sentimenduak — sabeletikmundura @ 5:58 pm

Haurdunaldian zehar mugarri batzuk ezartzen dizkiogu gure buruari, helburu antzeko batzuk. Horiek lortuta, gauzak ondo doazen seinale, indarra hartzeko eta aurrera pozik egiteko bidea zabaltzen da.

Lehenengoa 12 asteak betetzean kokatzen da (lehen 12 asteetan haurra galtzeko dagoen arrisku altuarengatik eta lehen ekografia, screening hirukoitzaren emaitzak… jasotzen direlako orduan).

Bigarrena guk 20.astean jarri genuen. Data sinbolikoa edo delako. Haurdunaldiaren erdia egin dugu dagoeneko. Bide erdia geratzen da. Eta bitartean beste mugarri batzuk jarriko ditugu.

 

Gabonak eta haurdunaldia (10+3) 2011/12/28

Filed under: Haurdunaldia,Lehen hiru hilabeteak,Sentimenduak — sabeletikmundura @ 9:49 pm

Badira egun dexente ezer berririk idatzi ez dugunik… baina ez kezkatu dena ondo doan seinale da. Egunetik egunera hobetoxeago sentitzen naiz, indar apur bat gehiagorekin eta egonkorrago. Sustoa igaro dela ematen du eta oso pozik gaude.

Dena den, haurdunaldian gabonak izateaz hitz egitera gatoz gaurkoan. Gabonak afari eta bazkariekin, opariekin, jendearekin egotearekin lotzen ditugu… eta ez da batere erraza oraindik “ezkutatu” behar den haurdunaldiarekin batera eramatea. Batetik, jende askorekin egoten zara eta poteoak edo brindisak ekidin behar dituzu, eserita egoteko aitzakia bila ibili behar zara eta etxera goiz joateko ere gezurtxoak esaten. Bestetik, bazkari eta afariak daude… gure artean ohiko izaten diren hainbat jaki ezin dira jan haurdunaldian eta horregatik ere aitzakia bila ibili behar da (enbutidoa, mariskoa, haragia ondo egin behar…) eta nola ez, brindisak eta alkohola nonahi. Ez hori bakarrik, haurdunaldia ondo eramateko sekretuetako bat, jatordu arinak eta maiz egitea da, horrela liseriketa errazagoa izan eta energia egun osoan izateko. Noski, lan zaila bihurtzen da horrelako garaiean.

Bestetik oparien kontua dago… familiako gertukoenek badakite haurdunaldiaren berri eta noski, opariak horiek egiten dizkigute (eta guk haiei) urtero. Nola ez… aurten… guk, opari gutxi jaso dugu, denak umearentzat izan dira, edo bestela umearekin zuzenki lotuak behintzat (estrientzako kremak…). Beraz, horrek ere gezurrak esatera eraman gaitu “zer oparitu dizute?” galdera entzun dugunean…

Dena den, oso garai berezia da haurdun bizitzeko, oso polita. Biok bakarrik egongo garen azkena izango da eta horrek berezi bihurtu du guretzat. Gure gertukoenek ere halako ilusio berezia erakutsi digute opari eta esandakoekin… beraien ilusioak ere asko pozten gaitu. Eta biok oporretan (beno, ni oporretan eta bajan) egoteak ere badu xarma berezi bat, hain bereziak diren lehen aste hauetan elkarrekin denbora gehiago egon ahal izatea behar-beharrezkoa zelako guretzat, eta dugun maitasun eta konplizitate guzti hori elkarrekin konpartitzeko parada dugulako.

Bide batez, urte berri ona izan dezazuela.

 

Zer gertatu da nire sabelean azken 6 asteetan? (6+3) 2011/11/30

Filed under: Haurdunaldia,Lehen hiru hilabeteak,Medikuntzakoak,Sentimenduak — sabeletikmundura @ 5:38 pm

Nolabaiteko laburpentxo bat egingo dut iturri desberdinetako datuak baliatuz haurdunaldiko lehen 6 asteetan gertatzen denaz.

Hasteko, esan haurdunaldian zehar asteetan kontatzen ohitu behar duzula, eta asteen zenbaketa horretan, egiazki ez dela kontatzen haurdun zauden aste kopurua, azken hilerokoko lehen egunetik igaro diren asteak  baizik. Hortaz, sei aste eta piku hauetako lehen bi asteetan, nire sabelak ohiko lana egin du.

-Bigarren astearen amaieran (normalean kontatzen da, hilerokoaren lehen egunetik 15 egunera gutxi gora behera), obulazioa izan nuen. Eta obulazio prozesu hortan nire obuluak espermatozoide batekin topo egin eta batu egin ziren, eta orduan sortzen da ernalketa. Zigotoa deritzo ernalketaren emaitzari, eta zigotoak uterorako bideari ekiten dio. Zatiketa zelularra hasten da eta 16 zeluletatik aurrera morula deitzen zaio. Zelula zatiketak jarraitzen du eta blastula egoeran dagoelarik umetokian ezartzen da. Umetokian garatuko da jaiotzeko unera arte haurra izango dena.

