sabeletikmundura

Amatasunaren abenturari ekiteko bidean sorturiko bloga. Erabakia hartu genuenetik auskalo noiz artekoa.

Hazi egin gara 2013/11/02

Bada denbora bat blog hau nahiko isilik izan dugula…

Sabeletik Mundura, aldiz, ez da geldirik egon eta salto egin dugu webgune handiagora.

 

www.sabeletikmundura.com -en izango gaituzue hemendik aurrera.

logobaja

Advertisements
 

Loa eta ametsak (13+1) 2012/01/16

Filed under: Bigarren hiruhilekoa,Haurdunaldia,Lehen hiru hilabeteak — sabeletikmundura @ 9:00 pm

Haurdunaldiaren lehen sintomen inguruko informazioa bilatzen hasten zarenean (eta sentitzen hasten zarenean) normalean, nekea, ondoeza, lotarako zailtasunak edo behar izugarria, goragalea, bularretako mina, txiza egiteko behar handiagoa, usaimen areagotua, janari batzuek atzeraka ematea, antojoak, azaleko hazkura… topatuko dituzu. Haurdunaldiaren arabera batzuk pairatuko dituzu eta besteak ez. Baina sakonago bilatzen hasten bazara, eta bilaketa zehatza eginez gero, ohartzen zara, badela beste sintoma bat ere nahiko berezia dena.

Ametsetaz ari naiz. Haurdunaldiaren hasiera-hasieratik, amets arraroak izaten ari naiz. Arraroez gain, baita amets gaiztoak ere. Loa izugarri aldatu zait. Hasiera-hasieratik. Lo ordu luzez esnatu gabe ia ezinezkoa bihurtu da, sarri esnatzen naiz, urduri, galduta (eta txizagurez). Amets gaizto gehienak haurdunaldiarekin harremana dutenak izaten dira, eta horiek, justifika litezke haurdunaldiak berak eragiten dituen beldur, zalantza eta aldaketekin.

Amets arraroak dira ordea aztoratuen esnarazten nautenak. Bat-batean, iraganeko jendearekin zerikusia duten amets asko izaten hasi naiz, inolako harremanik ez dudan (ezta askorekin izan nahi ere) jendea etorri zait ametsen orduetara. Oso amets mugituak dira, ia konszienteak esango nuke, zeren gauero-gauero esnatzen naiz gutxienez hiru bat aldiz ametsaz oso-osorik gogoratzen naizelarik, oso urduri eta non nagoen ere ia ez dakidala. Minuto batzuk behar izaten ditut kokatu, pultso normala berreskuratu eta lasaitzeko.

Eta esan bezala, haurdunaldiaren inguruko kontakizunak egiten ari diren emakume askoren blogetan… ikusi dut nahiko ohikoa dela.

Ez dut azalpen zientifikorik aurkitu, batzuek diote arrazoi hormonalak direla, gorputza dantzan dagoenez, loak ere sakontasuna galtzen duela eta horregatik esnatzen garela maiz. Nonbait ere irakurri dut, aspaldi ona ekarritako berri baten hari beretik, iraganeko pertsona horiek ametsetan agertzea haurdunaldian garunak duen aldaketaren ondorio dela, auskalo zein kaxoi irikitzen zaizkigun eta.

Ez dakit zergatik izango den, baina  garai hau amaitzeko desiatzen nago. Nahikoa ez balitz gauero 3-4 aldiz txiza egitera jaiki behar izatea, amets arraro eta amets gaiztoak hain maiz izateak atsedena are zailagoa egiteko eta.

 

12.asteko ekografia (12+4) 2012/01/12

Filed under: Bigarren hiruhilekoa,Haurdunaldia,Lehen hiru hilabeteak — sabeletikmundura @ 1:01 pm

12.asteko ekografia Osakidetzan normalean egiten den lehena da, guztiz garrantzitsua. Bertan, haurraren neurri desberdinak hartzen dituzte eta sudurreko hezurra, bihotza, zainak… aztertzen dituzte gaixotasun kromosomikorik baduen ikusteko.

