sabeletikmundura

Amatasunaren abenturari ekiteko bidean sorturiko bloga. Erabakia hartu genuenetik auskalo noiz artekoa.

Hazi egin gara 2013/11/02

Bada denbora bat blog hau nahiko isilik izan dugula…

Sabeletik Mundura, aldiz, ez da geldirik egon eta salto egin dugu webgune handiagora.

 

www.sabeletikmundura.com -en izango gaituzue hemendik aurrera.

logobaja

 

Lokioak, haurdunaldi osteko odol galerak 2012/09/11

Filed under: Erditzea edo,Medikuntzakoak — sabeletikmundura @ 3:51 pm

Haurdunaldiaren beste tabu handietako bat, haurra jaio osteko odol galerena da. Kuarentenaz hitz egiten da, baina lokioez (odol galera) gutxi. Batzuek aurkakoa pentsatzen badute, “baina zuk ez duzu erditu, ezin duzu odola galtzen aritu” ere entzun behar izan dut, zesarea izanagatik ere, lokioak besteek bezala izaten dira, nire kasuan 43 egun iraun dute odol galera horiek, beraz pazientziaz hartu.

 

Erritmo berria 2012/08/19

Filed under: Erditzea edo — sabeletikmundura @ 9:37 pm

Ia bete dira 40 egun haurra sabeletik besoetara igaro zenetik eta poliki-poliki errekuperatzen jarraitzen dut. Etxera etortzean, aurrez aipatu bezala ia dena egiteko laguntza behar izan dut: eseri edo alttxa, ibili, haurra hartu… baina gutxinaka beharra jaitsi eta “ama” bizitza egiten hasten ari naiz.

Oraindik, zenbait jarreratan asko kostatzen zait jartzea, haurra sehaskatik hartzea… zaila zaizkit eta sabeleko muskuluek parte hartzen duten mugimendu askok mina ematen dute baina bagoaz aurrera. Eta iluntze eta gauetan okerragoa izaten da, egunean zehar beroa egin badu (eta horretatik orain asko dugu) edo gehiegitxo ibili edo autoan ibili banaiz, puztu egiten zait sabela eta mina handia izaten da, baina bagoaz errekuperatzen eta ez gara kexatuko.

Ohiko erditzeetan bezala, zesarea izan arren berrogehialdi edo kuarentena ere betetzea (eta luzatzea) gomendatzen da zesarea izan duzunean barruko ebakia ondo senda dadin eta umetokia… bere tokira itzul dadin haurdunaldiaren ondoren.

Ez bainatu, sarketarik gabeko harremanak izan eta tanpoik ez erabili da kontsigna. Betetzen erraza, beraz saia zaitezte.

Aste honetan izango dut emaginarekin zita, beraz, esandakoa kontatuko dizuet hurrengoan.

 

Zesarea baten ondoren, ospitaleko egonaldia. 2012/07/29

Filed under: Erditzea edo,Medikuntzakoak — sabeletikmundura @ 2:38 pm

Zesarea, kirurgia handi bezala sailkatua dago eta hala ulertu behar da, azken batean, sabela zabaldu eta geruza batzuk ireki behar baitira haurra ateratzeko, ez da inondik inora azaleko ebaki bat. Eta hala izanik, zesarea baten “postoperatorioa” ere, ez da erraza.

Ospitalean, normalean 4 egunez egongo zara, behintzat Donostian, eta lau egun horietan asko hobetuko zaren arren, etxean laguntza asko beharko duzu, eta ospitalean ere, uneoro norbait alboan izatea komeni dela esango nuke.

Lehen egunean, zesarea egiten dizuten egunean, ebakuntzaren ondoren anestesiatik errekuperatu arte ez zaituzte zure gelara igoko (nire kasuan 3 bat ordu), ez duzu haurra zurekin izango ezta familiako inor ere. Gogorrak egiten dira ordu horiek, gorputza esnatzen dijoan heinean mina nabaritzen hasiko zara, eta haurra eta etxekoak ikusteko gogoa ere eramaten jakin behar da. Gelara igotzean ekarriko dizute haurra ondo badago, nire kasuan, zorionez uneoro aitarekin egon zen behintzat. Eta gutxinaka joango zara kokatzen eta guztia asimilatzen. Zesarea programatuen kasuan edo aurrez zesarea izateko probabilitate altu samarra duzula dakizunean desberdina izango da prozesua, baina gure kasuan bezala, bat-batekoa bada, denbora hartu behar da.

