sabeletikmundura

Amatasunaren abenturari ekiteko bidean sorturiko bloga. Erabakia hartu genuenetik auskalo noiz artekoa.

Zorabioa, ondoeza… bigarren eskolan (32+1) 2012/05/28

Filed under: Haurdunaldia,Hirugarren hiruhilekoa,Medikuntzakoak — sabeletikmundura @ 1:42 pm

Gaur izan dugu erditzea prestatzeko bigarren eskola. Gai oso interesgarriak jorratu ditugu: hasieran, perineoko masajea nola egin eta honen garrantzia, pilatesen… erabiltzen diren pilotetan eseri eta mugimenduak egitearen garrantzia… eta episotomia, erditzean erabili ditzaketen instrumentuak, analgesia epiduralaren inguruko gora beherak (zer eragiten duen, zer behar den, noiz ematen den, bakoitzak honen inguruan zer pentsatzen duen…), hasierako zatia erditzeaz beraz izan da eta amaieran, erditze aurretik ematen diren “sintomak” edo seinaleak azaldu dizkigu. Seinale hauek ez dira erditzea berehala izango denaren seinale, gorputza erditzerako prestatzen ari dela adierazten dute eta seinale ontzat hartu behar dira 37.astearen inguruan ematen badira (askoz lehenago bada, erditzea aurreratzeko arriskuaren seinale izan diatezke, eta arretaz jarraitu eta larrialdietara joateko arrazoi izan daitezke). Hauek dira:

– Sabel handia izatea (ebidentea, baina sabel handia izateagatik inor ez da joaten larrialdietara).

– Muki-tapoi edo tapoi mukosoa botatzea. Tapo honek haurdunaldi osoan zehar babestu du matrizerako sarrera eta tapoia botatzeak ez du esan nahi erditzea berehala izango denik. Bataz beste 15 egun lehenago isuritzen da. Tapoia muki antzekoa izaten da, eta sarri odolarekin nahasturik isuritzen da (isurtzean, baginako paretetako kapilarren bat odoletan hasi delako. Ez da bat-batean erortzen den “kortxoa”, gutxinaka isurtzen da. Fluxu normala baina sendoxeagoa izaten da eta batzuetan hilerokoarekin isurtzen diren koaguluen antza har diezaiokegu. Dena den, koaguloa ez dela jakiteko ukitu eta hausten ez dela nabarituko da, luzatu… egiten da. Haurdun dauden emakume guztiek isurtzen dute tapoia erditu aurretik.

– Kontrakzio irregularrak izatea. 6.hilabetetik aurrera haurdun guztiek izaten (omen) ditugu kontrakzioak. Batzuek nabaritzen dituzte, besteek ez. Braxton Hicks kontrakzio bezala ezagunak dira hauek, eta umetokia eta haurra bera ohitzen joateko izaten direla uste da. Normalean, kontrakzio hauek ez dute mina eragiten (sarri ez dira nabaritzen). 37. astetik aurrera normala izaten da kontrakzio irregularreko tarteak izatea (intentsitate, tarteko denbora eta irauten duten denbora desberdinak batetik bestera). Kontrakzio irregularrak izateak ez du erditzea berehala izango denik esan nahi, baina kontrakzio irregularrak ez dira tapoia isurtzea bezala denek izaten duten sintoma, beraz, agian kontrakzio irregularren tarterik gabe iritsi zaitezke erditzera.

Hori da gutxi gora behera gaur eskolan landu duguna. Gaur gainera, dexente gehiago izan gara, emakume berri dexente egon dira eta gaur, guztira 4 bikote egon gara, beraz, mutilak ere animatzen hasi direla dirudi.

