sabeletikmundura

Amatasunaren abenturari ekiteko bidean sorturiko bloga. Erabakia hartu genuenetik auskalo noiz artekoa.

Hazi egin gara 2013/11/02

Bada denbora bat blog hau nahiko isilik izan dugula…

Sabeletik Mundura, aldiz, ez da geldirik egon eta salto egin dugu webgune handiagora.

 

www.sabeletikmundura.com -en izango gaituzue hemendik aurrera.

logobaja

Advertisements
 

Haurraren mugimenduak (27+3) 2012/04/25

Filed under: Bigarren hiruhilekoa,Haurdunaldia — sabeletikmundura @ 11:50 am

Haurdun egon diren gehienek maitasunez eta irribarrez hitz egiten dute haurra mugitzen sentitzen zuten egunez, oroitzapen oso ona gordetzen da mugimenduez. Eta zinez polita da haurra sabelean mugitzen sentitzea. Lasaitasun handia ematen du egunean zehar tarteka mugitzen dela nabaritzeak, ondo dagoelaren seinalea delako, eta bizi bizi dabilela sentitzen duzulako.

Baina beti ez da hain atsegina. Nire kasuan ez behintzat. Bada aste pare bat mugimenduak “gogorregiak” direla. Haurra dantzan hasten denean etzan behar izaten dut zorabiatzera heltzen naizelako, ostikotxo maitagarriek batzuetan mina ematen didate… eta okerrena… mugitzen denean haurra leku on batean geratzea ez da beti gertatzen.

Atzo adibidez, ohetik ezin altxa eduki ninduen ordu askoz haurrak. Ezin altxa baino gehiago izan zen. Auskalo zein jarreratan zegoen haurtxoa, nire maskuria nola zapaldurik zuen edo auskalo zer, milimetro bat bera ere mugitzerik ez nuela inoiz izan dudan minik handiena sufritu nahi ez banuen. Ordu luzez egon nintzen horrela, 15 bat ordu, jarrerak berak ematen zidan minaz gain, ostikotxoak jasaten. Minez zorabiatzen nintzen, ez nintzen pixa egiteko ere gai eta benetan ospitalera anbulantzian joan behar izango nuela pentsatzera iritsi nintzen, maskuria lehertu beharrean.

Azkenean, minari eutsi eta asko sufrituta, eta txokolatearen laguntzaz haurra mugitzen hastea lortu nuen, paretaren aurka buruz behera jartzea lortu nuen “pino” egiten eta haurra maskuri gainetik libratu nuen.

Normala da, noizean behin haurrak traba egitea, saihets-hezurren aurka, giltzurrunen aurka edo beste organuren bat zanpatzen duenean, baina atzokoa, ez diot inori opa. Ea ez den errepikatzen.

Gaur, mugimendu eta ostikoak herenegun baina gehiago estimatzen ditut.

 

Odol galerena argitua edo (27+1) 2012/04/23

Filed under: Bigarren hiruhilekoa,Haurdunaldia,Medikuntzakoak — sabeletikmundura @ 1:17 pm

Gaur izan dugu odol galerak nondik etor daitezken ikusteko agindu zidaten ekografia. Dena primeran dagoela esan digu, ez dagoela odolagatik kezkatzeko arrazoirik, umetokiaren lepoaren narritadura edo igurtzitze edo zauritxo bat izan daitekela, baskularizazio handiaren ondorioz odola askatzen duena noizean behin.

Beste guztia primeran dagoela. Egon behar duen lekuan, egon behar duen eran.

Neurri batzuk hartu dizkio ipurdiz zegoen umetxoari, eta dagoeneko kiloaren langa gainditu du, beraz oso pozik gaude. Haurra ondo hazten ari da, 53 perzentilean dago beraz primeran. Ez handi ez txiki. Ipurdiz dago oraindik, baina 32. aste inguruan kokatzen dela esan digu, beraz oraindik nahi beste mugi dadila.

Bihar, azukrearen proba luzea egingo dugu.

