sabeletikmundura

Amatasunaren abenturari ekiteko bidean sorturiko bloga. Erabakia hartu genuenetik auskalo noiz artekoa.

Hazi egin gara 2013/11/02

Bada denbora bat blog hau nahiko isilik izan dugula…

Sabeletik Mundura, aldiz, ez da geldirik egon eta salto egin dugu webgune handiagora.

 

www.sabeletikmundura.com -en izango gaituzue hemendik aurrera.

logobaja

 

Erditze planarekin aurrera (36+4) 2012/06/28

Filed under: Haurdunaldia,Hirugarren hiruhilekoa,Medikuntzakoak — sabeletikmundura @ 3:36 pm

Oso pozik gaude erditze plana eramaten ari den bidearekin eta eskerrak eman nahi dizkiogu Donostiako Ospitaleari.

Astelehen gauean, 23ak inguruan, emailez bidali genuen Pazienteak eta Erabiltzaileak Atenditzeko Zerbitzura email bidez gure erditze plana. Goizeko 8etarako jasoa zutela esanez idatzi ziguten eta harremanetarako telefono bat eskatuz. Guk erantzun aurretik, eguerdiko 12ak inguruan etxera deitu zuten jaso zutela esanez eta zegokion zerbitzura bidaliko zutela eta gurekin handik harremanetan jarriko zirela esanez.

Behintzat, aintzat hartu duten seinale bada. Orain erditzeko eguna nola joaten den itxaron beharko dugu, eta dena ondo joaten bada, errespetatuko dutela pentsatuz joateak segurtasun handia eman digu.

 

Haurdunaldiko ohiko probak (36+4)

Filed under: Haurdunaldia,Hirugarren hiruhilekoa,Medikuntzakoak — sabeletikmundura @ 3:29 pm

Haurdunaldia ondo badoa eta ohikoa bada, Osakidetzan gaur egun jarraipen hau ematen zaio:

– Hiruhileko bakoitzean odol eta gernu analisi bat.

-Azukrearen proba.

– Hiruhileko bakoitzean ekografia bat.

– Azken asteetan erditze kanalaren inguruan dauden bakterien azterketa bat.

– 12.astetik aurrera, hilabetean behin edo ginekologoa edo emaginarekin tentsioa, pisua, haurraren bihotz taupadak eta batzuetan taktoa.

– Azken asteetan, ginekologoarenganako edo emaginarenganako bisitak astean behin izaten dira.

Beno, gauzak honela, gu ere haurdunaldiaren amaierara heltzen ari garenez, gaur azken odol eta gernu analisia egin dugu eta datorren astean bakterien froga egingo digutela uste dugu eta horrekin batera, asteroko bisitak egiten hasiko garela… hori… datorren astera erditu gabe heltzen bagara behintzat.

 

Azaleko ildoak (estriak) (35+2) 2012/06/19

Filed under: Haurdunaldia,Hirugarren hiruhilekoa — sabeletikmundura @ 5:19 pm

Haurdunaldiaren beste ondorio zabalduenetakoa izaten dira azaleko ildoak edo estriak. Horiek ekidin eta hobetzeko merkatua oso zabala da gaur egun, kremak, olioak… eta azalaren hidratazioa hobetzen duten arren eta gehiago ateratzea ekidin dezaketen arren, azala hautsi behar bada, hautsiko da.

Ni oso pozik nengoen sabel aldean ez zitzaidalako orain arte ildorik atera. Bularrean bai, bularrean asko eta berehala atera ziren, krema eman arren, bularrak bat-batean izugarri hazi zitzaizkidan eta azalak ezin izan zuen hori jasan. Onartuak nituen dagoeneko horiek nahiz eta nolabaiteko frustrazioa sortzen duten.

Orain aldiz, sabelaren erdialdean atera zaizkit bat-batean dexente, zilbor inguruan. Bi egunetako gauza izan da, bat-batekoa. Krema eman arren ere atera dira, azalak ezin izan du jasan horrenbeste luzatzea eta krask egin du. Horrekin bizi beharko dugu. Gainera, ezin jakin sabela bere neurrira itzultzean zenbateraino ikusiko diren… denborak esango du.

Hala ere, hain seinale txarra ere ez da… alde ona bilatzen badiogu, haurrak orain abiadura handian hazten egon behar du, eta azala bat-batean hauste hori, horren seinale izan liteke.