Baina hori ez da gaurko anekdota. Gaurko eskola hasi eta 5-10 minutura, zorabiaturik sentitzen hasi naiz. Nire bikoteari esan diot eta ur apur bat edan dut ea pasatzen zitzaidan. Okerrago jartzen hasi naiz eta komunera joan naiz aurpegia, eskumuturrak eta lepoa bustitzera. Itzuli naizenerako denek zekiten gaizki nengoela (antza denez, zuri-zuri nengoen eta emaginak berak galdetu dio bikoteari ea ondo nengoen). Oso ohikoa dela esan du emaginak, udaran 4-5 izaten dituela etzanda eskola osoan zehar eta ea etzan nahi nuen. Hobetoxeago nengoenez, eserita jarraitu dut tartetxo batez, baina berriro okerrago jarri eta etzanda egotea tokatu zait. Eskola ia osoa etzanda eman dut, ezkerreko alboaren gainean eta burua eta oinak goraxeago (beraz, nik gaur azaltzeko eskatu diodan perineoko masajea nola eman ez naiz enteratu, eskerrak paper bat eman digun eta bikoteak behintzat ulertu duen). Eskolako azken zatian lurreko koltxonetan eserita eman dut (emaginaren nahien aurka, norbait zorabiatzen bada eskola amaiera arte etzanda edukitzen duela esan dit eta… baina lehenengoa nintzenez…). Beraz, gaur “espektakulotxoa” eman dugu.Tentsio jaitsiera bat edo izango zen, gero errekuperatu egin naiz eta.

 

Biluztasuna (31+5) 2012/05/24

Filed under: Haurdunaldia,Hirugarren hiruhilekoa,Sentimenduak — sabeletikmundura @ 11:45 pm

Haurdunaldiak badu zerbait berezia, naturala, barne-barnekoa. Haurdun zaudenean zure gorputzak erritmo naturalak hartzen ditu, berezkoak, eta nahiz eta zuk gaur egungo bizi erritmo eta egin beharren arabera aldatzeko asmoa izan, normalean berak irabazten du.

Eta hala izan behar du. Zure eguneroko erritmo eroa jarraitu nahi izan arren, gorputzak nekea eta logurea bidaltzen dizu, etengabe, gera zaitezen. Gorputzari entzuten ikasten duzu. Azukrea edo gatza eskatzen dizu, ibiltzea edo etzatea, negar egitea edo barre egitea, postura bat edo beste bat…

Eta animali izaera hori dakarkizu. Haurdunaldian zure gorputzak bidaltzen dizkizun seinaleek ez dute gaur egungo bizi erritmoaren berri, ez dute errespetatzen XXI.mendeak ekarri digun eromena… milaka eta milaka urtetan zehar garatu den eta gure geneetan daramagun zerbaitek bidaltzen dizkigu seinale hoiek, horrek bihurtzen gaitu animali.

Eta bide horretan, nik behintzat, biluztasuna dut egoera erosoen. Baliteke arropa asko deseoroso ditudalako izatea, gorputza horrenbeste aldatu izanak eta azalaren sentikortasunaren aldaketak sortzea “behar” hori… baina nik hori baina gehiago dela uste dut. Animali izate horrek eskatzen duen zerbait dela. Dutxa eta bainu gehiago eskatzen dizkidan bezala. Urarekin harreman zuzenagoa. Plazer handiagoa sortzen duena. Eta uretatik ateratzean biluzik etzatea, eta halaxe jarraitzea tarte luzez. Hoztu gabe noski, zerbaitekin estali behar bada estalita, baina arropa, ezkutatze hori ekidinez.

 

Erditzerako prestakuntza ikastaroa (31+1) 2012/05/21

Filed under: Haurdunaldia,Hirugarren hiruhilekoa,Medikuntzakoak — sabeletikmundura @ 2:43 pm

Emaginak haurdunaldi hasieran ikastaroa apirila erdialdean egin behar nuela esan zidan arren, gaur izan dugu ikastaroa hasteko aukera, nahi baina beranduago eta osorik egiterik izango ote dudan zalantzarekin. Guri Osakidetzan eskaini diguten ikastaroa 8 astez luzatzen da, astean bi orduko saio bakarrarekin, beraz, bukatzen dugunerako 38 astean egongo gara, eta ezin jakin haurra besoetan harturik joan beharko dugun edo zer, hala ere, ez gara taldean haurdunaldia aurreratuena dutenak, bada 33 asteko beste bat eta gu bezala dagoen beste bat, beraz ziurrenik ez gara zalantza horrekin gauden bakarrak.

