sabeletikmundura

Amatasunaren abenturari ekiteko bidean sorturiko bloga. Erabakia hartu genuenetik auskalo noiz artekoa.

Prestakuntzaren 3.eguna, ospitalera noiz joan. (33+1) 2012/06/04

Filed under: Haurdunaldia,Hirugarren hiruhilekoa,Medikuntzakoak — sabeletikmundura @ 5:07 pm

Hirugarren astelehena, hirugarren eskola gaur. Erditzeko unea noiz iritsi den eta ospitalera joateko denborak zein diren azaldu digu gaur lehen zatian eta ondoren erditzeko minaz aritu gara. Labur-labur:

Erditzea hasi da, 37. astetik aurrera bi hauetakoren bat gertatzen zaigunean:

– Poltsa hautsi dugu (beraz, likido amniotikoa galtzen ari gara).

– Kontrakzio erregularrak ditugu (gutxienez 6 kontrakzio intentsitate, iraupen eta tarte berekoak, edo ordu betez kontrakzio berdinak baditugu).

Erditzeko lana hasi dela esateak ez du esan nahi berehala ospitalera joan behar dugunik (nahiz eta hala nahi bada, eta erditzeko lana hasi bada, ospitalera joan eta ingresatzeko aukera dagoen -horrek han igaro beharreko denbora luzatuko du-).

Poltsa hautsi badugu hiru kasu daude:

-likidoa zikina bada (berdea) mekonio dagoela esan nahi du eta presarik gabe baina gelditu gabe joan behar da bai edo bai. Ura zikina egoteak ez du haurraren sufrimendua esan nahi kasurik gehienetan, baina %3 inguruan bai, eta zure kasua zein den ezin daitekenez jakin, ura zikina bada ospitalera joatea gomendatzen da poltsa hautsi eta ondorengo 2 orduen barruan.

-likidoa garbia bada eta B taldeko estreptokokosaren proban negatibo eman badugu (proba 35 aste inguruan egiten da) ospitalera joateko segurtasunezko epea 24 ordukoa da, beraz, presarik gabe lasai egotea gomendatzen da kontrakzioak hasi eta deskantsatu eta ondo jan ahal izateko.

-likidoa garbia bada eta B taldeko estreptokokosaren proban positibo eman badugu ordea, epe hori 6-8 ordura jeisten da. Positibo eman badugu haurrari bakteria ez kutsatzeko eta gaixotasun posibleak ekiditeko poltsa hautsi eta 8 ordura antibiotikoen tratamendua hasten da, 6 orduro injekzio bidez.

Beraz, poltsa hautsi badugu, 37.astetik aurrera, erditzea hasi dela esan daiteke baina kontrakzioak hasi arte erditzeko “lana” hasi ez dela esaten da. Poltsa hautsi eta gutxienez 24 ordu itxaroten da ea kontrakzioak era naturalean hasten diren eta bestela, oxitozina bidez edo indukzioa hasten da. Horregatik, ura garbia denean, etxean lasai egotea gomendatzen da oxitozina isurtzen errazago hasteko ospitaleko estresik gabe.

Kontrakzio erregularrekin hasi bagara:

Kontrakzio erregularrak baditugu, erditzeko lana hasi dela esaten da eta nahi denean ingresatu daiteke ospitalean, dena den, ez dago presarik eta kontrakzioen arabera egin behar da ospitalerako bidea.

Guri, erreferentziatzat hau eman digute: intentsitate maximoan 30 segundu irauten duten kontrakzioak 5 minuturo baditugu, normalean 10 ordu inguruko erditzea izango da (lehen haurra bada) eta ospitalera lan erdia inguru egina dagoenean joatea gomendatzen da. Gutxi gora behera kontrakzio erregularrak erritmo horretan ditugunetik 5-6 ordura.

Noski, kontrakzioak nolakoak izango diren ezin da aurretik jakin eta denbora guztian tarte eta intentsitate berekoak izango diren ere ez, beraz hori gutxi gora beherako erreferentzia da. Intentsitate maximoak denbora gutxiago edo gehiago irauten badu, edo kontrakzio bat hasi eta hurrengoa hasi bitarteko tartea luze edo motzagoa bada, ordu hoiek gehiago edo gutxiago izan daitezke. Erreferentzia bat besterik ez da. Ospitalera bakoitzaren izaera eta unearen araberakoa izango da, baina normalean, dena ondo badoa, lasai egoteko denbora dagoela gogorarazi digute.

Ondoren, erditzeko minaren inguruan hitz egin dugu. Minean kontzentratu beharrean, helburuan eta motibazioan zentratzen saiatzeko esan digu eta bikoteek horretan lagundu behar dutela. Azken batean, saririk handiena duen mina baita, eta oso argi izan behar dugula hasi eta bukatzen den zerbait dela, eta kontrakzio bakoitza bidean eginiko pauso bat gutxiago dela, beraz, urrats bakoitzagatik pozik egoten saiatu behar dugula, haurra besoetan izateko unea gertuago baitugu.

Pena gaur, mutil kopuruak berriro behera egin duela. Gaur, 13 haurdun eta bi mutil egon gara.

Advertisements
 

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s