sabeletikmundura

Amatasunaren abenturari ekiteko bidean sorturiko bloga. Erabakia hartu genuenetik auskalo noiz artekoa.

Zer gertatu da nire sabelean azken 6 asteetan? (6+3) 2011/11/30

Filed under: Haurdunaldia,Lehen hiru hilabeteak,Medikuntzakoak,Sentimenduak — sabeletikmundura @ 5:38 pm

Nolabaiteko laburpentxo bat egingo dut iturri desberdinetako datuak baliatuz haurdunaldiko lehen 6 asteetan gertatzen denaz.

Hasteko, esan haurdunaldian zehar asteetan kontatzen ohitu behar duzula, eta asteen zenbaketa horretan, egiazki ez dela kontatzen haurdun zauden aste kopurua, azken hilerokoko lehen egunetik igaro diren asteak  baizik. Hortaz, sei aste eta piku hauetako lehen bi asteetan, nire sabelak ohiko lana egin du.

-Bigarren astearen amaieran (normalean kontatzen da, hilerokoaren lehen egunetik 15 egunera gutxi gora behera), obulazioa izan nuen. Eta obulazio prozesu hortan nire obuluak espermatozoide batekin topo egin eta batu egin ziren, eta orduan sortzen da ernalketa. Zigotoa deritzo ernalketaren emaitzari, eta zigotoak uterorako bideari ekiten dio. Zatiketa zelularra hasten da eta 16 zeluletatik aurrera morula deitzen zaio. Zelula zatiketak jarraitzen du eta blastula egoeran dagoelarik umetokian ezartzen da. Umetokian garatuko da jaiotzeko unera arte haurra izango dena.

– Laugarren astearen amaieran gutxi gora behera, hilerokoaren faltarekin eta proba egitearekin baieztatuko da haurdunaldia (nahiz eta sintomak ernalketaren hurrengo egunean bertan has daitezken -nekea, goragalea..-).  Laugarren astean dagoeneko nerbio sistema zentrala, bihotza, eskeletoa eta muskuluen lehen garapena hasten da. Nahiz eta oraindik gizaki itxurarik ez izan, garapena azkar ematen da, eta haurra osatuko duten ehunak etengabe garatzen joaten dira.

-5. astean, burutik isatsera esaten zaion neurria soilik 1mm ingurukoa da, baina bihotza, gibela, giltzurrunak eta hesteak azkar garatzen hasten dira dagoeneko. Garuna eta bizkar-hezurraren arteko hodia itxi egiten da eta besoak eta hankak osatuko dituzten atalen lehen itxura ikusten has daiteke. Begiko eta sudurreko zuloak ere ikusten hasten gara.

-6.astean, 2-4mm arteko luzera hartzen du dagoeneko. Aldaketarik garrantzitsuena bihotza dagoeneko taupaka erregularki hasten dela izaten da. Garai arriskutsu bat ere hasten da, 6 eta 10.asteen artean, malformazioak edo arazoak sortzeko arriskurik handiena baitago. Une honetan izaten da gehien zaindu beharreko garaia.

Amagaiaren gorputza aldiz, horrela aldatzen da hasiera-hasieratik  (kasutik kasura oso garapen desberdina duen arren, hau da gurea): bularrak hasiera-hasieratik oso sentikorrak ditut, minberak, izugarri hazi zaizkit, asko. Neke handiarekin daramat hilabete, lo hartzen dut aukerarik txikiena dudan bakoitzean, deseroso nago, sabela nahasirik nabaritzen dut, nekea, bularreko mina, janari batzuk gorrotatzea, beste batzuk berehala nahi izatea… azala aldatu zait, ilea eta azkazalak azkarrago eta indartsuago hazten ari zaizkit… eta sentimendu sumendia naiz. Maitasun handia daukat barruan, maite ditudanekin egoteko gogo eta beharra, enpatia handia eta negar eta  barre egiteko izugarrizko erraztasuna.