 

Edoskitzeaz prestakuntzako eskolan (35+1) 2012/06/18

Filed under: Haurdunaldia,Hirugarren hiruhilekoa — sabeletikmundura @ 1:22 pm

Gaurko eskola monografikoa izan da, edoskitzearen inguruan. Edoskitze naturalaren abantaila eta desabantailez hitz egin dugu, hasieran bakoitzak bururatzen zitzaizkionak esan eta ondoren emaginak atera diren gaiez hitz egin du beldur/mito/gezurrak direnak azalduz…

Ez naiz abantailak eta desabantailak azaltzen hasiko, bakoitzak jakingo du haurrari zer eman nahi dion, zer nahi duen beretzat. Dena den, Carlos Gonzalezen “Un regalo para toda la vida” irakurri gaia interesatzen bazaizu.

 

Argazkiak (34+4) 2012/06/14

Filed under: Haurdunaldia,Hirugarren hiruhilekoa — sabeletikmundura @ 10:07 pm

Haurdunaldian gorputza asko aldatzen da, eta hori, denborarekin ahaztu egiten dela uste dut… eta hori gerta ez dadin zer hoberik argazki sesioak egitea baino? Nahi adina aukera dago, hilabetero edo astero jarrera berean argazkiak atera eta gero eboluzioa ikusteko moduan jartzea… tripa handia dagoenean argazkiak ateratzea… Interneten nahi adina ideia topatuko dituzue.

Irudia

 

Erditze plana, gure eredua (34+2) 2012/06/12

Filed under: Haurdunaldia,Hirugarren hiruhilekoa,Medikuntzakoak — sabeletikmundura @ 9:38 pm

Gu sarean hara eta hona erditze planen ereduen bila ibili gara, ondoren gurea egin ahal izateko, eta norbaiti baliagarri izango zaiolakoan gurea hemen jartzea erabaki dugu. Aurreko sarreran esan genuen bezala, hasieran prestatu genuen zirriborroan puntu dexente gehiago genituen, baina laburtu egin dugu artatuko gaituztenek begiratu bakarrean irakurtzeko modukoa izan zedin eta orri bakarrean sartzeko. Hauxe da:

Donostiako Ospitaleko Pazientearen Arreta Zerbitzuari eta erditze zerbitzuari zuzendua.

(amaren izena)ren ERDITZE PLANA

Ama: Izena (NAN zenbakia) —> fitxa bilatzea errazteko

Aita: Izena

Haurra: Aner (Anerren jaiotza 2012ko uztailaren 22aren inguruan izango da)

Plan honekin zera adierazi nahi dugu: Anerren jaiotzea eta bere lehenbiziko egunak bizi nahi ditugula ahalik eta naturalen eta ahalik eta esku-hartze gutxienarekin.

Dena den, ulertzen dugu, konplikaziorik balego gure desioak ezin izango direla bete eta beharrezkoak diren interbentzio mediku guztiak gurekin kontsultatu eta baimena eman ondoren egitea eskatzen dugu.

  • Erditzeko lanean eta ospitalizazioan Anerren aitak, (aitaren izena), (amaren izena) laguntzea nahi dugu, baita instrumentalizaziorik egongo balitz ere.

  • Ez dugu erditzea hasi edo bizkortzeko sendagaietara jotzerik nahi.

  • Hasiera batean, ez dut anestesia epiduralik nahi. Mina kontrolatzeko, bainuontzia, pilota, masajeak, ariketak, arnasketak edo ospitaleak eskaintzen dituen beste baliabideak erabiltzea nahiago dut.

  • Esku-hartzea ahalik eta txikiena izatea nahi dugu, eskertuko dugu prozesu guztian ahalik eta osasun langile gutxien egotea.

  • Nik, (amaren izena), aukeratu nahi dut Aner erditzeko jarrerarik erosoena.

  • Osasun langileek hartu behar duten edozein erabaki guri galdetzea eta gurekin adostea nahi dugu (baita episotomia edo beste prozesurik behar balitz ere).

  • Zesarea izango banu, haurra jaio bezain pronto ikusi nahiko nuke. Ni kirofanotik beranduago aterako banintz, Anerrekin aitarekin egotea nahi dugu.