Alde teknikoaz gain, oso une polita da, umea oso-osorik ikusten da, argi-argi, besoak, eskuak, behatzat, begiak… dena ikusten da. Haurra mugitzen ikusten da baita ere, eta gure kasuan beste gauza bat ere, ez dena hain ohikoa hain goiz ikustea…. gure txikia mutila izango da, eta argi ikusi dugu guk, eta baita sendagileak ere… beraz, besteek baina goizago jakiteko pribilejioa izan dugu. %80ko ziurtasunaz esaten dute… baina sendagileak ziurtatu digu, eta guk ere ikusi diogu beraz primeran.

Sentimenduak azaltzea ez da batere erraza. Gu beldur puntu batekin joan gara, izan genuen sustoarengatik eta. Nahiko urduri egon gara itxaroten, eta gure izena entzutean, sartu, galdera batzuk erantzun (haurdunaldia nola doan, ea sustorik izan dugun, nola sentitzen naizen…) eta etzateko esan dit. Ez dut biluztu beharrik ere izan, sabeleko ekografia izan da eta primeran ikusi dugu. Berehala, ekografoa sabelean jarri eta hortxe agertu da. Dena primeran dagoela esan digu, gaixotasun kromosomikorik izateko arriskua oso-oso baxua dela. Neurri guztiak primeran daudela esan digu. Poz-pozik beraz.

Hemen alde teknikoa:

– Taupaden frekuentzia: 158 Ipm

LCN: 64,3

TN: 1,2

Beraz, ez dugu anmiozentesia egiteko beharrik, eta ez dugu egingo, proba horrek suposatzen dituen arriskuak altuak direlako.

 

Goragalea (12+1) 2012/01/09

Filed under: Haurdunaldia,Lehen hiru hilabeteak — sabeletikmundura @ 6:42 pm

12.astera iritsi gara, aste garrantzitsua da suposatzen baita aste honetatik aurrera haurra galtzeko arriskua asko gutxitzen dela batetik, eta bestetik, 12.asteko ekografia egiten delako (osakidetzaren jarraipen arruntean lehena) eta screening hirukoitzeko frogaren (analisia+ekografia) emaitza jakiteko unea delako ere.

Baina gaur ez gatoz honetaz hitz egitera. 12.astearekin batera gauza gehiago ere gertatzen dira, suposatzen da, lehen hiru hilabeteetako gauza desatseginak ere amaitzen hasi eta egonkorrago bihurtzen dela dena eta benetan gehiago gozatzeko aukera iristen dela. Ondoeza, nekea, goragalea… amaitzen diren unea izaten da normalean.

Tira, ba gure kasuan alderantziz gertatzen ari dela dirudi. Orain arte ez dut goragalea izan, ez naiz ibili usainengatik berehala botaka egin behar horrekin… eta orain hasi naiz, 12. astera iristerakoan. Eta ze gomendio bat-batean oka egiteko gogoa/BEHARRA datorkizunean egiteko? Ahal dela, urrundu berehala  eragin dizunarengatik eta balkoira edo leihora atera haize pixka bat hartu eta lasaitzera. Arnasa sakon hartu, erlaxatu… eta igarotzen ez bada, botaka egin. Une desatsegina da guztiz, baina gorputzak hori behar badu, hori behar du.

 

Bajak eta haurdunaldia (11+4) 2012/01/05

Filed under: Haurdunaldia,Lehen hiru hilabeteak,Medikuntzakoak — sabeletikmundura @ 2:20 pm

Gaur sendagilearenean egon naiz, azken asteetan bezala, bajaren luzapenaren papera jasotzea tokatzen zitzaidan eta sendagilearekin hizketan aritu naiz luze. Aste honetan emaginarekin ere egotea tokatu zait, sustoa izan genuenetik jarraipena behintzat maizago eta zorrotzago egiten didate eta.