Aitagaiarengan ere ematen dira aldaketa asko. Beldurrak eta zalantzek toki gehixeago hartu dute, baina aurre egiteko gogoa are handiagoa da. Ilusioa asko piztu da eta etxea prestatzeko gogoa azkarregi doa (oraindik geratzen zaigun guztiarekin… gela goitik behera jarri nahi du). Etxean oraindik eta lan gehiago egiten du (eta lehen ere gehientxuena beregain hartzen zuen) eta mimatu egiten nau etengabe (lo egin behar dudanean lotan utzi, krema behar dudanean eman, bazkariak eta prest utzi…) laztan eta muxuak areagotu egin dira eta gure arteko maitasuna ere oraindik handiagoa dela ere esango nuke.

Beraz, ezin kexatu… dirudienez sabel barruko prozesua ondo doa (ez dago kontrakoa adierazten digun sintomarik behintzat), eta nahiko deserosoa izaten ari den arren, ilusio eta maitasuna askoz gehiago dira orain beraz, ezin zoriontsuago izan.

 

 

Azala… kremak… (5+5) 2011/11/25

Filed under: Haurdunaldia,Lehen hiru hilabeteak — sabeletikmundura @ 10:46 pm

Haurdunaldiaren hasiera-hasieratik (eta aurretik) elikadura, alkohola, tabakoa… zaintzeaz gain, denek, den-denek esango dizute azala zaintzeko, egunero krema emateko…

Eta bai, arrazoi osoa dute, azala ondo zaindu beharra dago, berehala aldatu egiten da eta gainera, orain lan handia du batez ere bular aldean hasieran, sabelean, iztarretan eta ipurdi aldean gero. Egia esan, normalean ez dut krema egunero emateko ohiturarik inoiz izan. Haurdun geratzeko asmoz hasi ginenean hasi nintzen esfortzu hori egin asmoz… baina tira 2-3 egunetik behin gogoratzea soilik lortzen nuen. Haurdun nengoenaren susmoarekin hasi nintzenean (nekea, bularretako izugarrizko mina eta bat-batean 4 taila handiago bihurtzea…) hasi nintzen egunero, oheratu aurretik krema hidratante normal bat ematen, masaje goxo-goxo batekin. Zortez, noizean behin, masajea jaso egiten dut eta gaitzerdi, gozamen bikoitza, erlaxazio totala.

Dena den, krema espezifikoak erabiltzea gomendatzen dute “antiestrias” deitzen direnak baina gainera “indicado especialmente para embarazadas” bada hobe. Jaso dudan lehenengo oparia, eta ilusio berezia egin didana, ahizparena izan da. Izugarri opari ona, espero ez nuena eta oso ondo etorri zaidana. Suavinex markako “antiestrias potenciador de elasticidad” 250ml formatuan + Body mist 100ml (dutxa ondorenerako lozio fresko-freskoa) +Mummy Balm Stick 4 gr (ezpainetakoa, bere usainarekin botalea kentzen duena) dakartzan kaxa polit polit batean.

Egia esan, ez nuen asmorik horrelako krema espezifikorik erosten hasteko, krema normal on batek berdin balio duela pentsatzen nuelako edo. Baina krema hau eta ezpainetakoa… probatuta, mesede handia egin didatela esan behar dut, eta agian hormonen kontua izango da, azala orain desberdin nabaritzea baina ziur kremak… ez didatela kalterik egin. Baina tranpa hortxe dagoela uste dut. Oparitarako formatu polit hori jartzen dute, edozeinek jakin eta berehala hori oparitzeko eta nolabait amagaia “engantxatzeko”. Oso usain goxoa dute, testura perfektua, gorputza primeran uzten dute… ezin gehiago eskatu.  Bai. Gehiago eskatu behar dugu.

Krema horiek, oso garestiak dira. Oso. Krema bakarrik erostera joan eta 400ml-ko formatuak 27 euro balio dituela ikustean zalantza handia sortzen da. Krema hidratante normal batek, 3-5 euro balio ditu formatu beretsuan. Benetan 20 euro horiek justifikatuak dira? Merezi du 2-3 aste iraungo didan kremarengatik horrenbeste ordaintzeak? Zalantza horiek piztu zitzaizkidan eta momentuan ez erostea erabaki nuen. Badut krema “zoragarri” hori egun batzuk gehiagorako… baina baditut kaxoian ere krema hidratante normala, aloe verazkoa… benetan… dirutza horrek horrenbeste merezi du? Egun pare batean gehiago pentsatuko dut… orain… zalantza izugarria da.