  • Zilborrestea taupadak izan bitartean ez moztea nahi genuke, taupadak geratzean (aitaren izena) moztea gustatuko litzaiguke.

  • Jaio bezain laster Aner (amaren izena)ren sabelaldean jartzea nahi dugu.

  • Edoskitze naturala lehen unetik ahalbidetzen laguntzea eskertuko dugu, eskatzen dugu biberoirik ez eskaintzea, ez eta txupeterik ere, eta ez diezaiotela koloniarik bota.

  • Jaio eta berehalako probak ez badira, benetan, zertan berehala egin; aurrerago edo sabel gainean dagoela egitea nahi dugu.

Aldez aurretik eskerrak eman nahi dizkizuegu guretzat hain garrantzitsua den unean laguntzeagatik.

Adeitasunez,

 

Prestakuntzarako 4. eskola, erditze plana, arnasketak, zaintza. (34+1) 2012/06/11

Filed under: Haurdunaldia,Hirugarren hiruhilekoa — sabeletikmundura @ 1:22 pm

Konturatzerako beste aste bat igaro da eta gaur izan dugu 4. prestakuntzako saioa. 16 haurdun eta 3 mutil gaurkoan, eta 3 gai landu ditugu: erditze plana, arnasketaren garrantzia eta haurraren zaintza.

Erditze plana, berez, ez zen gaur landu beharreko gaia baina nik eskatuta azaldu du non, noiz entregatu…

Erditze plana, erditzeko egunean, ospitalean artatzen zaituzten pertsonek zutaz jakitea nahi duzuna betetzen duen idatzia da. Alderdi medikoa haurdunaren kartillan, analisi eta ekografien bidez badakite emaginek… eta haurdunaldia nolakoa izan den eta umea nola datorren jakiteko informazio nahikoa biltzen da txosten horietan. Baina erditzean zuretzat garrantzitsuak diren alderdiak ez dira agertzen hor, inpertsonalak baitira txosten horiek. Erditze plana horretarako da, zuretzat garrantzitsuak diren gauzak jakin ditzaten, edo nolako erditzea nahi duzun edo nolako tratua jaso nahi duzun… adierazteko.

Guk, duela aste batzuk idatzi genuen erditze planaren zirriborro moduko bat interneten topaturiko eredu desberdinetatik garrantzitsuak iruditzen zitzaizkigun gauzak bilduz (aurrerago jarriko dugu hemen). Orain, bigarren begiratu bat egin behar diogu eta laburtu egingo dugu, gauzak batu eta argiago izan daitezen erditzean dagokigun emaginak begiratu azkar batean argi izan ditzan. Handik eta hemendik hartu ditugun puntuak hauen ingurukoak dira, hau da, hauen inguruan nahi duguna adierazi dugu: bikotea uneoro egotea nahi duzun, erditzea bizkortzea nahi duzun (poltsa hautsi, oxitozina…), zainbarnekoa jartzea nahi duzun badazpada, epidurala nahi duzun, monitorizazioa nolakoa nahi duzun, edan eta jaten uztea nahi duzun, langile asko edo ahalik eta gutxien nahi duzun inguruan, esku-hartze handia edo gutxi nahi duzun, instrumentalizazio handia edo txikia nahi duzun, erditzeko zein jarrera nahi duzun, prozesu guztiaren jakitun eta urrats guztietan baimena eska dezaten nahi duzun, zesarea behar bada haurra aitak izan dezan nahi duzun, haurra zuk atera nahi duzun, zilborrestea aitak moztea nahi duzun, haurra jaiotzean bularrean jartzea nahi duzun edo garbi dezatela nahiago duzun, ospitalean haurra zurekin edo “nidoan” egotea nahi duzun, bularra eman edo biberoia nahi duzun… esan bezala nahi beste gauza jar daitezke erditze planean.

