sabeletikmundura

Amatasunaren abenturari ekiteko bidean sorturiko bloga. Erabakia hartu genuenetik auskalo noiz artekoa.

Zesarea baten ondoren, ospitaleko egonaldia. 2012/07/29

Filed under: Erditzea edo,Medikuntzakoak — sabeletikmundura @ 2:38 pm

Zesarea, kirurgia handi bezala sailkatua dago eta hala ulertu behar da, azken batean, sabela zabaldu eta geruza batzuk ireki behar baitira haurra ateratzeko, ez da inondik inora azaleko ebaki bat. Eta hala izanik, zesarea baten “postoperatorioa” ere, ez da erraza.

Ospitalean, normalean 4 egunez egongo zara, behintzat Donostian, eta lau egun horietan asko hobetuko zaren arren, etxean laguntza asko beharko duzu, eta ospitalean ere, uneoro norbait alboan izatea komeni dela esango nuke.

Lehen egunean, zesarea egiten dizuten egunean, ebakuntzaren ondoren anestesiatik errekuperatu arte ez zaituzte zure gelara igoko (nire kasuan 3 bat ordu), ez duzu haurra zurekin izango ezta familiako inor ere. Gogorrak egiten dira ordu horiek, gorputza esnatzen dijoan heinean mina nabaritzen hasiko zara, eta haurra eta etxekoak ikusteko gogoa ere eramaten jakin behar da. Gelara igotzean ekarriko dizute haurra ondo badago, nire kasuan, zorionez uneoro aitarekin egon zen behintzat. Eta gutxinaka joango zara kokatzen eta guztia asimilatzen. Zesarea programatuen kasuan edo aurrez zesarea izateko probabilitate altu samarra duzula dakizunean desberdina izango da prozesua, baina gure kasuan bezala, bat-batekoa bada, denbora hartu behar da.

Gelan lehen unetik, bularra emateko asmoa baduzu, laguntzen saiatuko dira (badira Donostiako Ospitalean bularra ematean “adituak” diren batzuk, Conchi gure kasuan, salbazioa izan zen). Ez da erraza. Ezin duzu ia mugitu, mina duzu, haurra ezin duzu ondo heldu… eta zesareak berak ere, esnearen igoera zaildu egiten du, anestesiak eta sartu dizkizuten beste “droga” guztiek bezala… baina pazientzia eta laguntzarekin gutxinaka lortu daiteke. Guk, lehen bi egunetan, “esnearen igoera” izan arte, bularra eman ondoren, xiringa bidez “konplementua” (biberoierako erabiltzen den formula) eman behar izan genion, baina orain bularra primeran hartzen du.

Lehen bi egunetan ez dizute jatekorik emango, sueroa eta likidoak izango dituzu bakarrik. Txiza biltzen duen sonda, lehenengo egunaren amaieran kenduko dizute, ateratzen den likidoaren arabera, anestesia ahalik eta gehien bota behar baita, eta horretarako sueroak jarriko dizkizute zainetik. Txizagura bueltatzea beste kontu bat da, sarri, maskuria lo geratzen baita bai anestesia zein sondaren ondorioz. Nik arazoak izan ditut txizagurarekin duela 4-5 egun arte (19 egun dira zesarea egin zidatenetik). Zehazki, txizagura ez nuen nabaritzen maskuria lehertu beharrean izan arte, eta mina, ziztada… oso gogorrak izan arte, “bazinilla” jarri eta txiza egiteko agindua gorputzari ematea asko kostatzen zitzaidan hasieran eta ohartu gabe, txiza gehiegi pilatzen zitzaidan. Gomendio bezala, nik, alboan laguntzen duzunari, 3-4 orduro txiza egiten saiatzeko gogoraraztea eskatzea emango nuke.

Bigarren egunean, auxiliarrek ohean bertan garbituko zaituzte eta kanpoko zikatriza babesten duen “pegatina” modukoa kenduko dizute ginekologoa etorri aurretik, ginekologoak begiratuko dizu, likidoa hartzeko agindu, bularra nola dagoen begiratu, umetokia bere tokira nola joaten ari den ikutu sabelean eta dieta oso biguna ekartzeko eskatuko dio erizainari. Eta joan aurretik altxatzen hasteko aginduko dizu. Ez saiatu bakarrik altxatzen. Erizainek lagunduko dizute, nola egin behar duzun esan eta mugimendu egokiak egiten lagunduko dizute. Zorabiatu eta lurrera erortzeko arriskua dago, beraz, ez saiatu bakarrik zaudenean altxatzen behintzat. Nik, lehenengoz altxatu nindutenean, aulki batean eseri eta minutu batzuetara 4 erizainen laguntza behar izan nuen ohera bueltatzeko zorabiatzen hasita bainengoen. Kontuan hartu, eroriz gero, gorpuzkera txarren bat hartu eta puntuak zabaldu… eta izugarrizko mina hartzeko arriskua duzula.

Oso beltza ematen duen arren, egunetik egunera hobeto sentitzen joango zara. Egunez egun, pauso erraldoiak emango dituzu, baina poliki joan, astakeriak gero ordaindu beharko dituzu eta.

Esan bezala, egunetik egunera hobeto egongo zara. Hirugarren egunean kenduko dizute besoko zainbarnekoa dena ondo badoa, eta mina arintzekoak ahoz hartzen hasiko zara beharrez gero. Janari normala ere hirugarren egunean emango dizute eta esnearen igoera ere, egun horretan izaten da… beraz, egun hori positibo samarra izaten da, haurrak bularra ondo hartzen badu… Hurrengo egunean alta emango dizute dena ondo badago, baina laguntza asko beharko duzu.

Mugitzea asko kostako zaizu, indar falta izango duzu eta gainera, mina mugimendu askorekin, ibiltzea ere kostako zaizu eta haurrarekin, ospitalean bezala laguntza izatea komeni da (sehaskatik hartu, besoetan hartu, pardela aldatu, bainatu… egiteko moduan askotan ez baitzara sentituko).

Eta laugarren egunean, goizean ginekologoak ikusiko zaitu, dena ondo badago alta emango dizu. Haurra ere, pediatrak ikusiko du joan aurretik eta paperak ematen dizkizutenean etxeko abentura hasiko da.

Advertisements
 

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s