sabeletikmundura

Amatasunaren abenturari ekiteko bidean sorturiko bloga. Erabakia hartu genuenetik auskalo noiz artekoa.

Sustoa… eta lasaitua. (7+4) 2011/12/08

Filed under: Haurdunaldia,Lehen hiru hilabeteak,Medikuntzakoak — sabeletikmundura @ 11:14 pm

Haurdunaldiko lehen hiru hilabeteetan (eta aurrerago ere) beldur handiena sortzen duena haurra galtzea da. Eta aborto naturalaren lehen sintometako bat sarri, odola galtzea izaten da. Nahiz eta haurdunaldi dexentetan arrazoi desberdinengatik ematen diren odol galera txikiak (edo handixeagoak) izugarrizko beldurra eta sustoa hartu dugu gaur pixa egin ondoren garbitzean, odol arrasto txiki bat zegoela ikustean. Lasai hartu eta arratsaldera arte ez kasorik egitea erabaki dugu, arratsaldean jarraitzen bazuen, orduan erabakiko genuen zer egin. Eta halaxe izan da, arratsaldean ere oraindik paperak odol arrastoak erakusten zituen. Dutxatu, jantzi eta larrialdietara joan gara.

Sarrerako emakumeari gertaturikoa azaldu eta ginekologiako larrialdietako itxaron gelara eraman gaituzte. Hantxe, erditze geletako kanpoaldean, haurra izan berri dutenen gelen alboan. Eseri eta berehala etorri zaigu erizain bat gertaturikoaz galdetzera: zenbat asteko zaude? zenbat odol galdu duzu? hilerokoarekin beste? gehiago? gutxiago? minik bai? Labur-labur erantzun guztiak apuntatu ditu eta berriro eseri eta pixka bat itxaroteko esan digu. Hantxe eman dugu ia ordubete. Une batzuetan urduriago, besteetan elkar lasaitu asmoz broma txikiak eginez, beste batzuetan serio eta bakoitza bere pentsamendu eta beldurretan murgilduta. Bat-batean, deitu egin gaituzte. Kontsultako gelara sartu, gertaturikoa azaldu, haurdunaldiko kartilla erakutsi eta gerritik behera biluztu eta ginekologiako ohe-aulki arraro eta deserosoan eseritzeko esan dit. Hantxe jarri, posturarik antierotikoenean, eta ginekologoa begira hasi da. Tresna desberdinekin, tentsioa eta tenperatura beste erizain batek hartzen zizkidan bitartean. Odol arrastoak bazeudela esan du eta ekografia egingo zigula. Orduan etorri da mutilaguna-aitagaia albora. Eta bat-batean pantailan argi ikusi dugu. Oraindik ez du gizaki itxura, zerbait luzea da, hiru atal nagusi dituena gutxi-gora-behera, burua (handia), bihotza erdi-erdian eta etengabe taupada indartsu eta azkarrekin, eta behekaldean hankak izango direna biltzen duen beste boltsatso antzeko bat. “Todo está bien, late con fuerza”.

Ez genuen gehiago behar. Dena ondo dago. Leku egokian dago kokatua, neurriz ondo dago duen denborarako 9,5mm eta bihotza indartsu du dardarka.

Odol arrastoez galdetzean, normala ez dela esaten dutela baina zergatik den ez dakitela esan digu. Lasai hartzeko. “Reposo relativo”. Asko zaintzeko eta esfortzurik ez egiteko. Beraz, asteburu luze hau horretarako aprobetxatuko dut, sofatik ohera eta ohetik sofara, eta bitartean ahalik eta mimorik gehienak jaso. Gehiagora badoa edo mina badut bueltatzeko, bestela lasai egoteko, pasako dela. Kontsultatik atera eta ospitaleko irteera bilatzen ari ginela, biok malkoa begi ertzean, irribarrea ahoan eta nik eskuak sabelean, arnasa sakon hartu dugu. Ondo dago. Eta bat bakarra da.

Lasaitu bikoitza.

Gomendioa, ospitalean bertan eman didatena. Horrelako gauzak gertatzean, odol arrastoak, min handia edo beste edozer, hobe berehala joatea.

Gaur behintzat, kezka puntu bat bai baina lasaitua izugarria izan da. Eta barnean bi bihotz taupaka, indartsu dituzula ikustearen sentsazioa oso polita. Azken batean, haurdunaldiko testak aparte, lehen seinalea da benetan haurdunaldia egiazkoa dela. Bizitza bat dut nire barruan. Orain biongatik deskantsatzera noa.

Advertisements
 

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s