Gelan lehen unetik, bularra emateko asmoa baduzu, laguntzen saiatuko dira (badira Donostiako Ospitalean bularra ematean “adituak” diren batzuk, Conchi gure kasuan, salbazioa izan zen). Ez da erraza. Ezin duzu ia mugitu, mina duzu, haurra ezin duzu ondo heldu… eta zesareak berak ere, esnearen igoera zaildu egiten du, anestesiak eta sartu dizkizuten beste “droga” guztiek bezala… baina pazientzia eta laguntzarekin gutxinaka lortu daiteke. Guk, lehen bi egunetan, “esnearen igoera” izan arte, bularra eman ondoren, xiringa bidez “konplementua” (biberoierako erabiltzen den formula) eman behar izan genion, baina orain bularra primeran hartzen du.

Lehen bi egunetan ez dizute jatekorik emango, sueroa eta likidoak izango dituzu bakarrik. Txiza biltzen duen sonda, lehenengo egunaren amaieran kenduko dizute, ateratzen den likidoaren arabera, anestesia ahalik eta gehien bota behar baita, eta horretarako sueroak jarriko dizkizute zainetik. Txizagura bueltatzea beste kontu bat da, sarri, maskuria lo geratzen baita bai anestesia zein sondaren ondorioz. Nik arazoak izan ditut txizagurarekin duela 4-5 egun arte (19 egun dira zesarea egin zidatenetik). Zehazki, txizagura ez nuen nabaritzen maskuria lehertu beharrean izan arte, eta mina, ziztada… oso gogorrak izan arte, “bazinilla” jarri eta txiza egiteko agindua gorputzari ematea asko kostatzen zitzaidan hasieran eta ohartu gabe, txiza gehiegi pilatzen zitzaidan. Gomendio bezala, nik, alboan laguntzen duzunari, 3-4 orduro txiza egiten saiatzeko gogoraraztea eskatzea emango nuke.

Bigarren egunean, auxiliarrek ohean bertan garbituko zaituzte eta kanpoko zikatriza babesten duen “pegatina” modukoa kenduko dizute ginekologoa etorri aurretik, ginekologoak begiratuko dizu, likidoa hartzeko agindu, bularra nola dagoen begiratu, umetokia bere tokira nola joaten ari den ikutu sabelean eta dieta oso biguna ekartzeko eskatuko dio erizainari. Eta joan aurretik altxatzen hasteko aginduko dizu. Ez saiatu bakarrik altxatzen. Erizainek lagunduko dizute, nola egin behar duzun esan eta mugimendu egokiak egiten lagunduko dizute. Zorabiatu eta lurrera erortzeko arriskua dago, beraz, ez saiatu bakarrik zaudenean altxatzen behintzat. Nik, lehenengoz altxatu nindutenean, aulki batean eseri eta minutu batzuetara 4 erizainen laguntza behar izan nuen ohera bueltatzeko zorabiatzen hasita bainengoen. Kontuan hartu, eroriz gero, gorpuzkera txarren bat hartu eta puntuak zabaldu… eta izugarrizko mina hartzeko arriskua duzula.

Oso beltza ematen duen arren, egunetik egunera hobeto sentitzen joango zara. Egunez egun, pauso erraldoiak emango dituzu, baina poliki joan, astakeriak gero ordaindu beharko dituzu eta.

Esan bezala, egunetik egunera hobeto egongo zara. Hirugarren egunean kenduko dizute besoko zainbarnekoa dena ondo badoa, eta mina arintzekoak ahoz hartzen hasiko zara beharrez gero. Janari normala ere hirugarren egunean emango dizute eta esnearen igoera ere, egun horretan izaten da… beraz, egun hori positibo samarra izaten da, haurrak bularra ondo hartzen badu… Hurrengo egunean alta emango dizute dena ondo badago, baina laguntza asko beharko duzu.

Mugitzea asko kostako zaizu, indar falta izango duzu eta gainera, mina mugimendu askorekin, ibiltzea ere kostako zaizu eta haurrarekin, ospitalean bezala laguntza izatea komeni da (sehaskatik hartu, besoetan hartu, pardela aldatu, bainatu… egiteko moduan askotan ez baitzara sentituko).

