sabeletikmundura

Amatasunaren abenturari ekiteko bidean sorturiko bloga. Erabakia hartu genuenetik auskalo noiz artekoa.

Lokioak, haurdunaldi osteko odol galerak 2012/09/11

Filed under: Erditzea edo,Medikuntzakoak — sabeletikmundura @ 3:51 pm

Haurdunaldiaren beste tabu handietako bat, haurra jaio osteko odol galerena da. Kuarentenaz hitz egiten da, baina lokioez (odol galera) gutxi. Batzuek aurkakoa pentsatzen badute, “baina zuk ez duzu erditu, ezin duzu odola galtzen aritu” ere entzun behar izan dut, zesarea izanagatik ere, lokioak besteek bezala izaten dira, nire kasuan 43 egun iraun dute odol galera horiek, beraz pazientziaz hartu.

Advertisements
 

Zesarea baten ondoren, ospitaleko egonaldia. 2012/07/29

Filed under: Erditzea edo,Medikuntzakoak — sabeletikmundura @ 2:38 pm

Zesarea, kirurgia handi bezala sailkatua dago eta hala ulertu behar da, azken batean, sabela zabaldu eta geruza batzuk ireki behar baitira haurra ateratzeko, ez da inondik inora azaleko ebaki bat. Eta hala izanik, zesarea baten “postoperatorioa” ere, ez da erraza.

Ospitalean, normalean 4 egunez egongo zara, behintzat Donostian, eta lau egun horietan asko hobetuko zaren arren, etxean laguntza asko beharko duzu, eta ospitalean ere, uneoro norbait alboan izatea komeni dela esango nuke.

Lehen egunean, zesarea egiten dizuten egunean, ebakuntzaren ondoren anestesiatik errekuperatu arte ez zaituzte zure gelara igoko (nire kasuan 3 bat ordu), ez duzu haurra zurekin izango ezta familiako inor ere. Gogorrak egiten dira ordu horiek, gorputza esnatzen dijoan heinean mina nabaritzen hasiko zara, eta haurra eta etxekoak ikusteko gogoa ere eramaten jakin behar da. Gelara igotzean ekarriko dizute haurra ondo badago, nire kasuan, zorionez uneoro aitarekin egon zen behintzat. Eta gutxinaka joango zara kokatzen eta guztia asimilatzen. Zesarea programatuen kasuan edo aurrez zesarea izateko probabilitate altu samarra duzula dakizunean desberdina izango da prozesua, baina gure kasuan bezala, bat-batekoa bada, denbora hartu behar da.

Gelan lehen unetik, bularra emateko asmoa baduzu, laguntzen saiatuko dira (badira Donostiako Ospitalean bularra ematean “adituak” diren batzuk, Conchi gure kasuan, salbazioa izan zen). Ez da erraza. Ezin duzu ia mugitu, mina duzu, haurra ezin duzu ondo heldu… eta zesareak berak ere, esnearen igoera zaildu egiten du, anestesiak eta sartu dizkizuten beste “droga” guztiek bezala… baina pazientzia eta laguntzarekin gutxinaka lortu daiteke. Guk, lehen bi egunetan, “esnearen igoera” izan arte, bularra eman ondoren, xiringa bidez “konplementua” (biberoierako erabiltzen den formula) eman behar izan genion, baina orain bularra primeran hartzen du.

Lehen bi egunetan ez dizute jatekorik emango, sueroa eta likidoak izango dituzu bakarrik. Txiza biltzen duen sonda, lehenengo egunaren amaieran kenduko dizute, ateratzen den likidoaren arabera, anestesia ahalik eta gehien bota behar baita, eta horretarako sueroak jarriko dizkizute zainetik. Txizagura bueltatzea beste kontu bat da, sarri, maskuria lo geratzen baita bai anestesia zein sondaren ondorioz. Nik arazoak izan ditut txizagurarekin duela 4-5 egun arte (19 egun dira zesarea egin zidatenetik). Zehazki, txizagura ez nuen nabaritzen maskuria lehertu beharrean izan arte, eta mina, ziztada… oso gogorrak izan arte, “bazinilla” jarri eta txiza egiteko agindua gorputzari ematea asko kostatzen zitzaidan hasieran eta ohartu gabe, txiza gehiegi pilatzen zitzaidan. Gomendio bezala, nik, alboan laguntzen duzunari, 3-4 orduro txiza egiten saiatzeko gogoraraztea eskatzea emango nuke.

