sabeletikmundura

Amatasunaren abenturari ekiteko bidean sorturiko bloga. Erabakia hartu genuenetik auskalo noiz artekoa.

Irakurtzen (19+2) 2012/02/29

Filed under: Bigarren hiruhilekoa,Haurdunaldia — sabeletikmundura @ 7:09 pm

Atsedenean egon behar izatea, ez da erraza. Egunak eta gauak luzeak egiten dira eta are gehiago gaizki sentitzen zarenean (berdin jarraitzen dut, zutik hamar bat minutu egotea nahikoa da mareatzen hasteko eta sukarra izaten dut bi egunetik batean).

Baina baditu zenbait gauza on. Denbora daukat. Nahi eta behar beste. Eta denbora hori musika lasaia entzuteari eta irakurketari eskaintzen diot.

“La vida secreta del niño antes de nacer” (Thomas Verny eta John Kelly) dut eskuartean astelehenetik. Eta 20 bat orrialde geratzen zaizkit amaitzeko, beraz gaur bertan joango da apalera. Izugarri gustatzen ari zait liburua. Haurrak sabelean amarekin duen lotura, amak eta aitak zein inguruak nola eragiten dioten, erditzeak nola baldintzatzen duen… lantzen ditu azalpen erraz eta proba zientifiko eta ikerketekin babestuaz. 

Benetan gomendagarria ama edo aita izatea pentsatzen edo haurdun daudenentzat haurra nola garatzen den hobeto ulertzeko.

 

Lehen mugimenduak sentitzen? (17+5) 2012/02/17

Filed under: Bigarren hiruhilekoa,Haurdunaldia — sabeletikmundura @ 1:28 pm

Duela egun pare bat, “lehen mugimenduak” izendatzen dituzten horiek nabaritu nituela esango nuke. Diotenez, hasieran, burbuia antzekoak nabaritzen dira sabelean dantzan, eta horren antzeko sentipena izan nuen aste honen hasieran. 10 bat minutu iraun zuen eta berezia izan zen. Berezia diot ez baitzen guztiz gustagarria izan, sentipen arraro bat baizik.

Erne egongo naiz hurrengo mugimenduetara.

 

Loa eta ametsak (13+1) 2012/01/16

Filed under: Bigarren hiruhilekoa,Haurdunaldia,Lehen hiru hilabeteak — sabeletikmundura @ 9:00 pm

Haurdunaldiaren lehen sintomen inguruko informazioa bilatzen hasten zarenean (eta sentitzen hasten zarenean) normalean, nekea, ondoeza, lotarako zailtasunak edo behar izugarria, goragalea, bularretako mina, txiza egiteko behar handiagoa, usaimen areagotua, janari batzuek atzeraka ematea, antojoak, azaleko hazkura… topatuko dituzu. Haurdunaldiaren arabera batzuk pairatuko dituzu eta besteak ez. Baina sakonago bilatzen hasten bazara, eta bilaketa zehatza eginez gero, ohartzen zara, badela beste sintoma bat ere nahiko berezia dena.

Ametsetaz ari naiz. Haurdunaldiaren hasiera-hasieratik, amets arraroak izaten ari naiz. Arraroez gain, baita amets gaiztoak ere. Loa izugarri aldatu zait. Hasiera-hasieratik. Lo ordu luzez esnatu gabe ia ezinezkoa bihurtu da, sarri esnatzen naiz, urduri, galduta (eta txizagurez). Amets gaizto gehienak haurdunaldiarekin harremana dutenak izaten dira, eta horiek, justifika litezke haurdunaldiak berak eragiten dituen beldur, zalantza eta aldaketekin.

Amets arraroak dira ordea aztoratuen esnarazten nautenak. Bat-batean, iraganeko jendearekin zerikusia duten amets asko izaten hasi naiz, inolako harremanik ez dudan (ezta askorekin izan nahi ere) jendea etorri zait ametsen orduetara. Oso amets mugituak dira, ia konszienteak esango nuke, zeren gauero-gauero esnatzen naiz gutxienez hiru bat aldiz ametsaz oso-osorik gogoratzen naizelarik, oso urduri eta non nagoen ere ia ez dakidala. Minuto batzuk behar izaten ditut kokatu, pultso normala berreskuratu eta lasaitzeko.

Eta esan bezala, haurdunaldiaren inguruko kontakizunak egiten ari diren emakume askoren blogetan… ikusi dut nahiko ohikoa dela.

Ez dut azalpen zientifikorik aurkitu, batzuek diote arrazoi hormonalak direla, gorputza dantzan dagoenez, loak ere sakontasuna galtzen duela eta horregatik esnatzen garela maiz. Nonbait ere irakurri dut, aspaldi ona ekarritako berri baten hari beretik, iraganeko pertsona horiek ametsetan agertzea haurdunaldian garunak duen aldaketaren ondorio dela, auskalo zein kaxoi irikitzen zaizkigun eta.

