sabeletikmundura

Amatasunaren abenturari ekiteko bidean sorturiko bloga. Erabakia hartu genuenetik auskalo noiz artekoa.

Haurrak izatea “modan”? 2011/10/12

Filed under: Haurdunaldi aurretik — sabeletikmundura @ 12:11 am

Azken aldian jende askori entzun diot hau eta hurak haur txiki bat izan berri dutela, edo haurdun daudela… eta kalean ere haur aulkitxo eta sabel handiak edonon ikusten dira. Agian nire irudipena besterik ez da izango, baina haurrak izatea berriro “modan” dagoela iruditzen zait…

Gure belaunaldian, gehien-gehienak seme-alaba bakarrak edo bi anai-arreba izaten ginen… orain hiru anai-arrebako familia piloa ikusten ditugu inguruan… gehientxuenak haur txikiekin eta gainera oso jarraian (bat-bi urteko desberdintasunarekin). Eta horrek ere zalantza sorta pizten dit…

Nik (eta guk ere esango dut ia ziur), haur bat izateko nahia badut, haur hori hazten ikusteko, gozatzeko da… eta bikiak edo hirukiak etorriko balira, iruditzen zait prozesu horretan gozamenaren zati handi bat, bi edo hiru izatearen lanak jango duela… eta berdina pentsatzen dut haurrak oso jarraian dituztenen kasuan.

Nik beti pentsatu izan dut haur bat eta bestearen artean nahikoa denbora egon behar dela biengandik gozatu ahal izateko. Hau da, lehena eta bigarrenaren artean, gutxienez, lehenengoa “askatzera” arteko denbora egon behar dela. 3 bat urte. Zaharrena ibili, eta gauza asko bakarrik egiteko gai izan dadin, zaharrenak txikiaz ere gozatzeko gaitasuna izan dezan, prozesu horren parte izan dadin, eta dependentzia txikiagoa izan dadin eguna bi ume zintzilik dituzula igaro behar ez izateko.

Baina tira… ezin jakin zer etor daiteken, ezta etorriko den ere… baina eskatzen hasita… bakarra eta mutila nahiko nituzke nik…