Bigarren egunean, auxiliarrek ohean bertan garbituko zaituzte eta kanpoko zikatriza babesten duen “pegatina” modukoa kenduko dizute ginekologoa etorri aurretik, ginekologoak begiratuko dizu, likidoa hartzeko agindu, bularra nola dagoen begiratu, umetokia bere tokira nola joaten ari den ikutu sabelean eta dieta oso biguna ekartzeko eskatuko dio erizainari. Eta joan aurretik altxatzen hasteko aginduko dizu. Ez saiatu bakarrik altxatzen. Erizainek lagunduko dizute, nola egin behar duzun esan eta mugimendu egokiak egiten lagunduko dizute. Zorabiatu eta lurrera erortzeko arriskua dago, beraz, ez saiatu bakarrik zaudenean altxatzen behintzat. Nik, lehenengoz altxatu nindutenean, aulki batean eseri eta minutu batzuetara 4 erizainen laguntza behar izan nuen ohera bueltatzeko zorabiatzen hasita bainengoen. Kontuan hartu, eroriz gero, gorpuzkera txarren bat hartu eta puntuak zabaldu… eta izugarrizko mina hartzeko arriskua duzula.

Oso beltza ematen duen arren, egunetik egunera hobeto sentitzen joango zara. Egunez egun, pauso erraldoiak emango dituzu, baina poliki joan, astakeriak gero ordaindu beharko dituzu eta.

Esan bezala, egunetik egunera hobeto egongo zara. Hirugarren egunean kenduko dizute besoko zainbarnekoa dena ondo badoa, eta mina arintzekoak ahoz hartzen hasiko zara beharrez gero. Janari normala ere hirugarren egunean emango dizute eta esnearen igoera ere, egun horretan izaten da… beraz, egun hori positibo samarra izaten da, haurrak bularra ondo hartzen badu… Hurrengo egunean alta emango dizute dena ondo badago, baina laguntza asko beharko duzu.

Mugitzea asko kostako zaizu, indar falta izango duzu eta gainera, mina mugimendu askorekin, ibiltzea ere kostako zaizu eta haurrarekin, ospitalean bezala laguntza izatea komeni da (sehaskatik hartu, besoetan hartu, pardela aldatu, bainatu… egiteko moduan askotan ez baitzara sentituko).

Eta laugarren egunean, goizean ginekologoak ikusiko zaitu, dena ondo badago alta emango dizu. Haurra ere, pediatrak ikusiko du joan aurretik eta paperak ematen dizkizutenean etxeko abentura hasiko da.

 

Jaio da txikia. 2012/07/18

Filed under: Erditzea edo,Haurdunaldia,Medikuntzakoak — sabeletikmundura @ 10:19 am

Atzo bete zuen astebete gure txikiak. Eta gauzak ez ziren nahi genuen eran gertatu, baina txikia oso ondo dago eta gu ere poz-pozik.

Hau da gure txikiaren jaiotzaren kronika:

– Uztailaren 8-9 arteko gauean, 3etan, boltsa hautsi nuen. Bat-batean, ordu erdi lo besterik ez neramanean, blai esnatu nintzen. Altxa, garbitu eta ura bota eta bota jarraitzen nuela ikusita, lo apur bat egiten saiatzea erabaki genuen. Oraindik ez nuen estreptokokosaren probaren emaitza, beraz, emaginak eman zizkigun erreferentziei jarraituz, 6 orduren barruan joan behar genuen ospitalera badazpada.

РUztailaren 9ko goizeko 7:20 inguruan iritsi ginen ospitalera, ordu horretan aparkatzea errazagoa izango zelakoan, baina ez, parkinean utzi behar izan genuen kotxea. Iritsi, sarreran gertatutakoa azaldu eta erditzeak eta larrialdi ginekologikoak artatzen dituzten gunera joan ginen. Han, poltsa hautsi nuela azaldu eta monitoreetan jarri ninduten tarte batez.  Ondoren, ginekologoak begiratu ninduen eta baietz, boltsa hautsita zegoela argi zegoela eta zenitmetro bakarrekoa eta umetokiaren lepoa erdi ezabaturik soilik nituela esan zidan. Ingresatuta geratu behar nuen eta erditzea bere kasa has zedin itxaron.