Dena den, emaginak gaur eman dizkigun gomendioak azaltzea garrantzitsua iruditzen zaigu: erditze plana bien artean prestatzea, benetan garrantzitsuak diren gauzak soilik jartzea, laburra bada, errazago barneratuko dute artatzen gaituztenek, eta erditzearen arabera, prozesuan egongo da denbora gehiago zehaztu edo sakontzeko. Eta erditze plana aurretik bidaltzeko joango garen ospitalera eta erditzeko egunean ere, kopia bat eskuan eramateko. Gure kasuan, Donostiako Ospitalea dagokigu eta emailez, Pazienteak atenditzeko helbidera bidaltzeko esan digu (helbidea web orrian topa daiteke) eta korreo arruntez erditze sailera ere bai (gehi, erditzean eskuan eramango dugun kopia). Zergatik bi aldiz bidali? Pazienteak atenditzeko sailean horrela, guraso desberdinen eskaerak bildu eta aztertzen dituztelako eta ospitaleak izan ditzakeen gabeziak konpontzeko balio lezake (adibidez, bainera jartzea, erditzera zijoazenek eskaturik lortu zen), eta korreoz erditze sailera bidaltzeak, hara goazenean han badakitela nor garen ziurtatzeko balio lezakelako. Eskuan eramatea ere gomendatzen da, horrela zuzenean emaginari emateko. Hau guztia, erditzea espero dena baino aste batzuk lehenago egitea gomendatzen da.

Ondoren, arnasketen garrantziaz hitz egin digu. Zehazki, erditzeko egunean kontrakzioak ditugunean duten garrantziaz. Kontrakzio bat dugunean, guk mina edo gogortasuna edo senti ditzakegu, baina haurrari kontrakzio horrek, plazentarekin duen konexioa une horretan moztu egiten dio eta beraz, odol jarioa eta oxigenazioa geratu egiten da tarte horretan. Amak kontrakzioan zehar arnasa geratu gabe hartzen badu, bere odola gehiago oxigenatzen da eta haurrari jarioa berriro iristean, falta izan zaion oxigeno hori iristen zaio. Amak, arnasa hartuko ez balu eta tentsioan egongo balitz, amaren oxigenazioa jetsiko litzake eta ondorioz, haurrak oxigenorik izan ez duen tarte hori ez da “konpentsatzen”. Ama urdin jartzen hasten bada, imaginatu haurra esan digu, eta egia esan oso irudi argia da. Arnasa etenik gabe hartzeko esan digu, nahi dugun edo behar dugun eran, sakona edo ez, azkar edo polikiago… baina etenik gabe. Hau da, arnasa hartzen ez baldin bagaude, botatzen egoteko, ez hartzeko arnas eta arnas arteko “atsedenik”. Hau egiten laguntzeko oso garrantzitsua da bikoteak gogoraraztea ez arnasik gabe geratzeko, bai amagatik zein haurragatik.

Eta amaitzeko, haurraren zaintza orokorrez hitz egin digu. Argi utzi digu berak ez digula esango ezer zehatzik eta hori asko gustatu zait, aholku bat eman digu: egin sentitzen duzuen moduan eta ez entzun aholkuak baina gehiago aginduak ematen datozenei eta gure hezteko modua kritikatzen dutenei.

 

Azken ekografia, 3.hiruhilabetekoa (33+1) 2012/06/04

Filed under: Haurdunaldia,Hirugarren hiruhilekoa,Medikuntzakoak — sabeletikmundura @ 5:18 pm

Eta gaur izan dugu haurdunaldiko azken ekografia izan dena, 32-34 asteetan egiten da eta batez ere haurra kokatu den jakiteko egiten da eta hazkunde normala daraman eta plazenta ondo dagoen ikusteko.

Dena primeran dagoela esan digu, gure txikiak dagoeneko 2,2 kilo inguru pisatzen du eta 40 asterekin jaioko balitz, 3,3-3,5 ingurukoa izango da, beraz primeran dago. Orain, geratzen diren asteetan bikote bezala gozatu eta azken prestakuntzak egin eta deskantsatzea bakarrik geratzen zaigu, dena ondo dijoala jakiteak ematen duen lasaitasunarekin gainera.

 

Prestakuntzaren 3.eguna, ospitalera noiz joan. (33+1)

Filed under: Haurdunaldia,Hirugarren hiruhilekoa,Medikuntzakoak — sabeletikmundura @ 5:07 pm

Hirugarren astelehena, hirugarren eskola gaur. Erditzeko unea noiz iritsi den eta ospitalera joateko denborak zein diren azaldu digu gaur lehen zatian eta ondoren erditzeko minaz aritu gara. Labur-labur:

Erditzea hasi da, 37. astetik aurrera bi hauetakoren bat gertatzen zaigunean:

– Poltsa hautsi dugu (beraz, likido amniotikoa galtzen ari gara).