Ni askoz hobeto sentitzen naiz, ez daukat horrenbesteko nekerik, bai, lo emango nuke egun ia osoa baina ez da lehenago bezala nekearen nekez mareatzera ere iristen nintzela, odol isuriak ere geratu ziren eta lanerako %100 sentitzen ez banaiz ere (ziurrenik hala izango da haurdunaldi osoan…) gogotsu nago lanera bueltatzeko. Baina emaginak, beste astebete atsedenean egoteko eskatu dit, 12. asteko ekografia egin eta dena ondo dagoen jakin arte behintzat. Beraz, sendagileak hori esatean beste astebeterako bajaren agiria eman dit.

Eta esan diot nola ni hobeto nagoen eta lanerako gogoz eta esan dit pozten dela, bera nazkatuta dagoela haurdun dauden emakumeekin eztabaidak edukitzeaz, haurdun egote soilagatik baja eskatzen dionean, bestelako arrazoirik justifikatu gabe. Berak esan didanez, lehen ez zen horrela izaten, lehen haurdun zegoen emakumeak bazekien lanera joan behar zuela benetako arrazoiren bat ez bazegoen hori eragotziko ziona. Gaur egun, ez da hala. Eskubideak irabazi ditugu eta batzuek, eskubide horiei oraindik gehiago tira nahi diete eta haurdunaldiko 9 hilabeteak + amatasun baja oso-osoa dena, bajan eman. Eta sendagileak argi esaten zidan, ez dago baja bat “haurdunaldiagatik” deitzen dena, ez dago. Eta baja ematen denean gaixotasun arruntagatikoa izaten da, eta hori emateko arrazoiak ere nahiko zehatzak izan behar dira. Nire kasuan “amenaza de aborto 1ª trimestre” deitzen den baja dut, lehen hiru hilabetea amaitzean, hortaz, bajan jarraitzeko beste arrazoirik ez balego ezingo nukeen baja hartu.

Beste kasu bat da “arrisku lan postuak” dituztenena. Badira zenbait lan hasiera-hasieratik bajan egotera eramaten zaituztenak (produktu kimikoekin lan egiten dutenak, arazoak dituzten pertsona erasokorrekin daudenak…) eta beste zenbait lan arriskutsuak izan arren oraindik ez dutenak “kategoria” hori (ni kasu honetan nengoke, batik bat, nire abortu mehatxua ere, laneko istripu batetik eratorria izan denean). Lan postu arriskutsuak dituztenen kasuan, uler nezake, bestelako arrazoirik gabe, eta lanpostuan arriskurik gabe postu batean birkokatzeko aukerarik ez dutenek, 9 hilabeteak bajan pasatzea, bestela ez.

Haurdunaldia ez da ezintasun bat, haurdunaldiak bizitza aldatu eta nolabait mugatzen dizun arren, garrantzitsua iruditzen zait, posible den bitartean bizitza errittmo normalari eusten saiatzea.

Are gehiago, oso garrantzitsua iruditzen zait, arrazoirik gabeko baja eskaerak haurdunaldian zehar, guztiz desagertu daitezela. Zergatik? Ez duelako ezertarako balio emakumeek eskubide berak ditugula aldarrikatzea, kontratazioetan adin ugalkorrean egoteagatik kontratatzen ez gaituztela salatzea… gu baldin bagara haurdun egotea aitzakiatzat hartuta, ez dagozkigun pribilejioak exijitzen ditugunak.

Baja behar duenak, har dezala, eta besteek gozatu haurdunaldia lanean ere.

 

Egonkortasuna (11+3) 2012/01/04

Filed under: Haurdunaldia,Lehen hiru hilabeteak — sabeletikmundura @ 2:06 pm

Guretzat oso garrantzitsua izan da, eta iruditzen zaigu guztientzat hala beharko lukeela (eta gehiago gaur egun), ingurune egonkor batean denboratxo batez egotea. Eta ez gara ekonomiaz (edo ez hortaz bakarrik) ari.