– Goizeko 9:30ak inguruan ingresatu ninduten eta ohean ez egoteko agindua eman zidaten, ibiltzeko ea kontrakzioak bere kasa hasten ziren. Boltsa goizeko 3etan hautsi nuenez, eta protokoloak 24 orduren barruan kontrakzioak hasi ez badira induzitu behar dela diolako, baina 24 orduak goizeko 3etan beteko nituenez eta indukzioak 16ak aldera edo goizeko 8etan egiten direnez, 15ak alderako hasi ez banintzen induzitu beharko zela esan zidaten.

– Goiza lasai hartu eta ospitaleko pasilloetan paseatzen eman genuen. Erlaxatu eta lana errazago has zedin, pilota eta bainera erabili nituen. Kontrakzioekin poliki-poliki hasi nintzen.

– Arratsaldeko 15etan monitorea jarri zidaten nola zijoan ikusteko. Kontrakzioak hasi, hasi ziren baina oso poliki zijoan eta horrela jarraiituz gero, erditzea asko luzatuko zen eta boltsa hautsita horrenbeste denbora ezin zen egon.

– Arratsaldeko 16etan etorri zen ginekologoa berria ematera, induzitu behar zen. Goizeko 8etara itxarotea gehiegi izango zen haurrarentzat eta berehala hastea hobea zen.

РErditze geletara joan ginen eta han lehertu egin nintzen  lehen aldiz. Indukzioa ez zen inondik inora nahi genuena baina egin beharra zegoen eta tentsioa askatzeko negar saio bat nahikoa izan zen. Emaginak azaldu zigun nolakoa izango zen prozesua, denbora guztian monitorizatua egon beharko nuen, oso mugikortasun txikiarekin, eta oxitozina etengabe sartuko zidaten zainetatik, Gogorra izango zen. Oxitozina artifizialak sortzen dituen kontrakzioak ez dira naturalak bezain progresiboak ez eramangarriak. Behintzat, egia esan zigun hasieratik.

– 17ak alderako prest genuen dena. Lehen takto baginala egin zidan, oso mingarria. Aurretik abisatu zigun, boltsa ondo hautsi zen ikusi behar zuela eta mingarria izango zela, erditzeetarako ohe super eroso horretan izan zen. Hortik aurrerakoak, dilataziorako ohean.

– Oxitozina kopurua gutxikin hasiko ginen eta 20 minuturo dosia igoko zidaten kontrakzioak nahi zuten modukoak izan arte. Jarri eta berehala hasi ziren kontrakzioak.

– Taktoak bi orduro izango ziren nola gindoazen ikusteko.

Kontrakzioak nahiko ondo eraman nituen prozesu guztian, aurretik egindako mentalizazio eta prestaketa guztaik asko balio izan zidan.

-Kontrakzioak, esan bezala ondo eraman nituen, banekien tartetxo bat irauten duen mina izango zela eta ondoren atsedentxoak izango nituela eta hala hartu nuen. Tarteetan lasai egon, eta kontrakzioetan, arnasa hartu eta gorputzak eskatzen zidana egiten nuen. Beno ez, gorputzak eakatzen zidana eta hainbeste soka eta kablek uzten zidatenaren arteko zerbait (kontuan hartu, besoan, oxitozina sartzeko tutua nuela, sabelean, asko estutzen zidaten bi goma, monitoreetako aparatuak eta beraien kableak…).

Komunera joan behar nuenean, dena desentxufatu eta azkar txiza egin eta bueltatzeko esaten zidaten.

– Goizeko 5ak inguruan, oxitozina dosi nahiko altuarekin nengoelarik dagoeneko, kontrakzioak, bata bestearen atzetik, atsedenik gabe hasi ziren, intentsitate eta iraupen luzea eta kontrakzioen arteko tarterik gabe, ez zen markagailua ia jetsi ere egiten… emaginak harrituta begiratzen zidan zeinen ondo neramatzan. Tarteka arnasa hartzen laguntzen zidan eta kitto. Beste guztia nik egiten nuen.