– Laugarren astearen amaieran gutxi gora behera, hilerokoaren faltarekin eta proba egitearekin baieztatuko da haurdunaldia (nahiz eta sintomak ernalketaren hurrengo egunean bertan has daitezken -nekea, goragalea..-).  Laugarren astean dagoeneko nerbio sistema zentrala, bihotza, eskeletoa eta muskuluen lehen garapena hasten da. Nahiz eta oraindik gizaki itxurarik ez izan, garapena azkar ematen da, eta haurra osatuko duten ehunak etengabe garatzen joaten dira.

-5. astean, burutik isatsera esaten zaion neurria soilik 1mm ingurukoa da, baina bihotza, gibela, giltzurrunak eta hesteak azkar garatzen hasten dira dagoeneko. Garuna eta bizkar-hezurraren arteko hodia itxi egiten da eta besoak eta hankak osatuko dituzten atalen lehen itxura ikusten has daiteke. Begiko eta sudurreko zuloak ere ikusten hasten gara.

-6.astean, 2-4mm arteko luzera hartzen du dagoeneko. Aldaketarik garrantzitsuena bihotza dagoeneko taupaka erregularki hasten dela izaten da. Garai arriskutsu bat ere hasten da, 6 eta 10.asteen artean, malformazioak edo arazoak sortzeko arriskurik handiena baitago. Une honetan izaten da gehien zaindu beharreko garaia.

Amagaiaren gorputza aldiz, horrela aldatzen da hasiera-hasieratik  (kasutik kasura oso garapen desberdina duen arren, hau da gurea): bularrak hasiera-hasieratik oso sentikorrak ditut, minberak, izugarri hazi zaizkit, asko. Neke handiarekin daramat hilabete, lo hartzen dut aukerarik txikiena dudan bakoitzean, deseroso nago, sabela nahasirik nabaritzen dut, nekea, bularreko mina, janari batzuk gorrotatzea, beste batzuk berehala nahi izatea… azala aldatu zait, ilea eta azkazalak azkarrago eta indartsuago hazten ari zaizkit… eta sentimendu sumendia naiz. Maitasun handia daukat barruan, maite ditudanekin egoteko gogo eta beharra, enpatia handia eta negar eta  barre egiteko izugarrizko erraztasuna.

Aitagaiarengan ere ematen dira aldaketa asko. Beldurrak eta zalantzek toki gehixeago hartu dute, baina aurre egiteko gogoa are handiagoa da. Ilusioa asko piztu da eta etxea prestatzeko gogoa azkarregi doa (oraindik geratzen zaigun guztiarekin… gela goitik behera jarri nahi du). Etxean oraindik eta lan gehiago egiten du (eta lehen ere gehientxuena beregain hartzen zuen) eta mimatu egiten nau etengabe (lo egin behar dudanean lotan utzi, krema behar dudanean eman, bazkariak eta prest utzi…) laztan eta muxuak areagotu egin dira eta gure arteko maitasuna ere oraindik handiagoa dela ere esango nuke.

Beraz, ezin kexatu… dirudienez sabel barruko prozesua ondo doa (ez dago kontrakoa adierazten digun sintomarik behintzat), eta nahiko deserosoa izaten ari den arren, ilusio eta maitasuna askoz gehiago dira orain beraz, ezin zoriontsuago izan.

 

 

Osakidetza jarraipena… eskasa? (5+2) 2011/11/22

Filed under: Haurdunaldia,Lehen hiru hilabeteak,Medikuntzakoak,Sentimenduak — sabeletikmundura @ 4:30 pm

Atzo idatzi nuen emaginaren kontsultan eman zizkiguten jarraibideei buruz… Eta zer nahi duzue esatea… pixka bat, hotza eta eskasa dela esango nuke behintzat hasierako jarraipena. Zergatik? Leku askotan irakurri dut lehen ekografia 6-8 asteen artean egiten dutela, haurra ondo kokaturik dagoen eta zenbat diren jakin eta dena ondo dagoen jakiteko. Lehen analisia ere garai beretsuan egiten dute bitamina, azido foliko, burnia… ondo ote dauden ikusteko ere bai.

Guri, lehen analisia 10.asterako programatu digute eta lehen ekografia 12.astean izango dugu. Bitartean ez dugu ez emagina ez ginekologoa ez inor ere ikusiko. Eta ez dakit hori nahikoa den. Horregatik jotzen dute askok klinika pribatuetara behintzat lehen hilabeteetako jarraipena egiteko.