Ikastaroa, esan bezala, gaur hasi dugu. 8-9 haurdun eta bi gizonezko bakarrik emaginarekin batera. Gaur, ikastaroaren nondik norakoak kontatu dizkigu, 4 atal nagusi izango dituela azaldu digu: informazioa, gorputza lantzea, beldurrak lantzea eta gogoratzen ez dudan laugarren bat. Asko hitz egingo dugula esan digu eta uneoro gure beharrak asetzea izango dela helburua, beraz, taldearekiko malgua izango dela. Oso perfil desberdinak gaude eta horrek zalantzan utzi nau.

Gure buruak aurkeztu eta ikastaroaz zer nahi dugun azaldu dugu denek hasieran, eta nago, gure profila ez dagoela taldearenarekin konkordantzian. Askok aipatu dute erditzeari beldurra diotela… eta erditzea zerbait negatiboa bezala aurkeztu dutela iruditu zait. Erditzeari beldurra galtzera zijoazela esaten zuten. Eta nik aldiz, erditze naturala nahi dudala eta baliagarri izan daiteken informazio zuzenaren bila nindoala. Ez dakit jasotzerik izango dudan, emaginaren aldetik baietz esango nuke, edoskitzea eta haurdunaldiaren naturaltasunean sinesten duelako, baina ez dakit taldeak ez ote duen gehiegi baldintzatuko. Ikusiko dugu.

Gaur, gauza asko hitz egin ondoren, haurdunaldian eragiten duen “anatomia” azaldu digu, hurrengo saioetan gauza bakoitza berriro ez azaldu behar izateko.

Gaurkoa elikagarria izan da, batez ere, beste gizonezkoak animatu eta etortzearen garrantzia azpimarratu duelako. Guretzat, normalena zen aukera izanik bikotea ere etortzea, eta bagenuen nolabaiteko zalantza ea beste gizonezkorik etorriko ote zen, eta polita izan da beste gizonezkoa sartu denean hartu dugun lasaitua.

Nire buruari galdetzen diot… horrenbesteko beldurra badiote neska horiek guztiek erditzeko uneari… lagunduko dienak bertan egoteko ahalegina egitea ez litzateke beharrezkoa? Askotan ezin izango da, baina pentsa… haurragatik baino, zure bikotekideagatik eta zuregatik egiten duzula.

 

Azukrearen proba luzea (O┬┤Sulliban testa) (30+4) 2012/05/17

Filed under: Haurdunaldia,Hirugarren hiruhilekoa,Medikuntzakoak — sabeletikmundura @ 1:50 pm

Lehenago egin behar banuen ere, proba egin behar nuen egunen bezperetan beti izan dut zerbait (botaka gaua, beherakoa, lorik eza…) proba atzeratu behar izan dut gaur arte. Gaur ere gau txar samarra izan arren, gehiago ezin zitekenez atzeratu proba egitera joan gara.

Hau da prozesua: lehenengo behatzean ziztada duzun glukosa ikusteko (kasu honetan 92) eta ondoren lehen analisia egiten dizute, besotik tututxo bat odol aterata. Jarraian, berehala glukosa 100mg-ko kontzentrazioa (uste dut) duen “zuku” bat edan behar duzu azkar samar eta atsedenean egon (ez ibili, ez atera anbulategitik… oinarrian, anbulategiko aulki erosoan eserita egotea besterik ez duzu). Zukua edan eta 60min, 120min eta 180minutura ateratzen dizute odola berriro, aldiro tututxo bat.