Oinarri-oinarrizkoa iruditzen zitzaigun gure arteko harremana une oso on batean zegoenean izan behar zuena, elkarrekin dugun harremana sendoa izatea, ia %100ean elkar ezagutzea eta bakoitzak bestearen akatsak onartu eta maitatzea ere. Bikote bakoitza mundu bat da, eta harreman bakoitzak bide desberdinak hartzen ditu, baina guk behintzat, elkarrekin bizitako gauza on eta batez ere txar guztien ondoren lortu dugun konplizatatea eta sendotasuna guretzat oinarrizkoa izan da “pausoa” emateko.

Ez dugu ulertzen, kolokan edo beti haserre dagoen bikote batek, edo harreman guretzat “txar” bat daramatenek (sumisio-aginte harremanak, menpekotasun osozkoak, bortitzak…) egoera hobetuko duelakoan haur bat izaterik. Hori guztia haurrak ordaindu beharko du eta.

Ez dugu ulertzen ere, presio sozialagatik, adin batera iritsi eta mundu guztiak gauza bera esaten duelako… haur bat izatera “behartuta” sentitu eta haurra izatea erabakitzen dutenen kasua ere. Hori guztia haurrak ordainduko du eta.

Ez dugu ulertzen ezta ere, haur batek eskatuko duen guztia kontuan hartu gabe haurra izatea erabakitzen duten jendea ere. Haur batek, maitasuna, denbora, lasaitasuna… eskatuko ditu, eta horretarako prest egon behar da, haurrak bizitza aldatuko dizula onartu behar duzu haurra izatea erabaki aurretik. Gai izan behar duzu objektiboki baloratzeko ea ume horrek eskatuko dizuna emateko gai izango zaren, ea benetan bizitza aldatu nahi duzun berak eskatzen dizunera.

Baina tira… mundua ez da ideala. Eta zoritxarrez, horrelakoak pairatzen dituzten ume asko ikusten ditugu inguruan. Eta izugarrizko pena ematen digute ume horiek.  Baina beno, badakigu gure kasua ez dela hori behintzat a priori.

Behar genuen denbora eta mentalizazioari tokia egin diegu erabakia hartu aurretik eta orain oso seguru (egunean eguneko beldurrak beldur) gaude. Zortea dugu haurrari eskatzen digun denbora eskaintzeko moduko lana dugulako, zortea dugu lanak haurrari hain beharrezkoa zaion bularra emateko aukera uzten didalako, pozik biok lanean egoteak ere ziurtasun ekonomiko bat ekarri digulako (behintzat oraingoz), pozik ere ematen duelako gure haurrak guk baina egoera politiko eta sozial egonkorragoa izango duelako, pozik ere, gertukoenek oso pozik jaso dutelako haurtxoa datorrenaren berria. Eta batez ere pozik, haurra jaio baina askoz lehenagotik ere, izugarri maite dugulako.

 

Sabela (11+1) 2012/01/02

Filed under: Haurdunaldia,Lehen hiru hilabeteak — sabeletikmundura @ 1:20 pm

Haurdunaldian sabela noiz ateratzen hasten den misterio handia da. Ez dago datarik (ia denerako nolabaiteko data orientatiboak ematen badizkizue ere), ez daude bi haurdunaldi berdin…

Uste dena baina gehiagotan gertatzen da haurdunaldi hasieran argaltzea (pisua galtzen da gorputzak lan handiagoa egiten duelako) eta gure kasua ere halakoa izan da. Pisua galdu dugu lehen asteetan eta orain bapatean, astebeten sabela atera zait eta egunetik egunera borobilago dago.

Misterioa da. Nola den posible astebeten gorputza horrenbeste aldatzea. Orain zailagoa da disimulatzea… baina tira… poz-pozik gaude, haurdunaldia aurrera doan seinalea da eta.

Bide batez, urte berri on.