Behin eta berriro esaten zaigu lehen 12 asteak oso oso garrantzitsuak direla, asko zaindu beharreko asteak direla, arrisku handiko asteak direla, haurra gehien garatzen den denbora dela… eta ia jarraipenik gabe igarotzen dira…

Zalantza izugarriak piztu dizkigu. Eta ziurrenik leku pribatu batera joko dugu zalantza horiek guztiak lasaitzeko. Behintzat dena ondo dagoela jakin nahi dugu. Ezin dugu urtarrila erdira arte horrela egon… luzeegia egingo da eta.

Aukera desberdinak bilatuko ditugu, baina klinika edo zentruren batean esperientzia positiboa izan baduzue asko eskertuko dugu. Guztiz galduta gaude eta.

 

Gertu-gertukoei berria ematea 2011/11/18

Filed under: Haurdunaldia,Lehen hiru hilabeteak,Sentimenduak — sabeletikmundura @ 12:13 pm

Jakina da, lehen hiru hilabeteak direla arrisku handienekoak haurrari zerbait gertatzeko… eta epe hori bete arte, normalean, zabaltzea nahi ez den kontua izaten da haurdunaldia. Baina guretzat oso garrantzitsua zen, gertu-gertukoek jakitea… zerbait gertatuz gero ere, beraiek alboan izan nahi ditugulako eta gure poza, beraiekin konpartitu nahi genuelako.

Eta horrelaxe egin dugu. Gertu-gertukoekin soilik hitz egin dugu. Orain, gure sekretua, maite ditugunekin partekatu dugu eta nolabait, disimuluan, gezurretan, gaiaz aldatzen beraiekin ibiltzea ekidin dugu gainera, izugarrizko lasaitua hartuz. Eta orain, maite ditugun horiek, gehiago maite ditugu.

Halaxe izan zen… kaotiko samarra. Haurdunaldi froga bakarrik nengoela egin nuen… eta korrika telefonoa hartu eta mutilagunari deitu, eta deitu, eta deitu, eta deitu hasi nintzen… 16 dei zituen bi ordu beranduago telefonoa ikusi zuenean… Hasieran izugarrizko urduritasuna nuen, negarra, barrea… dena batera (egun hauetan askotan gertatzen zait…) eta lasaituko ninduen norbait behar nuen, beraz, haurdun dagoen lagunari sms bat bidali eta berak berehala deitu zidan, eskerrak! Berria asimilatu eta poz-pozik joan nintzen lanera. Lanera sartu baina minutu bat lehenago lortu nuen bikotearekin hitz egitea, eta berari ere… berria entzutean irribarrea nabaritu nion.  Elkartu eta lasai hitz egin ondoren gure gurasoei (aiton-amonak izango direnei) eta anai-arrebei esatea erabaki genuen (osaba-izebei).

Lehenengo nire gurasoen etxera joan ginen eta berria kontatzean ahizpa saltoka hasi zen poz-pozik eta aita ere korrika ni besarkatzera etorri zen begia malkotan zuelarik. Nire amari ere malkoren batek ihes egin zion. Lehenengo biloba eta lehenengo iloba izango da sabelean dudana eta oso pozik daude denak… gehiegi akaso… orain egunero deitzen didate ea zer berri, zer moduz…. luze egingo zaie haiei, eta niri ere luze bihurtuko didate bidea.

Hurrrengo beste aiton-amonen txanda izan zen. Hauek ez zuten sinisten. Amona izango denak hasieran ezetz esaten zigun, eta konbentzitzea lortu genuenean, shock egoeran geratu zen (ia-ia afaria erre zitzaion). Oso pozik zegoela esan zuen. Aitonak berriz…. ez zuen hitzik esan 10 bat minutuan… eta gero ere gutxi. Ilusio handia egin zion… malkoak alde egin zion eta dena… eta poz-pozik hartu zuen.

Bakoitzak, gertuko bi lagunei esatea ere erabaki genuen, gertukoeenei. Alboan izan nahi ditugulako. Eta horiek ere izugarri ondo hartu dute. Orain gure poza konpartitua da, pisua kendu dugu gezurretan ez ibili behar izateagatik… eta dena ondo joatea bakarrik geratzen zaigu…

Bitartean, irribarre absurdo eta polit batekin igarotzen dugu eguna.

 

Badator bat bidean… 2011/11/11

Filed under: Sentimenduak — sabeletikmundura @ 9:02 pm

Ez, ez da gurea izango, baina lagun oso on batek oraintxe eman dit berria… badakar haurtxo bat sabelean… oraingoz Txoritxo deitzen dio bere ahizpa/arreba izango denak…

Eta guri irribarre handi bat jarri digu aurpegian.  Dena ondo joatea espero dugu eta laster, bionak elkarrekin jolasean ikustea.

Zorionak 🙂