sabeletikmundura

Amatasunaren abenturari ekiteko bidean sorturiko bloga. Erabakia hartu genuenetik auskalo noiz artekoa.

Hazi egin gara 2013/11/02

Bada denbora bat blog hau nahiko isilik izan dugula…

Sabeletik Mundura, aldiz, ez da geldirik egon eta salto egin dugu webgune handiagora.

 

www.sabeletikmundura.com -en izango gaituzue hemendik aurrera.

logobaja

 

Baliteke? 2011/11/09

Filed under: Haurdunaldi aurretik,Sentimenduak — sabeletikmundura @ 7:05 pm

Haur bila zabiltzanean hileroko eta hileroko arteko tartea luze samarra bihurtzen da. Haur bila ez zabiltzanean gertatzen denaren justu aurkakoa. Obulazioa noiz gertatzen denaren konsziente bihurtzen zara… uste eta beldurra sartzeko aipamen guztien aurka, ez dira egun guztiak haurdun geratzeko aukera berdinekoak, egun hobeak eta okerragoak daudela ikasten duzu… baina hala ere, ilusioz heltzen diozu helburuari, gozatu egiten duzu eta bideko urrats guztiez gozatzen duzu.

Bada, dena-den, tarte horretan inflexio puntu bat. Inflexio puntu hori obulazioa amaitu eta hurrengo hilerokoaren lehen eguneko bi aste horiek hasten direnean ematen da. Zalantza-dantza. Ez duzu ilusioa goizegi piztu nahi, ez duzu gerta litekena baina azkarrago joan, eta derrigor… hilerokoaren lehen eguna izan behar lukeenera arte itxaron behar duzu proba egin aurretik (gaur egun 4 egun lehenago ere egin daiteke testaren arabera, baina ez da guztiz fidagarria… hortaz, hobe itxarotea).  Nahigabe ere, gorputzari adi ematen dituzu egun horiek.

Eta horretan ari naiz ni ere. Eta urduritasuna aurrekoetan baina pixka bat handiagoa da. Egun batzuetan oka egiteko gogoz jaiki naiz (izan liteke birusen bat), bularrak puztuta eta sentiberak ditut (izan liteke hileroko aurreko sindromea), titiburuak ere edozein arroparekin kontaktuan azkuraz betetzen zaizkit (izan liteke infekzioren bat edo hileroko aurreko sindromea), sabelpea pixka bat puztu eta deseroso sentitzen dut (izan liteke hileroko aurreko sindromea edo janariren baten ondorioa), neka-neka eginda nago (izan liteke nekea besterik gabe), inoiz baina lo gehiago egiten dut (izan liteke nekea), eta barretik negarrera berehala salto egiten dut (izan liteke hileroko aurreko sindromea edo udazkeneko apatia), amets asko egiten ditut eta gogoratu egiten ditut (izan liteke lo gehiago egitearen ondorio)… edo izan liteke haurdunaldiaren hasiera…

Behintzat, oraingoz, zain geratu beharko gara.

 

Izen bila… egutegian. 2011/11/08

Filed under: Haurdunaldi aurretik — sabeletikmundura @ 4:36 pm

Nola ez haur bat izatea buruan duzun unean izen posibleak pentsatzen hasten zara, ia nahi gabe. Eta kontuan hartu behar da gainera, haurra biren artean sortzen den bezala, haurraren izenak ere bien artek erabakia izan behar duela.

Horretarako, oso erabilgarria da irudian ikus dezakegun egutegia.

Leku askotan erosteko aukera dago, beraz badakizue, hartu egutegia (izenik aukeratu behar ez baduzue ere, beti da ona iparraldeko ikastolei laguntzea eta) eta hasi gustoko dituzuenen bila.

 

Eta zikloa berriro hasten da… 2011/10/18

Filed under: Haurdunaldi aurretik — sabeletikmundura @ 7:39 pm

Frustrazioa sortzen du hilerokoaren zikloa amaitu eta berria hasi dela ikusteak. Hilerokoa jaitsi eta ilusioa une batez milaka zatitan apurtzen dela sentitzen da. Baina une bat bakarrik izaten da. Ondoren, berriro beste aukera bat duzula zure buruari esan eta berriro, indar handiagoz hartzen duzu.

Egia da, ez dela uste bezain erraza haurdun geratze hori. Sarri entzuten dugu han eta hemen nahi gabe haurdun geratu direnen berri, nerabe haurdunen berri eta geroz eta gehiago dira 40 urtez gorakoak seme-alaba koxkortuak izanda “deskuido” batengatik haurdun geratzen direnak ere…

Baina egia da, ernaltze prozesua ez dela batere erraza. Hilabetean emakumeak obulu bakarra sortzen du, eta obulu horren ernaldua izateko ahalmena 12-48 ordukoa izaten da. Horri espermatozoide bizkor eta baliogarri bat une hortantxe obuluarekin topatu eta elkarrekin ongi moldatzea gehitu behar zaio… ia ezinezkoa… Baina ezin da esperantzarik galdu. Egunero dira haurdun geratzen diren emakumeak, eta gaur bizirik bagaude, egunen batean gure amak haurdun geratu zirelako da.