 

Azukrearen proba, O´Sulliban Testa (26+4) 2012/04/19

Filed under: Bigarren hiruhilekoa,Haurdunaldia,Medikuntzakoak — sabeletikmundura @ 10:35 pm

Asteartean egin zidaten azukrearen proba bezala ezagutzen dena. Goizean, baraurik, lehenengo behatzean ziztatu eta azukrea begiratu zidaten (diabetikoei egiten zaien eran) eta ondoren odol analisiak egin zizkidaten, 4 tubo izan ziren. Ondoren, zuku antzeko edari bat eman zidaten eta edan eta ordu beten eserita mugitu gabe egoteko aginduarekin zain geratu nintzen.

Ordubete beranduago, berriro odola atera zidaten, oraingoan tubo bakarra eta hor amaitu zen guztia emaitzen zain.

Proba hau haurdunaldiko diabetesa ote duzun jakiteko egiten da, beno, haurdunaldiko diabetesa izan dezakezun begiratzeko zehatzago. 140en dago ordubetera izan behar duzun glukosa maila.

Hurrengo egunean ginekologoa nuen eta emaitzak dagoeneko bazituela esan zidan, ez nuen anemiarik, ez beste balore arrarorik analisietan glukosarena izan ezik, 146.

Oso gutxigatik pasa bada ere, azukrearen proba osoa egitera behartzen nau 146 horrek. Bigarren proba honen emaitzek zehazten dute azukrea gorputzean asimilatzeko duzun gaitasuna normala ote den edo diabetesa duzun eta emaitzen arabera dietaren bidez edo insulina bidez tratatu behar den.

Proba askoz deserosoagoa edo astunagoa da. Goizean baraurik joan eta lehen ziztadarekin baraurik dituzun balioak begiratzen dituzte, ondoren, zukua edaten duzu, oraingoan 100gr-ko kontzentrazioarekin (lehen proban 50gr-koa da), eta hiru orduz eserita egon behar duzu ezer edan ez jan gabe, eta tartean, orduro ziztada bat eta analisirako odola hartzen dizute. Guztira, 4 aldiz ateratzen dizute odola.

Gaur egitekoa nintzen baina gaua botaka igaro dudanez datorren asterako utzi dugu, gainera, aste honetan bestela ere nahikoa odol atera didate eta ongi etorriko zait apur bat berreskuratzea.

Ea probaren ondoren dena ondo dagoen eta hau behintzat ekiditerik dugun.

 

Sabelarekin bizitzea (25+4) 2012/04/12

Filed under: Bigarren hiruhilekoa,Haurdunaldia — sabeletikmundura @ 1:36 pm

Tentsioa dirudienez hobetoxeago daukat azken egunetan, baina “behar” baino apur bat denbora gehiago zutik igarotzen badut edo nire oraingo errutinatik kanpo dagoen zerbait eginez gero odol tanta batzuk galtzen jarraitzen dut… beraz, dirudienez ez dago dena egon behar lukeen bezala. Batez ere, eguneroko “errutina” hori, ohetik komunera eta sofara joatean oinarritzen delako, tarteka 10 bat minutuz zutik egoteko lizentzia ematen diot nire gorputzari, batez ere, gosaria, bazkaria… prestatu eta estiramenduak… egiteko.

Baina gaur ez nator gauza horietaz idaztera… sabelarekin sortzen den elkarbizitzaz hitz egitera baizik. Azken batean, sabela hazten doan bitartean, elkarbizitza moduko bat sortu behar baita berarekin. Errazak diruditen gauzetan ere oztopoak sortzen direlako. Arroparen kontua alde batera utzita (eta ez da batere gai samurra, askotan zaila da bularra edo sabela sartzen den arropa topatzea eta), sabelak beste zenbait “eragozpen” sortzen baititu.