Eta laugarren egunean, goizean ginekologoak ikusiko zaitu, dena ondo badago alta emango dizu. Haurra ere, pediatrak ikusiko du joan aurretik eta paperak ematen dizkizutenean etxeko abentura hasiko da.

 

Jaio da txikia. 2012/07/18

Filed under: Erditzea edo,Haurdunaldia,Medikuntzakoak — sabeletikmundura @ 10:19 am

Atzo bete zuen astebete gure txikiak. Eta gauzak ez ziren nahi genuen eran gertatu, baina txikia oso ondo dago eta gu ere poz-pozik.

Hau da gure txikiaren jaiotzaren kronika:

– Uztailaren 8-9 arteko gauean, 3etan, boltsa hautsi nuen. Bat-batean, ordu erdi lo besterik ez neramanean, blai esnatu nintzen. Altxa, garbitu eta ura bota eta bota jarraitzen nuela ikusita, lo apur bat egiten saiatzea erabaki genuen. Oraindik ez nuen estreptokokosaren probaren emaitza, beraz, emaginak eman zizkigun erreferentziei jarraituz, 6 orduren barruan joan behar genuen ospitalera badazpada.

РUztailaren 9ko goizeko 7:20 inguruan iritsi ginen ospitalera, ordu horretan aparkatzea errazagoa izango zelakoan, baina ez, parkinean utzi behar izan genuen kotxea. Iritsi, sarreran gertatutakoa azaldu eta erditzeak eta larrialdi ginekologikoak artatzen dituzten gunera joan ginen. Han, poltsa hautsi nuela azaldu eta monitoreetan jarri ninduten tarte batez.  Ondoren, ginekologoak begiratu ninduen eta baietz, boltsa hautsita zegoela argi zegoela eta zenitmetro bakarrekoa eta umetokiaren lepoa erdi ezabaturik soilik nituela esan zidan. Ingresatuta geratu behar nuen eta erditzea bere kasa has zedin itxaron.

– Goizeko 9:30ak inguruan ingresatu ninduten eta ohean ez egoteko agindua eman zidaten, ibiltzeko ea kontrakzioak bere kasa hasten ziren. Boltsa goizeko 3etan hautsi nuenez, eta protokoloak 24 orduren barruan kontrakzioak hasi ez badira induzitu behar dela diolako, baina 24 orduak goizeko 3etan beteko nituenez eta indukzioak 16ak aldera edo goizeko 8etan egiten direnez, 15ak alderako hasi ez banintzen induzitu beharko zela esan zidaten.

– Goiza lasai hartu eta ospitaleko pasilloetan paseatzen eman genuen. Erlaxatu eta lana errazago has zedin, pilota eta bainera erabili nituen. Kontrakzioekin poliki-poliki hasi nintzen.

– Arratsaldeko 15etan monitorea jarri zidaten nola zijoan ikusteko. Kontrakzioak hasi, hasi ziren baina oso poliki zijoan eta horrela jarraiituz gero, erditzea asko luzatuko zen eta boltsa hautsita horrenbeste denbora ezin zen egon.

– Arratsaldeko 16etan etorri zen ginekologoa berria ematera, induzitu behar zen. Goizeko 8etara itxarotea gehiegi izango zen haurrarentzat eta berehala hastea hobea zen.

РErditze geletara joan ginen eta han lehertu egin nintzen  lehen aldiz. Indukzioa ez zen inondik inora nahi genuena baina egin beharra zegoen eta tentsioa askatzeko negar saio bat nahikoa izan zen. Emaginak azaldu zigun nolakoa izango zen prozesua, denbora guztian monitorizatua egon beharko nuen, oso mugikortasun txikiarekin, eta oxitozina etengabe sartuko zidaten zainetatik, Gogorra izango zen. Oxitozina artifizialak sortzen dituen kontrakzioak ez dira naturalak bezain progresiboak ez eramangarriak. Behintzat, egia esan zigun hasieratik.

– 17ak alderako prest genuen dena. Lehen takto baginala egin zidan, oso mingarria. Aurretik abisatu zigun, boltsa ondo hautsi zen ikusi behar zuela eta mingarria izango zela, erditzeetarako ohe super eroso horretan izan zen. Hortik aurrerakoak, dilataziorako ohean.

– Oxitozina kopurua gutxikin hasiko ginen eta 20 minuturo dosia igoko zidaten kontrakzioak nahi zuten modukoak izan arte. Jarri eta berehala hasi ziren kontrakzioak.