– Goizeko 6etan, eta 27 ordu generamatzanean esna eta gorputza topera lanean, nire bikotea eta ni leher eginda geunden. Eta taktoak 7 zentimetroko bakarrik nengoela esan zuen, oraindik lepoa guztiz ezabatu gabe eta haurra oso goian. Beste 5 bat ordurako genuela esan zigun emaginak.

-5 ordu horiek aguantatzeko gai nintzela uste dut, mina eta nekearekin ahalko nuela baina nire bikoteak lo hartzen zuen kontrakzio eta kontrakzio tartean.

Sueroa jarri ondoren, berriro indar berrituta sentitzen nintzen, baina bikoteak esan zidan, haurra jaiotzean ere indarra beharko nuela, eta horrela segiz gero, haurra jaio eta ziplo eroriko nintzela. Arrazoi osoa zuen beraz emaginari zer egin genezaken galdetu eta berak, epidurala aukera ona zela esan zigun. Bost orduko bidea genuela oraindik eta epiduralarekin behintzat 2-3 orduz atseden hartu edo lo egin ahalko nuela.

– Apur batez pentsatu eta haurrarentzat onena zela erabakita, jaio eta gurasoak leher eginda egoteak ez bailioke batere mesederik egingo jartzeko eskatu genuen. Berehala etorri zen anestesista. Jartzen min dexente egin zidala esan behar dut, une horretan kontrakzioak etengabe nituelako eta geldi egon… nahiko gogorra izan zen epiduralaren unea.

-Astearteko 9ak aldera etorri zen berririk txarrena. Hiru ginekologo azaldu ziren, bi gazte eta nagusi itxura zuen beste bat. Bi gazteek taktoa egin zidaten eta 7 zentimetro eta lepoak ezabatu gabe jarraitzen zuen eta alde egin zuten hirurek. Emagina etorri zitzaigun eta esan zigun ginekologo taldea gure kasua baloratzen ari zela. Ematen zuela dilatazioa geratu zela eta zerbait egin behar zela, ordu asko zirela boltsa hautsita.

– Aurrerago zesarea egin beharra omen zegoen. Berehala, dena prest zegoen.

Ni operatzen amaitu eta “despertar”-era eraman ninduten, ondo nengoen, txikia eta aita ikusteko desiatzen baina hankak guztiz esnatu arte ez ninduten gelara eramango.

Hiru bat ordu beranduago igo ninduten gelara. Gurasoak aszensoreen ondoan nituen zain, nirekin etorri ziren gelara. Txikia eta aita ekartzen tarte bat tardatu zuten. Luzeegia. Sehaskan utzi nahi zuten, ezta pentsatu ere. Aitak eta nire gurasoek lasaitu handia hartu zuten ni ondo ikustean. Eta nik beraiek ikustean.

Horrela jaio zen gure txikia, zesareaz.

 

Erditze planarekin aurrera (36+4) 2012/06/28

Filed under: Haurdunaldia,Hirugarren hiruhilekoa,Medikuntzakoak — sabeletikmundura @ 3:36 pm

Oso pozik gaude erditze plana eramaten ari den bidearekin eta eskerrak eman nahi dizkiogu Donostiako Ospitaleari.

Astelehen gauean, 23ak inguruan, emailez bidali genuen Pazienteak eta Erabiltzaileak Atenditzeko Zerbitzura email bidez gure erditze plana. Goizeko 8etarako jasoa zutela esanez idatzi ziguten eta harremanetarako telefono bat eskatuz. Guk erantzun aurretik, eguerdiko 12ak inguruan etxera deitu zuten jaso zutela esanez eta zegokion zerbitzura bidaliko zutela eta gurekin handik harremanetan jarriko zirela esanez.

Behintzat, aintzat hartu duten seinale bada. Orain erditzeko eguna nola joaten den itxaron beharko dugu, eta dena ondo joaten bada, errespetatuko dutela pentsatuz joateak segurtasun handia eman digu.