Berez, proba ez da deseorosoa, ziztadak jasan beharra eta 3 orduz eserita egon beharra ditu aurka, baina ez da hori bakarrik. Kasu askotan “zukuak” gorputzean sortzen duen erreakzioa ez da batere ona izaten, eta orduan, oso gaizki pasatzera iris daiteke. Nire kasuan, zukua edan eta 25 bat minutura hasi naiz gaizki sentitzen, goragale izugarria eta zorabioak, ezinegona… Eta horrela pasa dut ia goiz osoa. 60 minutura egiten den analisia egiteko erizainaren kontsultan sartu naizenean eta etzan bezain laster erizainak antzeman dit gaizki nengoela, zuri-zuri omen nengoen eta ez, ez nuen hizketarako batere gogorik. Analisia egin eta gela hori libre zegoenez etzanda geratzen utzi dit hurrengo analisia egin arte eta horrek mesede egin dit. Hala ere, ordubete hori ere ez da erraza izan, goragalez jarraitzen nuen eta zorabiatua nengoen.

120 minutuetara egiten den analisiaren ondoren, tartetxo bat etzanda eman dut eta gela hori behar zutenez berriro itxaron gelako aulkietan eseritzera joan behar izan dut. Hasierako tartea nahiko txarra izan da baina gorputzak zukua prozesatu ahala hobeto sentitzen hasi naiz eta azken analisia iritsi da azkenean. Mina eman dit azken ziztada honek, 4 aldiz beso berean ziztatzea ez da batere erosoa eta… baina ondo joan da.

Eta batez ere, analisi hori egin eta etxera etorri eta bazkaltzeko aukera izan dudala izan da onena, lehenago aipatu ez badut ere, izugarrizko gosearekin altxa bainaiz gaur. Proba hau egiteko, lehen analisia baino 12 ordu lehenago ezer jan gabe egoteko eskatzen dute… eta proba amaitzerako 16 bat orduz ezer jan gabe egoten zarela kontuan hartu behar da… eta haurdunaldian hori ez da erraza.

Orain emaitzen zain geratzea eta ondo ematea besterik ez dugu.

 

3D, 4D ekografia (30+3) 2012/05/16

Filed under: Haurdunaldia,Hirugarren hiruhilekoa — sabeletikmundura @ 1:16 pm

Teknologiak aurrera egin ahala haurdunaldia ere kontrolatuagoa izaten ari da, eta horretarako aukera desberdinak sortzen zaizkigu. Orain, oso zabaldurik dago 3D edo 4D (3D mugimenduan erakusten duen teknika) ekografia egitea haurdunaldiaren azken txanpa aldera haurtxoa hobeto ikusi eta jaio aurretik nolakoa den ikusi ahal izateko.

27-32 asteeen artean egitea gomendatzen dute lekurik gehienetan, aurretik aurpegia horren ondo formaturik ez dagoelako eta ondoren haurtxoak toki eta likido amniotiko gutxi izaten duelako eta zailagoa delako ongi ikustea. Hasiera batean, ez egitea pentsatzen genuen, ez baita proba mediko bat, haurraren formazioa eta arazo posiblerik ba ote dagoen ikusteko egiten dena, kapritxoz egiten den proba da, eta hortaz ordaindu beharrekoa.

Baina haurdunaldi nahiko gora-beheratsua izan dugunez egitea erabaki genuen. Aukera desberdinak begiratu ondoren, Gipuzkoa aldeko hainbat kliniketara deitu, prezioak galdetu, noiz egiten den eta zer ematen duten kontsultatu ostean eta foroetan hara eta hona ibili ondoren, Donostiako Quiron klinikan egitea erabaki genuen. Ez da lekurik merkeena, guri 150 euro kosta zaigu, baina erreferentzia oso onak ditu eta lehen aldian haurra ondo ikusten ez bada beste egun batean itzultzeko aukera ematen dute.

