sabeletikmundura

Amatasunaren abenturari ekiteko bidean sorturiko bloga. Erabakia hartu genuenetik auskalo noiz artekoa.

Sabelarekin bizitzea (25+4) 2012/04/12

Filed under: Bigarren hiruhilekoa,Haurdunaldia — sabeletikmundura @ 1:36 pm

Tentsioa dirudienez hobetoxeago daukat azken egunetan, baina “behar” baino apur bat denbora gehiago zutik igarotzen badut edo nire oraingo errutinatik kanpo dagoen zerbait eginez gero odol tanta batzuk galtzen jarraitzen dut… beraz, dirudienez ez dago dena egon behar lukeen bezala. Batez ere, eguneroko “errutina” hori, ohetik komunera eta sofara joatean oinarritzen delako, tarteka 10 bat minutuz zutik egoteko lizentzia ematen diot nire gorputzari, batez ere, gosaria, bazkaria… prestatu eta estiramenduak… egiteko.

Baina gaur ez nator gauza horietaz idaztera… sabelarekin sortzen den elkarbizitzaz hitz egitera baizik. Azken batean, sabela hazten doan bitartean, elkarbizitza moduko bat sortu behar baita berarekin. Errazak diruditen gauzetan ere oztopoak sortzen direlako. Arroparen kontua alde batera utzita (eta ez da batere gai samurra, askotan zaila da bularra edo sabela sartzen den arropa topatzea eta), sabelak beste zenbait “eragozpen” sortzen baititu.

Etzanda egotetik, edo eserita egotetik altxatzea askoz baldarragoa bihurtzen da, ekintza konplexua, are gehiago, lurrean eseritzeko ohitura baduzu, lurretik zutik jartzerainoko prozesua guztiz aldatzen da, oreka puntua aldatu delako, sabelaren tamaina bera zenbait mugimendu egiteko oztopo bihurtzen delako… Beraz, lehen azkar egiten zenituen mugimendu asko desagertu egin dira eta askoz motelagoek hartu dute beraien lekua. Kotxetik sartu eta ateratzea ere prozesu zail samar bihurtzen da. Atea askoz gehiago irikitzeko lekua behar da, eseri eta altxatzeko teknika berriak… eta askotan, ingurukoentzat barregarri samarrak diren egoerak sortzen dira, eta bai, nola ez, baita sabela daramanarentzat ere.

Txiza egiteko gogoak ere maiztasun askoz handiagoa du sabelean dagoen bizidun berriak hartzen duen tokiak maskuria zapaltzen baitu eta likido askoz gehiago baitugu gorputzean, eta gainera, gogoa ia berehalakoa bihurtzen da… beraz, ahal bezala altxa eta erdi korrika joaten zara askotan komunera. Komunean eseritzeko modua bera ere aldatu egiten da, sabelak bere tokia uneoro exijitzen baitu.

Etzateak ere baditu bere komeriak… lotarako edo etzanda egoteko posturak aldatu egiten dira, buruz behera jartzea ia ez zaizu bururatu ere egiten, eta buruz gora ere, sarri ez zaude eroso edo ona ez dela irakurtzen duzu han eta hemengo liburu edo web-etan. Egokiena, ezkerreko aldearen gainean etzatea da, eta kuxina erabiltzea eroso jartzeko. Eta noski, etzanda egon ondoren, altxa egin behar da…

Edozein mugimendu egiterakoan kontuan hartu behar da sabela orain, zu baina aurrerago doala ez baduzu kolperik hartu nahi behintzat (eta asko jasoko dituzu bestela ere…). Ohitu egin behar da armairuak edo ateak irikitzeko leku gehiago behar dela, pasatzeko tarte handiagoak behar direla…

Eta otorduetan, mahaia urrunago duzularekin ohitu behar duzu…

Ibili edo eskailerak igotzeko era aldatu egiten da…

Ez hori bakarrik, une bat iristen da non dagoeneko ez zaren zure sabelaren azpiko aldea ikusteko gai ispilu batekin ez bada, eta oineko azkazalak moztea abentura bihurtzen da, sabelak ohiko posturak eragozten dituelako…

Eta orain gogoratzen ez ditudan beste zenbait kontu. Baina gauza guzti horiekin ere, sabela izatea izugarri polita da, egunero nola hazten den ikustea eta zure forma ohikoa aldatzen doala ikustea zoragarria da. Eta gainera, barruan daukan “saria” zein den jakinik, are gehiago.

Advertisements
 

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s