 

Haurdunaldiko ohiko probak (36+4)

Filed under: Haurdunaldia,Hirugarren hiruhilekoa,Medikuntzakoak — sabeletikmundura @ 3:29 pm

Haurdunaldia ondo badoa eta ohikoa bada, Osakidetzan gaur egun jarraipen hau ematen zaio:

– Hiruhileko bakoitzean odol eta gernu analisi bat.

-Azukrearen proba.

– Hiruhileko bakoitzean ekografia bat.

– Azken asteetan erditze kanalaren inguruan dauden bakterien azterketa bat.

– 12.astetik aurrera, hilabetean behin edo ginekologoa edo emaginarekin tentsioa, pisua, haurraren bihotz taupadak eta batzuetan taktoa.

– Azken asteetan, ginekologoarenganako edo emaginarenganako bisitak astean behin izaten dira.

Beno, gauzak honela, gu ere haurdunaldiaren amaierara heltzen ari garenez, gaur azken odol eta gernu analisia egin dugu eta datorren astean bakterien froga egingo digutela uste dugu eta horrekin batera, asteroko bisitak egiten hasiko garela… hori… datorren astera erditu gabe heltzen bagara behintzat.

 

Poltsa hautsi da? Kontrakzioak? (36) 2012/06/24

Filed under: Haurdunaldia,Medikuntzakoak — sabeletikmundura @ 10:37 pm

Duela bi egun izan zen, arratsaldean oinez bueltatxo bat eman ondoren oso umel nabaritu nintzen. Salvaslip-a aldatu eta handik ordubetera bustia zegoen berriro eta konpresa bat jartzea tokatu zitzaidan. Hau ez zen guztiz busti, baina umela zegoen ordubetera.

Honekin batera, sabelaldea arraro nabaritzen eta gogor uneak, uzkurdurak edo kontrakzioak nituelaz ohartu nintzen. Ez mingarriak. Nabaritzeko modukoak baina ez mina ematen zutenak (3-4 izan ziren gogor samarrak). Beraz, etxera joan, bikoteari lanetik etortzeko eskatu eta bainatu egin nintzen. Mutila etorri zenean gertatzen zena azaldu eta 37.astera iritsi ez garenez, eta poltsa hautsita egon zitekelaren susmoarekin ospitalera joatea erabaki genuen.

Gaueko 9ak inguruan iritsi ginen. Apur bat itxaron eta monitorizazioan jarri ninduten. Hasieran lasai geunden, ni bakarrik nengoenez bikotea alboan eserita eta hizketan lasai geundelako. Emagina ere oso oso jatorra zen eta gustora geunden. Geroxeago beste emakume bat jarri behar zutenez nire mutilak atera behar izan zuen eta ondoren hurrengo emagina etorri zen, txanda aldaketa zuten eta. Zukua eman zidaten eserita nengoen bitartean eta grafika nola ateratzen zen zain egon nintzen. Ordubete inguru eman nuen monitorizaturik. Kontrakzio erregularrak, bai maiztasunean, zein iraupen eta intentsitatean. Nahiz eta ez zidaten minik ematen, hori ikusi zuenean emaginak “poltsa hautsi baduzu ziur hemen geratzen zarela, bestela, bihar edo hamar egun barru izan daiteke”. Hori esan zidanean, apur bat kezkaturik kanpoan itxaroteko esan zidan eta berehala ginekologoaren kontsultara eraman gintuzten, orain berriro mutilaren konpainiarekin.

Gerritik behera biluztu, hamaka eroso-eroso horretan etzan eta taktoa egin zidan. Poltsa hautsi nuen argi ez zuenez bastoitxo edo antzeko batekin nuen fluxuaren lagin bat hartu eta erreaktibo batekin likido amniotikoa ote zen begiratu zuten. Ez. Poltsa ez zegoen hautsita. Lasaitu hartu genuen, orain jaiota ere dena ondo joango den arren, oraindik behintzat beste astebete sabelean egotea komeni da eta.

Jantzi, informea jaso eta lasai bueltatzeko esan ziguten berriro zalantza izanez gero, behintzat 37. astera arte, poltsa hautsiz gero azkar joatea komeni dela (bestela aurreko sarrera batean azaldu nituen denborak). Kontrakzioei zegokienean, lasai egoteko, erregularrak izan arren, ezin zitekela jakin erditzea noiz izango zen beraz gorputzari adi egoteko eta lasai egoteko.