Etzanda egotetik, edo eserita egotetik altxatzea askoz baldarragoa bihurtzen da, ekintza konplexua, are gehiago, lurrean eseritzeko ohitura baduzu, lurretik zutik jartzerainoko prozesua guztiz aldatzen da, oreka puntua aldatu delako, sabelaren tamaina bera zenbait mugimendu egiteko oztopo bihurtzen delako… Beraz, lehen azkar egiten zenituen mugimendu asko desagertu egin dira eta askoz motelagoek hartu dute beraien lekua. Kotxetik sartu eta ateratzea ere prozesu zail samar bihurtzen da. Atea askoz gehiago irikitzeko lekua behar da, eseri eta altxatzeko teknika berriak… eta askotan, ingurukoentzat barregarri samarrak diren egoerak sortzen dira, eta bai, nola ez, baita sabela daramanarentzat ere.

Txiza egiteko gogoak ere maiztasun askoz handiagoa du sabelean dagoen bizidun berriak hartzen duen tokiak maskuria zapaltzen baitu eta likido askoz gehiago baitugu gorputzean, eta gainera, gogoa ia berehalakoa bihurtzen da… beraz, ahal bezala altxa eta erdi korrika joaten zara askotan komunera. Komunean eseritzeko modua bera ere aldatu egiten da, sabelak bere tokia uneoro exijitzen baitu.

Etzateak ere baditu bere komeriak… lotarako edo etzanda egoteko posturak aldatu egiten dira, buruz behera jartzea ia ez zaizu bururatu ere egiten, eta buruz gora ere, sarri ez zaude eroso edo ona ez dela irakurtzen duzu han eta hemengo liburu edo web-etan. Egokiena, ezkerreko aldearen gainean etzatea da, eta kuxina erabiltzea eroso jartzeko. Eta noski, etzanda egon ondoren, altxa egin behar da…

Edozein mugimendu egiterakoan kontuan hartu behar da sabela orain, zu baina aurrerago doala ez baduzu kolperik hartu nahi behintzat (eta asko jasoko dituzu bestela ere…). Ohitu egin behar da armairuak edo ateak irikitzeko leku gehiago behar dela, pasatzeko tarte handiagoak behar direla…

Eta otorduetan, mahaia urrunago duzularekin ohitu behar duzu…

Ibili edo eskailerak igotzeko era aldatu egiten da…

Ez hori bakarrik, une bat iristen da non dagoeneko ez zaren zure sabelaren azpiko aldea ikusteko gai ispilu batekin ez bada, eta oineko azkazalak moztea abentura bihurtzen da, sabelak ohiko posturak eragozten dituelako…

Eta orain gogoratzen ez ditudan beste zenbait kontu. Baina gauza guzti horiekin ere, sabela izatea izugarri polita da, egunero nola hazten den ikustea eta zure forma ohikoa aldatzen doala ikustea zoragarria da. Eta gainera, barruan daukan “saria” zein den jakinik, are gehiago.

 

Oraingoan tentsioarekin gora beherak (23+2) 2012/03/27

Filed under: Bigarren hiruhilekoa,Haurdunaldia,Medikuntzakoak — sabeletikmundura @ 12:08 pm

Dirudienez ez zaizkigu “konplikazioak” berehala amaituko… Aurreko ostiralean arraro nabaritzen hasi nintzen, urduri, erdi buruko minez…. tentsioa hartu eta altu samar zebilelaz ohartu ginen (150, 90), berez normalean tentsio baxu samarra izaten dudala kontuan hartuz, nahiko altua da eta lasai atsedenean egotea erabaki genuen haurdunaldian tentsio altua seinale txar samarra izaten baita sarri (preklampsia eta  beste zenbait gaixotasunen sintoma). Hala igaro genuen asteburua, tentsioa kontrolatuz eta lasai etxean egonez, bainuak hartu, musika lasaia, etzanda egon… Eta tira, asteburua igaro zen.

Atzo ordea, buruko min handiarekin esnatu nintzen, tentsioak altu jarraitzen zuen eta hori jaitsi asmoz asteburuan bezalaxe egon nintzen, arratsaldean, odol tanta batzuk nituelaz ohartu arte (bai, berriro). Odola bakarrik, edo tentsioa bakarrik edo buruko mina bakarrik izan balira, ez ginake kezkatuko baina dena batera arriskutsua denez, atzo berriro larrialdietara joan ginen.