Ez dakit zergatik izango den, baina  garai hau amaitzeko desiatzen nago. Nahikoa ez balitz gauero 3-4 aldiz txiza egitera jaiki behar izatea, amets arraro eta amets gaiztoak hain maiz izateak atsedena are zailagoa egiteko eta.

 

Ginekologoarekin lehen bisita (13+1)

Filed under: Bigarren hiruhilekoa,Haurdunaldia,Medikuntzakoak — sabeletikmundura @ 3:22 pm

Gaur izan dugu ginekologoarekin lehen bisita. Eta gaur ezagutu dugu ere dagokigun ginekologoa. Kontsulta guztiz surrealista izan da, eta ni nahiko haserre atera naiz handik.

Aurrez ere aipatu izan dut osakidetzaren jarraipenarekin nahiko zalantza izaten ari naizela… eta gaur ere… halaxe joan da. Kontsultara sartu, ea zertara nindoan galdetu dit eta haurdun nengoela eta joatea tokatzen zitzaidala esan diot. Ekografia… eman dizkiot begira zitzan, informea irakurri du eta “galderarik?” esan digu. Guk ezetz, egia esan, ez dugu galderarik… beno bai… ea zertan ari ote diren osakidetzan… baina hori, ateratzean bururatu zaigu.

Erizaina ez zegoen oraindik kontsultan eta ginekologoa nahiko “galduta” bezala zegoen, ez zekien zer egin eta “ah, ba ekografia azalduko dizuet bitartean” noski… ekografia egin zigutenean oso ondo azaldu ziguten dena, eta gaur kontatu diguna alfer-alferrik izan da. “Beno ba tentsioa hartuko dizut”. Primeran 11/6. Eta erizaina iritsi da azkenean! Eskerrak! Erizainak pisatu egin nau, pisua apuntatu du ginekologoak eta kitto.

Erizainak “ez diozu errekonozimendua egingo?” “Ez, gaztea da, lehen haurdunaldia eta dena ondo dagoela ematen du”. Kitto. Hortxe bukatu da kontsulta. Hilabete barru emaginarekin ordua eman didate eta kitto.

Beraz, 13+1 aste daramatzat haurdun eta oraindik, ez dit inork egin errekonozimendu baginalik, ez bularrekorik, ez sabelekorik urgentzietan izan ezik.

Eta ez dit ilusio berezirik egiten norbait hankartean begira aritzea, baina nahiko katxondeoa iruditzen zait hau.

 

Azkenean alta! (12+5) 2012/01/13

Filed under: Bigarren hiruhilekoa,Haurdunaldia,Medikuntzakoak — sabeletikmundura @ 11:42 pm

Atzoko ekografiaren emaitzen ondoren eta indarrez eta bestela ere askoz hobeto nagoenez, gaur sendagilearengana joan eta alta emateko eskatu diot.

Astelehenean lanean hasteko desiatzen nago, ea ez dagoen beste arazorik eta haurdunaldia gozatu dezakegun eguneroko erritmoari helduta.

 

12.asteko ekografia (12+4) 2012/01/12

Filed under: Bigarren hiruhilekoa,Haurdunaldia,Lehen hiru hilabeteak — sabeletikmundura @ 1:01 pm

12.asteko ekografia Osakidetzan normalean egiten den lehena da, guztiz garrantzitsua. Bertan, haurraren neurri desberdinak hartzen dituzte eta sudurreko hezurra, bihotza, zainak… aztertzen dituzte gaixotasun kromosomikorik baduen ikusteko.

Alde teknikoaz gain, oso une polita da, umea oso-osorik ikusten da, argi-argi, besoak, eskuak, behatzat, begiak… dena ikusten da. Haurra mugitzen ikusten da baita ere, eta gure kasuan beste gauza bat ere, ez dena hain ohikoa hain goiz ikustea…. gure txikia mutila izango da, eta argi ikusi dugu guk, eta baita sendagileak ere… beraz, besteek baina goizago jakiteko pribilejioa izan dugu. %80ko ziurtasunaz esaten dute… baina sendagileak ziurtatu digu, eta guk ere ikusi diogu beraz primeran.

Sentimenduak azaltzea ez da batere erraza. Gu beldur puntu batekin joan gara, izan genuen sustoarengatik eta. Nahiko urduri egon gara itxaroten, eta gure izena entzutean, sartu, galdera batzuk erantzun (haurdunaldia nola doan, ea sustorik izan dugun, nola sentitzen naizen…) eta etzateko esan dit. Ez dut biluztu beharrik ere izan, sabeleko ekografia izan da eta primeran ikusi dugu. Berehala, ekografoa sabelean jarri eta hortxe agertu da. Dena primeran dagoela esan digu, gaixotasun kromosomikorik izateko arriskua oso-oso baxua dela. Neurri guztiak primeran daudela esan digu. Poz-pozik beraz.

Hemen alde teknikoa:

– Taupaden frekuentzia: 158 Ipm

LCN: 64,3

TN: 1,2

Beraz, ez dugu anmiozentesia egiteko beharrik, eta ez dugu egingo, proba horrek suposatzen dituen arriskuak altuak direlako.