 

Denbora desberdin doa (5+5)

Filed under: Haurdunaldia,Lehen hiru hilabeteak — sabeletikmundura @ 11:46 am

Nekeak edo egoera berriko pentsamenduek eraginda, orain denborak beste erritmo bat dauka. Gauzak motelago egiten ditut, lasaiago, ez dago presarik ez estresik ere. Eguneroko gauzek beste denbora bat dute orain, lanean ere erritmoa lasaiagoa da, polikiago jaten dut, polikiago nabil kalean, polikiago dena.

Eta denok egin beharko genukeen kontua dela uste dut. Gizarte hau azkarrei doa, estresa eta presaren menpe bizi gara, denbora guztian erlojuari begira, korrika hara eta nora, egunean 20.000 gauza egin nahiean… eta ez. Hori ez da inorentzat ona. Beraz, hartu arnasa, begiratu paisaiari, egizue lo… eta hartu zuentzako denbora behar bestetan (edo ahal duzuenean…).

 

Kotxean (5+4) 2011/11/24

Filed under: Haurdunaldia,Lehen hiru hilabeteak — sabeletikmundura @ 11:27 am

Lanera joateko eta bestela ere, kotxea dexente erabiltzen dut, asko. Eta gainera istripu asko egoten diren errepide batean ibiltzea tokatzen zait maiz. Haurdun nagoenetik asko nekatzen naiz kotxean, baita ibilbide motz-motzetan ere. Eta asko kezkatzen nauen kontua da. Logure handia sartzen zait kotxera sartzearekin batera, automatikoa da.

Eta horrek, neurri berezi batzuk hartzera eraman nau. Hasteko abiadura jeitsi egin dut, orain poliki joaten naiz arreta mantentzen saiatuz. Haurdun daudenentzat berezi diren gerrikoaren egokitzaile bat erabiltzen dut (berez, bi hilabetetatik aurrera gomendatzen dena, baina lehen bait lehen erabiltzeak ez du kalterik egingo) eta egia esan askoz erosoago joaten naiz. (BeSafe markakoa, 50 euro inguru balio ditu). Eta kakahueteak eta horrelako gauzak eramaten ditut logureak erasotzen badit pixka bat berpizteko. Eta nola ez, geratu behar banaiz, nahiz eta lanetik etxera eta etxetik lanera 10-12 minutuko ibilbidea soilik izan… geratu egiten naiz eta Coca-cola bat hartzen dut (egunean gehienez lata bat hartzeko muga jarri diot nire buruari).

Amatxoen abiadura deitzen omen zaio orain daramadan abiadurari… baina zer nahi duzue esatea… nahiago poliki eta kontrol handiagoz joan, logurez ez baita berdin gidatzen.

 

 

Osakidetza jarraipena… eskasa? (5+2) 2011/11/22

Filed under: Haurdunaldia,Lehen hiru hilabeteak,Medikuntzakoak,Sentimenduak — sabeletikmundura @ 4:30 pm

Atzo idatzi nuen emaginaren kontsultan eman zizkiguten jarraibideei buruz… Eta zer nahi duzue esatea… pixka bat, hotza eta eskasa dela esango nuke behintzat hasierako jarraipena. Zergatik? Leku askotan irakurri dut lehen ekografia 6-8 asteen artean egiten dutela, haurra ondo kokaturik dagoen eta zenbat diren jakin eta dena ondo dagoen jakiteko. Lehen analisia ere garai beretsuan egiten dute bitamina, azido foliko, burnia… ondo ote dauden ikusteko ere bai.

Guri, lehen analisia 10.asterako programatu digute eta lehen ekografia 12.astean izango dugu. Bitartean ez dugu ez emagina ez ginekologoa ez inor ere ikusiko. Eta ez dakit hori nahikoa den. Horregatik jotzen dute askok klinika pribatuetara behintzat lehen hilabeteetako jarraipena egiteko.

Behin eta berriro esaten zaigu lehen 12 asteak oso oso garrantzitsuak direla, asko zaindu beharreko asteak direla, arrisku handiko asteak direla, haurra gehien garatzen den denbora dela… eta ia jarraipenik gabe igarotzen dira…

Zalantza izugarriak piztu dizkigu. Eta ziurrenik leku pribatu batera joko dugu zalantza horiek guztiak lasaitzeko. Behintzat dena ondo dagoela jakin nahi dugu. Ezin dugu urtarrila erdira arte horrela egon… luzeegia egingo da eta.