Gainera begiratu diezaiogun hilerokoaren alde onari. Hilerokoa izatea osasuntsu zaudenaren adierazlea da, gorputzak bere erritmoak egoki daramatzanaren seinalea. Beraz, poztu egingo gara zikloa berriro hasi delako, eta hortaz, obulu hau “aukeratua” ote den amestuko dugu hurrengo ziklora arte. Eta nola ez, bideaz gozatzen jarraituko dugu.

 

 

Haurrak izatea “modan”? 2011/10/12

Filed under: Haurdunaldi aurretik — sabeletikmundura @ 12:11 am

Azken aldian jende askori entzun diot hau eta hurak haur txiki bat izan berri dutela, edo haurdun daudela… eta kalean ere haur aulkitxo eta sabel handiak edonon ikusten dira. Agian nire irudipena besterik ez da izango, baina haurrak izatea berriro “modan” dagoela iruditzen zait…

Gure belaunaldian, gehien-gehienak seme-alaba bakarrak edo bi anai-arreba izaten ginen… orain hiru anai-arrebako familia piloa ikusten ditugu inguruan… gehientxuenak haur txikiekin eta gainera oso jarraian (bat-bi urteko desberdintasunarekin). Eta horrek ere zalantza sorta pizten dit…

Nik (eta guk ere esango dut ia ziur), haur bat izateko nahia badut, haur hori hazten ikusteko, gozatzeko da… eta bikiak edo hirukiak etorriko balira, iruditzen zait prozesu horretan gozamenaren zati handi bat, bi edo hiru izatearen lanak jango duela… eta berdina pentsatzen dut haurrak oso jarraian dituztenen kasuan.

Nik beti pentsatu izan dut haur bat eta bestearen artean nahikoa denbora egon behar dela biengandik gozatu ahal izateko. Hau da, lehena eta bigarrenaren artean, gutxienez, lehenengoa “askatzera” arteko denbora egon behar dela. 3 bat urte. Zaharrena ibili, eta gauza asko bakarrik egiteko gai izan dadin, zaharrenak txikiaz ere gozatzeko gaitasuna izan dezan, prozesu horren parte izan dadin, eta dependentzia txikiagoa izan dadin eguna bi ume zintzilik dituzula igaro behar ez izateko.

Baina tira… ezin jakin zer etor daiteken, ezta etorriko den ere… baina eskatzen hasita… bakarra eta mutila nahiko nituzke nik…

 

Beldur eta zalantzak 2011/10/03

Filed under: Haurdunaldi aurretik,Sentimenduak — sabeletikmundura @ 3:58 pm

Horrelakoak baikara. Ezezagunaren beldur. Gogoa izan arren milaka zalantza eta beldur sortzen zaizkigu nndik datozen ere jakin gabe. Dena ondo joango al da? Zertan aldatuko da bizitza? Gai izango naiz? Gai izango da? Nolakoa izango da? Eta ezin badugu haurdun geratu? Eta gaixorik jaiotzen bada? Eta ez badakigu zaintzen? Eta zerbait gertatzen bazaio? Eta zerbait gertatzen bazaigu?

Milaka zalantza, milaka galdera, milaka beldur. Eta beldurrak gauza ilogikoak, irrazionalak egitera eraman gaitzake. Edo nahi dugunaren kontrakoa. Edo frustrazio bihurtu. Beldurra eta zalantzei aurre egiteko ordea bide bakarra dago. Ausartzea, informatzea.

Geroz eta informazio gehiago izan, orduan eta erantzun gehiago izango ditugu, eta erantzunekin segurtasuna irabaziko dugu. Eta segurtasunak dena ondo joatea ekarriko du… edo ez…

Baina zeinek esan du denak perfektua izan behar duenik? Izan behar dena izango da.

 

Eta aitaren papera. 2011/09/30

Filed under: Haurdunaldi aurretik,Sentimenduak — sabeletikmundura @ 8:40 pm

Asko hitz egiten da amaren sentimenduez, amaz… baina aitaren papera guztiz garrantzitsua da -behintzat bikote heterosexual tradizionalen kasuan- eta ez bada, behintzat gure kasuan bai (edo hala iruditzen zait niri -etorkizuneko ama-). Ez nuke inondik inora hartuko erabaki hori beregatik izan ez balitz. Bera alboan dudalako soilik egin dugu pauso hau aurrera.

Niretzat oso garrantzitsua izan da aitaren papera txikitatik, eta nire bikotean aitagai perfektua dudala ikusi dut. Biok zalantzaz josita egon arren, erabakia sendo hartu dugu, bion artean, elkarri itxaronda. Eta horrek bihurtu du erabakia sendoagoa. Bion proiektua da.

Eta naturaltasun osoz hitz egiten dugu gaiaz gure artean, beti behar litzateke horrela izan. Inoiz ez bikote batean egoera orekatua eta parekidea nahi denean behintzat, batek harturiko erabakia. Eta ziurtasun horrek indar handiagoa ematen digu bioi, biok izango baikagara prozesu osoaren parte, biok oinarri, batek sabela eraman arren biona izango baita. Eta baita ondoren ere. Horretan behintzat ez daukagu zalantzarik, biona izango da gozamena, biona ardura.