sabeletikmundura

Amatasunaren abenturari ekiteko bidean sorturiko bloga. Erabakia hartu genuenetik auskalo noiz artekoa.

Biluztasuna (31+5) 2012/05/24

Filed under: Haurdunaldia,Hirugarren hiruhilekoa,Sentimenduak — sabeletikmundura @ 11:45 pm

Haurdunaldiak badu zerbait berezia, naturala, barne-barnekoa. Haurdun zaudenean zure gorputzak erritmo naturalak hartzen ditu, berezkoak, eta nahiz eta zuk gaur egungo bizi erritmo eta egin beharren arabera aldatzeko asmoa izan, normalean berak irabazten du.

Eta hala izan behar du. Zure eguneroko erritmo eroa jarraitu nahi izan arren, gorputzak nekea eta logurea bidaltzen dizu, etengabe, gera zaitezen. Gorputzari entzuten ikasten duzu. Azukrea edo gatza eskatzen dizu, ibiltzea edo etzatea, negar egitea edo barre egitea, postura bat edo beste bat…

Eta animali izaera hori dakarkizu. Haurdunaldian zure gorputzak bidaltzen dizkizun seinaleek ez dute gaur egungo bizi erritmoaren berri, ez dute errespetatzen XXI.mendeak ekarri digun eromena… milaka eta milaka urtetan zehar garatu den eta gure geneetan daramagun zerbaitek bidaltzen dizkigu seinale hoiek, horrek bihurtzen gaitu animali.

Eta bide horretan, nik behintzat, biluztasuna dut egoera erosoen. Baliteke arropa asko deseoroso ditudalako izatea, gorputza horrenbeste aldatu izanak eta azalaren sentikortasunaren aldaketak sortzea “behar” hori… baina nik hori baina gehiago dela uste dut. Animali izate horrek eskatzen duen zerbait dela. Dutxa eta bainu gehiago eskatzen dizkidan bezala. Urarekin harreman zuzenagoa. Plazer handiagoa sortzen duena. Eta uretatik ateratzean biluzik etzatea, eta halaxe jarraitzea tarte luzez. Hoztu gabe noski, zerbaitekin estali behar bada estalita, baina arropa, ezkutatze hori ekidinez.

Advertisements