– Kontrakzio erregularrak ditugu (gutxienez 6 kontrakzio intentsitate, iraupen eta tarte berekoak, edo ordu betez kontrakzio berdinak baditugu).

Erditzeko lana hasi dela esateak ez du esan nahi berehala ospitalera joan behar dugunik (nahiz eta hala nahi bada, eta erditzeko lana hasi bada, ospitalera joan eta ingresatzeko aukera dagoen -horrek han igaro beharreko denbora luzatuko du-).

Poltsa hautsi badugu hiru kasu daude:

-likidoa zikina bada (berdea) mekonio dagoela esan nahi du eta presarik gabe baina gelditu gabe joan behar da bai edo bai. Ura zikina egoteak ez du haurraren sufrimendua esan nahi kasurik gehienetan, baina %3 inguruan bai, eta zure kasua zein den ezin daitekenez jakin, ura zikina bada ospitalera joatea gomendatzen da poltsa hautsi eta ondorengo 2 orduen barruan.

-likidoa garbia bada eta B taldeko estreptokokosaren proban negatibo eman badugu (proba 35 aste inguruan egiten da) ospitalera joateko segurtasunezko epea 24 ordukoa da, beraz, presarik gabe lasai egotea gomendatzen da kontrakzioak hasi eta deskantsatu eta ondo jan ahal izateko.

-likidoa garbia bada eta B taldeko estreptokokosaren proban positibo eman badugu ordea, epe hori 6-8 ordura jeisten da. Positibo eman badugu haurrari bakteria ez kutsatzeko eta gaixotasun posibleak ekiditeko poltsa hautsi eta 8 ordura antibiotikoen tratamendua hasten da, 6 orduro injekzio bidez.

Beraz, poltsa hautsi badugu, 37.astetik aurrera, erditzea hasi dela esan daiteke baina kontrakzioak hasi arte erditzeko “lana” hasi ez dela esaten da. Poltsa hautsi eta gutxienez 24 ordu itxaroten da ea kontrakzioak era naturalean hasten diren eta bestela, oxitozina bidez edo indukzioa hasten da. Horregatik, ura garbia denean, etxean lasai egotea gomendatzen da oxitozina isurtzen errazago hasteko ospitaleko estresik gabe.

Kontrakzio erregularrekin hasi bagara:

Kontrakzio erregularrak baditugu, erditzeko lana hasi dela esaten da eta nahi denean ingresatu daiteke ospitalean, dena den, ez dago presarik eta kontrakzioen arabera egin behar da ospitalerako bidea.

Guri, erreferentziatzat hau eman digute: intentsitate maximoan 30 segundu irauten duten kontrakzioak 5 minuturo baditugu, normalean 10 ordu inguruko erditzea izango da (lehen haurra bada) eta ospitalera lan erdia inguru egina dagoenean joatea gomendatzen da. Gutxi gora behera kontrakzio erregularrak erritmo horretan ditugunetik 5-6 ordura.

Noski, kontrakzioak nolakoak izango diren ezin da aurretik jakin eta denbora guztian tarte eta intentsitate berekoak izango diren ere ez, beraz hori gutxi gora beherako erreferentzia da. Intentsitate maximoak denbora gutxiago edo gehiago irauten badu, edo kontrakzio bat hasi eta hurrengoa hasi bitarteko tartea luze edo motzagoa bada, ordu hoiek gehiago edo gutxiago izan daitezke. Erreferentzia bat besterik ez da. Ospitalera bakoitzaren izaera eta unearen araberakoa izango da, baina normalean, dena ondo badoa, lasai egoteko denbora dagoela gogorarazi digute.

Ondoren, erditzeko minaren inguruan hitz egin dugu. Minean kontzentratu beharrean, helburuan eta motibazioan zentratzen saiatzeko esan digu eta bikoteek horretan lagundu behar dutela. Azken batean, saririk handiena duen mina baita, eta oso argi izan behar dugula hasi eta bukatzen den zerbait dela, eta kontrakzio bakoitza bidean eginiko pauso bat gutxiago dela, beraz, urrats bakoitzagatik pozik egoten saiatu behar dugula, haurra besoetan izateko unea gertuago baitugu.

Pena gaur, mutil kopuruak berriro behera egin duela. Gaur, 13 haurdun eta bi mutil egon gara.