Haurra ondo zegoela ikusi (asko hazi da bi astetan!), odol isuri “aktiborik” ez zegoela eta umetokia itxita eta dena bere tokian zegoela ikusita, etxera atsedenean egotera bidali ninduten. Egia esan atzoko tratua larrialdietan oso ona izan zen, eta asko eskertzen dugu. Azken batean, daramagun haurdunaldiarekin zaila da neurtzen noiz joan behar garen larrialdietara eta noiz gera gaitezken lasai etxean. Telefonoren batera deitzeko aukerarik ba ote dagoen galdetuta baietz esan ziguten baina atzoko kasuan bezala, odola tartean bada, hara joateko esango zigutela. Beraz, orain, tentsioa gertutik zaintzea tokatuko zaigu.

 

Aldaketa fisikoak, ikusten direnak eta ikusten ez direnak (22+4) 2012/03/22

Filed under: Bigarren hiruhilekoa,Haurdunaldia — sabeletikmundura @ 8:54 pm

Haurdunaldiak aldaketa fisiko oso ezagunak ekartzen ditu, sabela handitzen da, bularrak handitzen dira… Baina horiek ez dira aldaketa bakarrak. Badira beste zenbait kanpotik ikusten ez direnak eta nahiko ezezagunak izaten direnak haurdunaldia gertu bizi izan ez dutenentzat.

Nire kasuan lehen aldaketa fisikoa bularrak bat-batean eta asko haztea izan zen. Ondoren, azala aldatu zitzaidala nabaritu nuen. Azala leunago eta indartsuagoa nuelaz berehala ohartu nintzen. Eta azalarekin batera, azkazalak oso indarturik nituela eta oso azkar hazten zitzaizkidalaz ohartu nintzen. Hala jarraitzen du, azkazalak maiz moztu behar ditut, oso maiz.

Bururko ilea ere, indartsuago daukat, azkarrago hazten zait eta garbiago eta moldeagarriago dago luzaroago. Beti izan ditut arazoak ilea asko korapilatzen zitzaidalako baina orain, nahikoa da orrazia behin pasatzea korapilo gehienak desagertu direlaz ohartzeko. Bitxia den arren, ez da gauza bera gertatzen gorputzeko ilearekin, depilazioak askoz gehiago irauten dit, eta ilea ahulago hazten dela esango nuke.

Sabelaz ez dut gehiegi hitz egingo, denok baitakigu haurdunari gehien aldatzen zaion gauzetako bat sabela dela, hortaz, bai noski, sabela asko aldatu zait.

Zorionez, zer aldatu ez zaidan esateko moduan nago (oraingoz behintzat). Haurdun dauden asko, puztu egiten dira, aurpegia airez beteta izango balute bezala jartzen dira, “puxika” itxurarekin. Ez aurpegia bakarrik, hankak eta besoak… orokorrean gorputz guztia puzturik dutela ematen du. Ez da nire kasua, sabela eta bularrei begiratuko ez bagenie, berdina izaten jarraitzen dut.

Ikusten ez diren beste aldaketetako bat, titiburuak dira. Bularrarekin batera hazten dira, baina bitxia da ilundu egiten direla, kolorez aldatzen dira.

Eta noski, ezin ahaztu azalean ematen den beste aldaketa bat… larruazaleko ildoak edo estriak. Estrien gaia ere, ez da unibertsala. Genetikoki joera dutenei gehiago agertuko zaizkie, azala ondo zaintzen edo nahikoa hidratatzen ez dutenei ere gehiago aterako zaizkie… Askori “trauma” sortzen dien gaia izaten da, baina, akaso gehiegi ez ditudalako izango da, baina niri ez zaizkit horren itsusiak iruditzen, eta ez didate amorrurik eragiten.

Azken batean, pertsona bat barnean sortu eta hazteak, eraginak eta aztarnak uztea izango da ba normalena ezta? Hauek eramaten jakitea da garrantzitsua, eta ahal den heienean hauekin gozatzea.