Aukera desberdinak bilatuko ditugu, baina klinika edo zentruren batean esperientzia positiboa izan baduzue asko eskertuko dugu. Guztiz galduta gaude eta.

 

Lehen bisita Emaginarenera (5+1) 2011/11/21

Filed under: Haurdunaldia,Lehen hiru hilabeteak,Medikuntzakoak — sabeletikmundura @ 7:38 pm

Gaur goizean izan dugu emaginarekin lehen kontsulta. Urduri samar itxaron dugu itxaron-gelan gure txanda eta gure izena entzutearekin batera sartu gara. Bi emakume. Emagina eta berarekin egoten den residentea (beno, emaginaren ordez dagoen emagina, ez dagokigun emagina).

Haurdun nagoelako joan garela esatearekin batera hasi da kontsulta. Zoriondu eta Haurdunaren Kartila batek bete bitartean, besteak ordenagailuko fitxa bete du. Galdera sorta luzea… informazio asko dena ondo jasotzeko…

-Azkeneko hilerokoa? …….. Orduan uztailaren 22rako daukazue.

– Aurrekariak? Bionak?

-Zerbait sentitzen duzu?

– Denetik jaten duzu?

-Erre? Alkohola?

-Kirola?

– Lehen haurdunaldia da?

– Botikarik hartzen duzu? Zergatik?

– ….

Proba fisikoak bi soilik… tentsioa eta pisua. Ezer gehiago ez. Gure ziurtasuna nahikoa da beraientzat. Pozgarria.

– Proba hauek egin behar dituzue orain… 10.astean analisia (abendu amaieran). 13.astean ekografia (urtarrilaren 12an). Eta ondoren ginekologoarekin kontsulta. Ezer gehiago ez.

Ondoren aholkuak etorri dira

– Denetik jan (barazki-frutak 5 aldiz egunean, 500ml esneki egunean, proteinak egunero, haragia ondo ondo egina, arraia astean 4 aldiz gutxienez, urdina Omega-3-duna, egunean 5 otordu arin).

– Kirol kardiobaskularrak suabe egin, hobe pasiatu eta igeriketa suabe-suabe egitea.

– Behar adina lo egin.

– Arropa erosoa erabili.

– Eguzkitako krema eman kalera ateratzerakoan beti, esku eta aurpegian.

– Azala ondo hidratatu, krema egunero eman.

-…….

Eta azkenik informazio pixka bat. Bi txostentxo eman dizkigu.

– Bat haurdunaldirako aholkuekin (gazteleraz).

– Bigarrena Down sindromea eta gaixotasunun kromosomikoak detektatzeko programaren inguruan. Hau gehixeago azaldu digu. Lehenengo analisi horietan neurtuko dutena eta ekografiak emandako informazioarekin gaixotasun horietariko bat izateko probabilitatea emango digute eta horren arabera amniozentesia egitea komeni den azalduko digute ekografiaren egunean bertan.

Egun horretan jakingo dugu ere bat bakarra edo gehiago diren… Luze egingo zaigu. Baina tira… hala izan beharko du. Hori omen da Osakidetzaren prozedimendu normala. Zain geratuko gara.

 

Gertu-gertukoei berria ematea 2011/11/18

Filed under: Haurdunaldia,Lehen hiru hilabeteak,Sentimenduak — sabeletikmundura @ 12:13 pm

Jakina da, lehen hiru hilabeteak direla arrisku handienekoak haurrari zerbait gertatzeko… eta epe hori bete arte, normalean, zabaltzea nahi ez den kontua izaten da haurdunaldia. Baina guretzat oso garrantzitsua zen, gertu-gertukoek jakitea… zerbait gertatuz gero ere, beraiek alboan izan nahi ditugulako eta gure poza, beraiekin konpartitu nahi genuelako.

Eta horrelaxe egin dugu. Gertu-gertukoekin soilik hitz egin dugu. Orain, gure sekretua, maite ditugunekin partekatu dugu eta nolabait, disimuluan, gezurretan, gaiaz aldatzen beraiekin ibiltzea ekidin dugu gainera, izugarrizko lasaitua hartuz. Eta orain, maite ditugun horiek, gehiago maite ditugu.