Ospitaletik gaueko 11ak aldera atera ginen. Kotxean sartu eta informea irakurtzean, sorpresatxoa. Dilatatzen hasita nago, zentimetro bat besterik ez, baina behintzat lanean hasita eta orain egiten dudan guztia gero ez dut egin beharko beraz pozik, gorputza prestatzen ari baita. Orain, ezin jakin unea noiz izango den, zain egotea geratzen zaigu, eta bitartean atseden hartu eta gozatzea.

 

Erditze plana, gure eredua (34+2) 2012/06/12

Filed under: Haurdunaldia,Hirugarren hiruhilekoa,Medikuntzakoak — sabeletikmundura @ 9:38 pm

Gu sarean hara eta hona erditze planen ereduen bila ibili gara, ondoren gurea egin ahal izateko, eta norbaiti baliagarri izango zaiolakoan gurea hemen jartzea erabaki dugu. Aurreko sarreran esan genuen bezala, hasieran prestatu genuen zirriborroan puntu dexente gehiago genituen, baina laburtu egin dugu artatuko gaituztenek begiratu bakarrean irakurtzeko modukoa izan zedin eta orri bakarrean sartzeko. Hauxe da:

Donostiako Ospitaleko Pazientearen Arreta Zerbitzuari eta erditze zerbitzuari zuzendua.

(amaren izena)ren ERDITZE PLANA

Ama: Izena (NAN zenbakia) —> fitxa bilatzea errazteko

Aita: Izena

Haurra: Aner (Anerren jaiotza 2012ko uztailaren 22aren inguruan izango da)

Plan honekin zera adierazi nahi dugu: Anerren jaiotzea eta bere lehenbiziko egunak bizi nahi ditugula ahalik eta naturalen eta ahalik eta esku-hartze gutxienarekin.

Dena den, ulertzen dugu, konplikaziorik balego gure desioak ezin izango direla bete eta beharrezkoak diren interbentzio mediku guztiak gurekin kontsultatu eta baimena eman ondoren egitea eskatzen dugu.

  • Erditzeko lanean eta ospitalizazioan Anerren aitak, (aitaren izena), (amaren izena) laguntzea nahi dugu, baita instrumentalizaziorik egongo balitz ere.

  • Ez dugu erditzea hasi edo bizkortzeko sendagaietara jotzerik nahi.

  • Hasiera batean, ez dut anestesia epiduralik nahi. Mina kontrolatzeko, bainuontzia, pilota, masajeak, ariketak, arnasketak edo ospitaleak eskaintzen dituen beste baliabideak erabiltzea nahiago dut.

  • Esku-hartzea ahalik eta txikiena izatea nahi dugu, eskertuko dugu prozesu guztian ahalik eta osasun langile gutxien egotea.

  • Nik, (amaren izena), aukeratu nahi dut Aner erditzeko jarrerarik erosoena.

  • Osasun langileek hartu behar duten edozein erabaki guri galdetzea eta gurekin adostea nahi dugu (baita episotomia edo beste prozesurik behar balitz ere).

  • Zesarea izango banu, haurra jaio bezain pronto ikusi nahiko nuke. Ni kirofanotik beranduago aterako banintz, Anerrekin aitarekin egotea nahi dugu.

  • Zilborrestea taupadak izan bitartean ez moztea nahi genuke, taupadak geratzean (aitaren izena) moztea gustatuko litzaiguke.

  • Jaio bezain laster Aner (amaren izena)ren sabelaldean jartzea nahi dugu.

  • Edoskitze naturala lehen unetik ahalbidetzen laguntzea eskertuko dugu, eskatzen dugu biberoirik ez eskaintzea, ez eta txupeterik ere, eta ez diezaiotela koloniarik bota.

  • Jaio eta berehalako probak ez badira, benetan, zertan berehala egin; aurrerago edo sabel gainean dagoela egitea nahi dugu.

Aldez aurretik eskerrak eman nahi dizkizuegu guretzat hain garrantzitsua den unean laguntzeagatik.

Adeitasunez,