Eta halaxe behar izan genuen guk. Aurreko astean joan ginen (29+3 egunean), eta 45 minutuz saiatzen egon zen sendagilea ea gure semeak aurpegia erakusten zuen, baina zaila zegoen. Zilborrestearekin jolasean ari zen hasieran, aurpegi inguruan zuen eta uneoro bere bila zebilen eta xurgatzen hasten zen, hortaz, aurpegitxoa estali egiten zion zilborresteak. Mugimendu eta jarrera desberdinak frogatu arren, zilborrestea apur bat kentzea lortu genuen unean oinak eta eskutxoak jarri zituen aurpegi aurrean… beraz… ezin. 45 minutuen ostean, eskailerak igo eta jaistera bidali ninduten eta mugimendu desberdinak egitera ea haurrak aurpegia erakutsi nahi zigun… 10 minutuz ibili nintzen gora eta behera eta kontsultara itzuli ginen. Oraindik hankatxo eta eskutxoak aurpegian zituen, eta beste 30 bat minutuz saiatu arren ez genuen aurpegia osorik ikusterik lortu, beraz, egun batzuk beranduago itzultzeko ordua eman ziguten.

Astelehenean joan ginen berriro (30+1) eta ez zuen aurpegitxoa erakusteko gogo gehiegirik. Oinak eta eskutxoak dantzan zebilen, aurpegi inguruan uneoro… baina tira 20 bat minutu generamatzanean, lo hartu zuen eta orduan ikusteko aukera izan genuen, esku eta oinak aurpegi inguruan zituen baina zatika eta une batzuetan osorik ikusterik izan genuen. Une batean buelta erdia eman eta nire bizkarrera begira jarri zen, antza denez, lo egiten zegoela ez zion grazia gehiegirik egiten gu bera ikusten egoteak… Bigarren egun honetan ere 75 bat minutuz egon ginen haurra ikusten. Mugimendu desberdinak, aurpegiko keinuak, sukzio erreflexua oso ondo duela ikusi, ezpainak eta ahoa ondo itxirik dituela, zer nolako malgutasuna duen… oinak buru atzean zein erraz jartzen dituen.. ikusi genuen. Eta neurriak hartu eta hortaz gutxi gora beherako pisua ere eman ziguten. Lehen egunean 1400gr, bigarrenean 1600 pasatxo. Azkar hazten ari da.

Gomendatuko genukeen… zalantzak ditut. Gomendatuko nuke guk egindako lekuan egitea, kontsulta bateko prezioan egin baikenituen bi egunak, eta oso tratu ona jaso genuen. Azalpen pila eman zizkiguten eta asko ikasi genuen haurdunaldiaz eta haurraren formazioaz…

Eta haurra horrela ikustea oso polita den arren, ez dakit “magia” apur bat galtzen ez ote den jaio aurretik horrelako definizioan ikustean.

Bestalde, argazkiak eta bideoak eman zizkiguten eta ziur polita izango dela urte batzuk barru berari erakustea eta guk ikustea ere bai. Hortaz, norberak erabaki dezala.

 

Hirugarren mugarria, azken txanpa (28+5) 2012/05/04

Filed under: Hirugarren hiruhilekoa — sabeletikmundura @ 9:05 pm

Eta iritsi gara azken txanpara, azken hiruhilekora. Haurdunaldiaren 2/3ak igaro ditugu eta azken txanpa bakarrik geratzen zaigu (badira pare bat aste, haurdunaldia 40 astekoa bada, herena 13 aste dira, bi heren 26 aste).

Azken egunak hobetoxeago doaz eta pozik gabiltza. Badira egun batzuk odol galerarik ez dugula, zorabioak ere asko gutxitu dira eta indartsuago sentitzen naiz.

Beraz, azken txanpa indartsu hasi dugu eta hala amaitzea espero dugu.