– Taktoak bi orduro izango ziren nola gindoazen ikusteko.

Kontrakzioak nahiko ondo eraman nituen prozesu guztian, aurretik egindako mentalizazio eta prestaketa guztaik asko balio izan zidan.

-Kontrakzioak, esan bezala ondo eraman nituen, banekien tartetxo bat irauten duen mina izango zela eta ondoren atsedentxoak izango nituela eta hala hartu nuen. Tarteetan lasai egon, eta kontrakzioetan, arnasa hartu eta gorputzak eskatzen zidana egiten nuen. Beno ez, gorputzak eakatzen zidana eta hainbeste soka eta kablek uzten zidatenaren arteko zerbait (kontuan hartu, besoan, oxitozina sartzeko tutua nuela, sabelean, asko estutzen zidaten bi goma, monitoreetako aparatuak eta beraien kableak…).

Komunera joan behar nuenean, dena desentxufatu eta azkar txiza egin eta bueltatzeko esaten zidaten.

– Goizeko 5ak inguruan, oxitozina dosi nahiko altuarekin nengoelarik dagoeneko, kontrakzioak, bata bestearen atzetik, atsedenik gabe hasi ziren, intentsitate eta iraupen luzea eta kontrakzioen arteko tarterik gabe, ez zen markagailua ia jetsi ere egiten… emaginak harrituta begiratzen zidan zeinen ondo neramatzan. Tarteka arnasa hartzen laguntzen zidan eta kitto. Beste guztia nik egiten nuen.

– Goizeko 6etan, eta 27 ordu generamatzanean esna eta gorputza topera lanean, nire bikotea eta ni leher eginda geunden. Eta taktoak 7 zentimetroko bakarrik nengoela esan zuen, oraindik lepoa guztiz ezabatu gabe eta haurra oso goian. Beste 5 bat ordurako genuela esan zigun emaginak.

-5 ordu horiek aguantatzeko gai nintzela uste dut, mina eta nekearekin ahalko nuela baina nire bikoteak lo hartzen zuen kontrakzio eta kontrakzio tartean.

Sueroa jarri ondoren, berriro indar berrituta sentitzen nintzen, baina bikoteak esan zidan, haurra jaiotzean ere indarra beharko nuela, eta horrela segiz gero, haurra jaio eta ziplo eroriko nintzela. Arrazoi osoa zuen beraz emaginari zer egin genezaken galdetu eta berak, epidurala aukera ona zela esan zigun. Bost orduko bidea genuela oraindik eta epiduralarekin behintzat 2-3 orduz atseden hartu edo lo egin ahalko nuela.

– Apur batez pentsatu eta haurrarentzat onena zela erabakita, jaio eta gurasoak leher eginda egoteak ez bailioke batere mesederik egingo jartzeko eskatu genuen. Berehala etorri zen anestesista. Jartzen min dexente egin zidala esan behar dut, une horretan kontrakzioak etengabe nituelako eta geldi egon… nahiko gogorra izan zen epiduralaren unea.

-Astearteko 9ak aldera etorri zen berririk txarrena. Hiru ginekologo azaldu ziren, bi gazte eta nagusi itxura zuen beste bat. Bi gazteek taktoa egin zidaten eta 7 zentimetro eta lepoak ezabatu gabe jarraitzen zuen eta alde egin zuten hirurek. Emagina etorri zitzaigun eta esan zigun ginekologo taldea gure kasua baloratzen ari zela. Ematen zuela dilatazioa geratu zela eta zerbait egin behar zela, ordu asko zirela boltsa hautsita.

– Aurrerago zesarea egin beharra omen zegoen. Berehala, dena prest zegoen.

Ni operatzen amaitu eta “despertar”-era eraman ninduten, ondo nengoen, txikia eta aita ikusteko desiatzen baina hankak guztiz esnatu arte ez ninduten gelara eramango.

Hiru bat ordu beranduago igo ninduten gelara. Gurasoak aszensoreen ondoan nituen zain, nirekin etorri ziren gelara. Txikia eta aita ekartzen tarte bat tardatu zuten. Luzeegia. Sehaskan utzi nahi zuten, ezta pentsatu ere. Aitak eta nire gurasoek lasaitu handia hartu zuten ni ondo ikustean. Eta nik beraiek ikustean.

Horrela jaio zen gure txikia, zesareaz.