Halaxe izan zen… kaotiko samarra. Haurdunaldi froga bakarrik nengoela egin nuen… eta korrika telefonoa hartu eta mutilagunari deitu, eta deitu, eta deitu, eta deitu hasi nintzen… 16 dei zituen bi ordu beranduago telefonoa ikusi zuenean… Hasieran izugarrizko urduritasuna nuen, negarra, barrea… dena batera (egun hauetan askotan gertatzen zait…) eta lasaituko ninduen norbait behar nuen, beraz, haurdun dagoen lagunari sms bat bidali eta berak berehala deitu zidan, eskerrak! Berria asimilatu eta poz-pozik joan nintzen lanera. Lanera sartu baina minutu bat lehenago lortu nuen bikotearekin hitz egitea, eta berari ere… berria entzutean irribarrea nabaritu nion.  Elkartu eta lasai hitz egin ondoren gure gurasoei (aiton-amonak izango direnei) eta anai-arrebei esatea erabaki genuen (osaba-izebei).

Lehenengo nire gurasoen etxera joan ginen eta berria kontatzean ahizpa saltoka hasi zen poz-pozik eta aita ere korrika ni besarkatzera etorri zen begia malkotan zuelarik. Nire amari ere malkoren batek ihes egin zion. Lehenengo biloba eta lehenengo iloba izango da sabelean dudana eta oso pozik daude denak… gehiegi akaso… orain egunero deitzen didate ea zer berri, zer moduz…. luze egingo zaie haiei, eta niri ere luze bihurtuko didate bidea.

Hurrrengo beste aiton-amonen txanda izan zen. Hauek ez zuten sinisten. Amona izango denak hasieran ezetz esaten zigun, eta konbentzitzea lortu genuenean, shock egoeran geratu zen (ia-ia afaria erre zitzaion). Oso pozik zegoela esan zuen. Aitonak berriz…. ez zuen hitzik esan 10 bat minutuan… eta gero ere gutxi. Ilusio handia egin zion… malkoak alde egin zion eta dena… eta poz-pozik hartu zuen.

Bakoitzak, gertuko bi lagunei esatea ere erabaki genuen, gertukoeenei. Alboan izan nahi ditugulako. Eta horiek ere izugarri ondo hartu dute. Orain gure poza konpartitua da, pisua kendu dugu gezurretan ez ibili behar izateagatik… eta dena ondo joatea bakarrik geratzen zaigu…

Bitartean, irribarre absurdo eta polit batekin igarotzen dugu eguna.

 

Lehen asteak…. lehen sintomak, sentsazioak… 2011/11/17

Filed under: Haurdunaldia,Lehen hiru hilabeteak — sabeletikmundura @ 11:05 am

Beno, bi egun dira testa egin genuenetik… baina lehenago ere susmoa, ia ziurtasuna genuen haurdunaldiaz… Nabaritu egiten genuelako.

Aurrez esan dugun bezala, lehen egunetatik sabelpea oso arraro nabaritu dugu, mina, neke eta logure aguanta ezina,  ahalik eta tarte guztiak lo igarotzen ditut, mareo txiki batzuk jaikitzean, eta bularrak kantinplora bihurtzeko bidea oso azkar hartu dute, 2 astetan bularretakoa 3 taila handiagokoa erosi behar izan dugu korrika. Usaimena ere, superusaimen bihurtu da. Eta goragalea daukat usain fuerteak daudenean. Galtzak ere nahiko estu daramatzat dagoeneko sabel aldean.

Horrelakoa baita natura… emakume batetik bestera, haurdunalditik haurdunaldira oso desberdina… eta guk behintza dirudienez… guzti-guztia nabarituko dugu.

 

Badator… 2011/11/15

Filed under: Haurdunaldia,Lehen hiru hilabeteak — sabeletikmundura @ 10:26 am

Eta gaur tokatzen zen proba egitea… eta HAURDUN gaudela esan digu. Hortaz, uztaila amaieran besotan izango dugu dena ondo badijoa. Gure lagunarena baina hilabete beranduago. Ezin zen berri hoberik izan.